URANGOKO Azokaren mamian txertatu zuten hainbat ilusioz zein lanez osatutako Zamorako apaiz kartzelaren dokumentala. Zine aretoaren lehen lerroetan protagonista eta haien senide batzuk eta ganeitiko besaulkiak haien lagunez bete, minutuz minutu aretoaren airea bera ere emozioz blai ipini zituen bata bestearen atzeko irudiak ikusiz, sentituz. Emozio haren eraginetik soilik ulertu nezake Amurizak, bizpahiru egun geroago eta astero duen irrati saio batean, bizitza osoan izan duen atalik garrantzitsuena Zamorako kartzelan bizitakoa izan duela. Zinez harritu ninduen. Ulertzekoa, agian, Euskal Herriari eta munduari utzi dion, eta oraindik darion, ondare kulturala beste batzuek azalera edo argitu behar luketela eta bere barnea osatzen dutenak sentimendu horiek izatea.

Artxibora jo dut 1971.eko abuztuaren 30an Anaitasuna hamabosterokan editatu genuen portadan Gabriel Arestiren "Mundu berri eta bizkor" izenburuaz, Xabier Amurizaren artilulu bat aurkezten duena. Seigarren orrialdean, "Virgilio" ezizena gehituz Torreburun sortutako bertsolari eta idazlearen artikulu luze samarra, Lur editorialaren eskariaz Zamora horretan euskaratu zuen Aldoux Huxley-ren Brave new world-ek ("Bai mundu berria") eman zizkion lan eta eragozpenak. "Nire ezjakintasuna baino oztopo latzagorik eta desesperagorriagorik aurkitu dut: hizkuntzaren beraren ezintasuna".

Ordurarte eta harrezkero Xabierrek euskal literaturari eta bertsolaritzari eskaini dionaren eredu txiki bat, besterik ez. Horiek edo antzekoak eta gehiago espero nituen Miren Amuriza, haren alabak, Jakin aldizkarian egin dion 63 orrialde luzeko elkar-hizketa amultsuan; baina arestian aipatu ditudan aitaren sentimendua, politika eta abadetzaren ingurukoetara mugatu da, erronka batez bukatzen den lana. Erronka ere Zamoran dokumentala egitetik bueltan Mirenek idatzitako Amurizatarren impresio batzuei buruz doa. Ez nuen famila aipatu nahi, Mirenek bere amari bertso ederrak eskaini dizkion eta elkar-hizketan Ama aipatu arren, Arantza Plazaren izena ezkutuan geratzen delako Amuriza bata zein bestearen biografietan.