ICHAEL J. Sandel filosofo eta Harvardeko irakasleak mende honetako jakintzaren etsai handienetako bat bezala aipatzen du distrazioa. "Gure garaian distrazioa da jakintzaren etsai handiena", dio bere klaseetan tablet eta ordenagailu eramangarriak erabiltzea debekatzen duen irakasleak. Denok dakigu azken aldian jarrera hau orokortu eta areagotu egin dela gure artean sare sozialekin, telefono mugikorrekin... baina, hau onartzeaz gain, ondo legoke geure buruari galdetzea zer ari garen zehazki galtzen erne ez egotearen erruz, zer den ikusten ez duguna, egiten ez duguna.

Izan ere, agian distrazio teknologiko hauek, kulturaz mozorrotutako kontsumorako eta entretenimendurako beste objektu batzuekin batera, munduaren benetako pultsutik, bere errealitatetik, aldentzen gaituzte. Agian, begiak estaltzen dizkigute eta itsutu egiten gairtuzte gure gizartean gero eta indartsuagoa den indibidualismoaren aurrean, mugarik ez duen kontsumismoaren aurrean, gero eta konplexu gitxiagorekin agertzen den indarkeria itsuaren aurrean€ Eta, honez gain, arazo komunei aurre egiteko funtsezkoa den zerbaitetik urruntzen gaitu anestesiatuta egoteko modu honek: guztion ongiaren kontzientziatik, komunitate gisa jarduteko dugun ahalmenetik.

Izan ere, Sandelen ustez, distrazioaz gain, indibidualismoa da gure garaiko beste etsairik handienetako bat, eta, haren ustez, gizarte justuago bat lortzeko, egungo distraziotik ateratzeaz gain, beharrezkoa da gizartean sentimendu komunitario bizi bat suspertzea, taldearekiko kezka bat, guztion ongiaren kontzientzia bat.

Izan ere, distrazioaren eraginez seguru aski, ez dugu garbi ikusi indibidualismoak ahulago bihurtzen gaituela, zaurgarriago edozein krisialdiren aurrean. Pandemiarekin inoiz baino argiago ikusi dugu hau. Ikasi beharko genukeen lezioetako bat horixe bera da: munduko arazo handiak taldean bakarrik konpon daitezkeela. Gizarte honetako pertsona guztiok elkarrekin zerbait osatzen dugula sentitzen badugu bakarrik iritsiko dira egunen batean konponbideak. Baina horretarako adi egon behar, inguruan distrazio gehiegirik gabe.