Polemika piztu du Fundeuk 2019a irudikatzeko aukeratutako berbak. Hasteko paradoxiko samarra dirudielako hitzen erabilpena deuseztatzen duten piktogramak izendatzeko erabiltzen den emoji berba hautetsi izana. Ez hori bakarrik. Aurreko urteetan gaurkotasunari estu lotutako populismo, aporofobia eta microplástico berbak hautatu ondoren, iraganera bidaiatu omen du fundazioak. Izan ere, azken belaunaldiko mugikorretan aurpegi irribarretsuak tekleatu baino askoz lehenago bidaltzen genituen desagertutako Messengerreraren bidez. Duela urteak gure gurasoek, presbizia zuzentzeko erabiltzen dituzten betaurrekoak jantzitza, musuaren ikurrak bidaltzen dizkigutela Whatsappetik. Eta horrela esanda badirudi lekuz kanpo egoterainoko atzerapenarekin datorrela Fundeuk iragarritako hautaketa retroa. Baina aurreko mendetik datozen marrazkitxoek badute bertute bat; edo bi, hobe esanda. Garaira egokitzen asmatu dute. Azken eguneratzetik, esaterako, genero neutroa barne hartzen dute beren ikurretan. Horren gainetik, ordea, beste dohain handiago bat dute: komunikazio tresna indartsua dira emozioak ñabartzeko. Ez baita berdina mezu batean “Hoa pikutara!” jarri ostean begi-keinua egiten duen aurpegi bat atxikitzea edo erdiko behatza altxatuta duen eskuaren ikurra bidaltzea. Hau da, emojiak ezinbesteko osagarri bihurtu dira hitzek esaten ez dutena adierazteko harreman birtualetan, batez ere aurrez aurrekoek haina pisu hartu duten garaiotan.

aaraluzea@deia.eus