Erredakzio-mahaia

Ausazkotasun absurdoa

05.07.2020 | 00:14
Ausazkotasun absurdoa

Deseskaladan geundela logikaren betaurrekoak jantzi eta ingurura so egitean begiak txitxiltzen banituen, normaltasun berriarekin ez dut afera konpon-tzerik izan. Lehen aldiz tenperatura hartu didate infragorridun termometro batekin prentsaurreko batera sartu ahal izateko. Eskuak gelarekin garbitu ondoren, bertaratutakoen artean bi metroko distantzia ziurtatzen den areto batera sarrarazi naute. Egun batzuk geroago, beste deialdi batera aurkeztu naiz. Kazetaritzako argotean kanutazo bezala ezagutzen dugun sistemaren bidez hartu behar izan ditugu adierazpenak; hau da, delako protagonista ahal bezala mikrofonoz inguratu dugu hamar bat profesionalek. Bera maskararik gabe mintzatu da, ordezkari politikoak txistu-partikulak jaurtitzen ez dituzten dibinitateak dira eta. Antzeko ausazkotasun absurdoa sumatzen dut beste esparru batzutan. Kinka larrian dagoen kulturan gorriak ikusten ari dira ekitaldiak antolatzeko. Euskalduna Jauregian, esaterako, edukiera erdira murriztu dute udan antolatu dituzten ikuskizunetara jendea kutsatzeko beldur gabe gerturatu dadin. Baina ez bakarrik horregatik: zinema-areto zein antzokiek bere aforoaren %60arekin baino ezin dezakete zabaldu. Bitartean, tabernek, kasik lehengo edukiera berreskuratzeaz gain, espazio publiko gehiago bereganatzeko erabili dute terrazak jartzeko eskaini zaien malgutasuna. Ostalaritzaren lobbyak ondo jokatu du bere baza. Eta niri betaurrekoak aldatzeko ordua heldu zait.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia