AI edo barregarri eta lotsagarri gelditu, edo nabarmen geratu, edota bazterrak lotsatzen ibili. Hots, erridikulu galanta. Hori da Madrileko Erkidegoko presidentea den Isabel Diaz Ayusok tai gabe egiten duena. PPko politikariak, berez ez dira politikariak, ez dakite zer den politika egitea. Eta erraza da, politikaren bidez herrialdeak eta hiriak gobernatu egiten dira, eta edozein ekintza bideratu behar da gizartearentzat probetxuzkoa izan dadin. Ez da nabarmenkeriatan ibiltzea, guztion diruaz probestea, ez da besteon kontra iritzi haluzinagarriekin aritzea, ez da gezurretan edota azpijokoetan ibiltzea.

Baina makina bat tokitan horrela egiten dute. Egunotan deigarria da Madrilen gertatzen ari dena. Duela egun batzuk, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Isabel Diaz Ayuso presidentea elkarturik ikusi nituen telebistan. Beno, ikusi edo, izan ere, milaka bandera zeuden atzean, eta horrek erakarri zuen nire atentzioa. Bai, hogeita piku bandera, koreografia koloretsu ederrean jarrita, betiko legez, patriotismoarekin eta trapuekin benetako arazoak estaltzeko helburuz. Batzar hartako helburua covid-19aren aurkako estrategia eta kooperazio sendo bat bideratzea izan omen zen. Egunak iragan dira handik hona, eta liskarrak bere intentsitatea handitu du. Madrilgo emakume horrek ez ditu gobernuak luzaturiko gomendioak onartu nahi izan, eta errebelatu egin da. Zergatik ez dute berehala 155 bat aplikatzen?

Bitartean hiriburuko kaleetan behin eta berriz kontzentratzen dira osasun langileak kexaka, bai eta hainbat auzunetako biztanleak ere. Bi pertsona multzoak kalera atera dira bestelako neurriak eskatzeko. Medikuak eskatzen dituzte, eta Ayusok polizia eta ejertzitoaren interbentzioa lehenetsi du. Ondorioz, errepresio biolentoa izan da jaso dutena. Ultrek kaleak hartu zituztenean ez zen ezer ere gertatu, baina Vallecaseko lagunak kolpatu dituzte bortizki. Ayusok amabirjinaren aurpegia jartzeko eta errotondak inauguratzeko balioko du baina arazoak konpontzeko ez. Erredikulu handiegia egin du dagoeneko. Eginbehar horretarako ezgai da, PPko askoren moduan.