EGUNOTAN, 50en bat artista euskaldun -etxean pobre, kanpoan jaun-, Edinburghen dira bertako nazioarteko dantza eta literatura jaialdietan partaide. Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez, Iban Zaldua, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano eta Miren Agur Meabe idazleak Eskoziako hainbat idazlerekin nahastuko dira, elkarrizketa eta solasean, euskaraz idatzitako literaturak gaur eskaintzen duenaren erakusgarri, Edinburgh International Book Festival jaialdian. Euskaditik joandako beste sei dantza eta kale-antzerki taldek, berriz, hiri eskoziarreko kale eta dantzalekuak hartuko dituzte arte eszenikoen arloan Euskadin zer garatzen ari den erakusteko Edinburgh Festival Fringe jaialdira mundu osotik etorritako programadoreen aurrean. Aurretik euskal musikari, dan-tzari eta zinegileak izan dira han, eta udazkenean unibertsitatearen txanda izango da. Etxepare Institutuaren eskutik euskal sorkuntzak Eskoziako jaialdiak hartu ditu aurten jomuga.

SCOTLAND GOES BASQUE Datozen hamabost egunetan zehar euskal artistek aukera izango dute Edinburgheko jaialdietara hurbiltzen diren Europa osoko bisitarien aurrean beren lanak aurkezteko eta udako kultura emanaldien artean berebiziko garrantzia duten Eskoziako agertokietan euskal kulturaren berri emateko. Esperantza daukagu,gainera, kulturak zabalduko duen bidea lagungarri izan daitekeela Euskadi eta Eskoziako erakundeen artean lankidetza berriak susta-tzeko.

Euskal kulturak, batez ere euskaraz sortutakoak, bere txikitasunean, behar-beharrezkoa du mundura ateratzea. Bereziki Europara. Herri bezala ezagunak izan nahi badugu nazioartean, zerbait izan behar dugu Europan, industriaren arloan, zientziarenean edo turismoarenean bezala, baita kulturaren eremuan ere. Eta horrek beste herrialde batzuetan ateak eta leihoak zabaltzera behartzen gaitu herri bezala, euskal literatura, musika, dantza, antzerkia edo artea ezagunagoak izan daitezen eta, gure neurrian, haiek ere Basque Country deituraren ezaugarri eta ordezkari izan daitezen.

Askotan irakurtzen eta esaten dugu, gure artean ari garela, euskal sorkuntzak inoizko momenturik hoberena bizi duela. Seguru horrela dela gure kulturaren historia laburraren beste aldi eta garai ba-tzuetan sortutakoarekin alderatzen badugu. Eta asko da. Baina nola ikusten ote gaituzte besteek? Gure oniritzi bera ote dute gure sorkuntzaren mailaz? Etxepare Institutuaren eskutik urtez urte mundura ateratzen diren sortzaileek, edo egunotan Eskozian direnek, aukera ezin hobea dute zuzenean jasotzeko kanpokoen iritzi hori.

KANPOAN ETA ETXEAN Nahi nuke gure artistak, egun batzuetarako behintzat, kanpoan jaun sentitzea, Edinburghen izango dituzten entzule eta ikusleen estimazioa jaso dutelako. Merezi dutelako.

Baina euskal artistok etxean ere jaun nahi genituzke, eta ez pobre. Eta horretarako kultura-sorkuntza erakargarriak behar ditugu, plazara indartsu aterako direnak. Eta kultura kontsumituko duten zaleak behar ditugu, gure sortzaileen uztarekin gustura sentituko diren irakurleak, dantzazaleak, ikusleak, musika, arte eta antzerkizaleak. Ez hori bakarrik, baina baita hori ere. Nola engaiatu euskal kulturak berezko behar lituzkeen har-tzaile horiek? Haiek gabe jai daukagu. Eta esango nuke horretan justu samar gabiltzala. Nola lortu gure sortzaileek eta beren sorkuntza, obra eta emanaldiek behar duten eta merezi luketen estimua?

Euskal kulturak nahitaezkoak ditu bi leiho horiek, barnekoa eta kanpokoa, zabaltzea. Barnekoa, bertako produktuak indartsuago jalgi daitezen plazara eta bertakook interes biziagoa erakuts dezagun gure kultura-produktuekiko. Eta kanpokoa, gure kultura mundura jalgi dadin, kanpokoekin neurtu dadin eta jende ororen estimua irabaz dezan.

Euskaditik mundura Eskoziako ekimenaren aurkezpena egin genuenean Bernardo Atxagak erronka jo zigun: zergatik ez Bilbon antolatu Glasgow eta Edinburghekoen mailako nazioarteko kultura jaialdiak? Ez da edonolako erronka. Seguru lagungarri izango litzatekeela gure kulturak behar dituen barne eta kanpoko leihoak zabaltzeko.

Metropoli handi baten tamainarik ez duen gure herri txiki honek hainbat jaialdi ditu urtean zehar kulturaren hainbat arlotan. Eta guztiek dute, deituran behintzat, nazioarte mailakoak izateko asmoa eta helburua. Literaturan, Gutun Zuria, Literaktum eta Durangoko Azoka. Musikan, Donostiako Hamabostaldia, hiru jazzaldi eta Getxo Folk jaialdia. Zinean, Zinemaldia, Zinebi edota Mendi Film Festival. Arte eszenikoetan,dFeria eta Gasteizko antzerki jaialdia, baita Leioako Umore Azoka ere. Zer beharko lukete jaialdiok benetan nazioarteko ikustaldi bihurtzeko eta gure kultura-sorkuntzaren erakusleiho izateko? Nahikoa ote nazioarteko izenlaguna erabiltzea? Agian, estrategia bateratu bat beharko lukete, eta beharrezkoa litzateke asmo hori bat etortzea jaialdion antola-tzaileen helburuekin. Eta hori ez da beti gertatuko, askotarikoak direlako antola-tzaileak eta bakoitzak bere interes bidezkoak dituelako. Baina uste dut merezi duela honetaz gogoeta egitea.

Bitartean, Edinburgheko jaialdiak erabiliko ditugu aurten, eta Quebecekoak 2020-2021ean, gure sortzaileek egiten dutenaren berri munduari ematen jarraitzeko.