Heriotza horren harira sortutako liskarrak in crescendo joan dira. Nekeak, higuinak eta inpotentziak gainez egin dute populuan, eta injustizia horren aurrean ahotsak gogor altxatu dira, gainera maila sozial guztietatik. Eta orain, munduko balizko herrialderik boteretsuena, betidanik lurraren jabe bilakatu nahi izan duena, maldan behera doa, kataklismo sozial eta ekonomiko baterantz, norabide eta egoera tamalgarria zuzentzeko gaitasunik erakusten ez duen lidergorik gabeko izokin koloreko presidentea buru daukatelarik.

Azaroan izango dira hantxe hauteskundeak eta AEBtako biztanleek eskura dute pertsona hori frontetik kentzeko ahalbidea eta abagunea, beti ere botoaren bidez. Baina eskuina oso indartuta dago hantxe, eta dituzten pribilegioak ez dituzte galdu nahi, Espainian gertatzen den moduan. Han armak dituzte eta arriskugarriak dira, Espainian bakan batzuk dira baina diru-meta dezente kontrolatzen dituzte maila ekonomikoan, eta antzinatik hona, ez dute ezer ere galdu. Isilik egon dira baina Espainiako kongresuan ordezkaritza lotsagarria eskuratu dute politikoak ez diren sasi-politikoek. Alderdi ultraeskuindarraren ahots nagusia Trump baboarekin bat etorri da beti, eta oraingo honetan ere ez du ahoan legarrik izan haren alde egiteko; horrek adierazten du zer-nolako jakituria edota ezaguera daukan.

Eskuinak aurrera egiten du eta galga jarri behar zaio nola edo hala, mundu hobea nahi izango badugu. Entzun dudanez, Espainiako Gobernuak delitu bihurtu nahi du Frankismoari gorazarre egitea. Tira, lehen urratsa da diktadoreei eta tiranoei inolako omenaldirik egin ez diezaieten, bai eta faxismoaren ideologian mugitzen diren alderdi politiko supremazistak legezkotasunik gabe utz ditzaten. Ezta?