Azterketa gatxa eukan Athleticek Ligaren itzulerako lehen partiduan eta ederto erantzun eban. Talde bakotxak bere betiko estiloari eutsi eutsan eta amaierako bardinketak ondo erakusten dau bedartza ganean gertatutakoa zein lehiakide bien artean izandako borroka gogorra. Garitanok ontzat emon eban lortutako puntua. Izan be, Athleticeko entrena-tzaileak ondo baino hobeto daki bere taldeak hiru puntuak eskuratzeko aukerea izan baeban be, ezer barik geratzeko zorian be egon zala, norgehiagokaren azken txanpan batez be.
Gaizka Garitanoren taldeak ederto daki zertara jokatzen dauen. Talde sendoa da beste gauza guztien ganetik eta gatxa menderatzeko edozein aurkarirentzat. Atletico de Madriden aurkako partiduan, etxeko taldeari kostau egin jakon lehian sartzea. Apurka apurka, Iker Muniainen jokoan sartu ahala, zuri-gorriak arriskua sortzen hasi ziran aurkariaren atean. Nagusitasun horren ondorioz etorri zen Muniainen gola, aurretik Yeray Oblak gaindi-tzeko zorian izan ostean. Zoritxarrez, Athleticeko zentrala ez zen fin ibili koltxoneroen hurrengo erasoaldian eta bardinketaren gola sartzeko aukerea zabaldu eutsan aurkariari.
Partiduaren azken ordu erdian Simeonek garaipena eskura-tzeko apostua bota eban Morata, Lemar eta Arias zelairatuta. Garitanoren aldaketak beste bide batetik joan ziran, Cordoba eta Unai Lopez kendu eta Vesga eta Sancet atarata. Atletico de Madrid nagusitzen ari zala ikusita, berdinketea ontzat emon eta Nuñez eta De Marcos zelairatu zituan taldea sendotzeko asmoagaz. Erabagia ulergarria dala esan geinke aurkariaren kalidadea ikusita.
Athleticek lau partidu jokatuko ditu datozen bederatzi egunetan. Raul Garciak partidu osoa jokatu eban Atleticoren aurka, Williamsek 91 minutu eta Muniainek 82. Bihar beste norgehiagoka bat jokatuko dabe Eibarren. Garbi dago, erritmo horretan ezin dabela luzaroan jarraitu, errementau egingo dira-eta. Esan beharrik ez dago, liga txapelketea amaitzeko geratzen diran hamar partiduetan oso garrantzitsua izango dala asmatzea plantilearen kudeaketea egiteko orduan. Beraz, aldaketak itxaron behar doguz bihar Ipuruan Athleticek zelairatuko dauen hamaikakoan. Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen dauen taldeak ez dauka Atletico de Madriden kalidadea baina eibartarrek puntu bira daukiez bigarren mailara jaisteko postuak eta gorputz eta arima ipiniko dabe zelaian lehoien aurkako partidua irabazteko. Gaizka Larrazabal eta Iñigo Lekue lako jokalariak ikusi gura dodaz bedar-tzan, erasoko jokoari zorroztasuna emoteko batez be.