ENAK du ustezko lotura. Anitzetan telebistan agertzen diren albiste lotsagarri eta espero-gaitzak batera plazaratzen dira, batak bestea estaltzeko edota jateko xedez, disimuluz, edota sarritan, inolako disimulurik gabe. Horixe pentsatu nuen, Auzitegi Gorenak Kataluniako Generalitateko lehendakari Quim Torra kargu publikoetarako inhabilitatu zuela, eta handik gutxira, Espainiako Auzitegi Nazionalak Bankia burtsara ateratzeagatik auzipetuta zeuden makina bat lotsabako absolbitu zituela entzun nuenean. Biak batera, biak tarte labur batean aireratutako albisteak izan ziren. Zeinek jan du bestea? Zein ahaztuko da lehenago? Aldarrikapen politikoak judizializatzeaz gain, Kataluniako autogobernuaren kontrako eraso bortitza izan da inhabilitazioa (eskuinak maniobra hori oso egoki ikusi duen arren).

Orduan, ahaztuko da Espainiako Estatu bananeroan bankuaren erreskate batean inoiz erabilitako diru-publiko kantitaterik handiena izan zela? (22.000 milioi euro izan ziren) Ahaztuko da Rajoyk bideratu zuela operazio hura?

Orduan zertara dator albiste bi batera kaleratzea? Agian auzitegi horien hariak mugitzen dituzten botere faktikoek badakitelako Kataluniako independismoak herri handienetako plaza askotan zaleen elkarretaratzeak deituko dituela; agian liskarrak egongo dira eta horiexek dira, hain zuzen ere, albistegi guztietako portadak zabalduko dituzten berri sentsazionalistak, gertatutako manifestazioak eta biolentoen ekintzak. Beste guztiak ez du inolako garrantzirik.

Baina argi dago zerbait estaldu nahi dela. Agian PPren finantzaketa ilegala ez azaleratzeko burutu zen Kitchen auzia? Kasu horretan, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohia, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohia, eta Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia zikinduta agertu dira. Belar txarrekoak ziren, argi eta garbi, baina hori guztia lehen aipaturiko disimuluz estali nahi da, beste notizia askoz deigarriago batekin.

Baina ez dakiguna dakiguna baino itzelagoa izango da, zaudete seguru.