Nirekin ez doazen elkarrizketak uste baino gehiagotan aditzen ditudala konturatu naiz. Eta gehienetan nahigabe izaten den arren, inoiz, hobeto entzuteko, aurikularren bolumena jaitsi dudala aitortzen dut. Horrela gertatu da metroan noala nire aldamenean dagoen tipo bat La isla de las tentaciones reality-ari buruz ari dela ohartutakoan. "Bikotea izanik arreske dauden pertsonak sartu dituzte paradisuko uharte baten", deskribatu dio Abando eta Moyua geltokien artean emakume bati. Badirudi ez naizela izan belarria zorroztu duen bakarra, beste gizon bat sartu baita haien solasaldian: "Itsas txakurren dokumental bat ikustealez da", gaineratu du, inoren bizitzan muturra sartzeko instintu eutsiezina nire kontua bakarrik ez dela baieztatuz. Are gehiago, txutxu-mutxurako joera batez ere etxeko intimitatean nabarmentzen dela esango nuke, pijama jantzita dugula. Zerk eman dezake adarrak jartzearen inguruko thriller batek baino morbo gehiago? Horregatik eskuratzen dute burmuinak husten dizkiguten programek -intelektuala izaten jarraitu nahi duenak ikusten dituela onartu ezin dituenak- duten arrakasta. Eta lortutako audientziaz aparte, sintomatikoa da koronabirusa harrapatzeko beldurra baino azkarrago hedatzen hasi izana telezaborrak sortzen dituen albisteak. Bestela proba ezazue Estefanía jar-tzen Google bilatzailean. Ile apaindegietako itxaronaldiak hainbeste dinamizatu dituen Monakoko printzesa jadanik ez da laugarren orrialdera arte agertzen.

aaraluzea@deia.eus