Joan den zemendiaren 17an, Ibarretxe lehendakariak eta Pilar Kalzadak hitzaldi guztiz interesgarria emon eben Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Izenburua “Kultura da gakoa. Gernika eta Euskadi munduan” izan zan, eta mezua Euskadik munduan agirian egoteko premina daukala.

Mundu globalizatu honetan, gurea lako herrialde txiki batek ez dauka erraz bere burua erakustea, baina ahalegina egiteak merezidu dauela erakutsi eben, posible dalako unibertsaltasunak eta herri bakotxaren nortasun bereziak alkarregaz bat egitea.

Open Akademia Ibarretxe buru daukan Agirre Lehendakaria Centerren eta Agirre Lehendakari Fundazioaren ekimena da. Helburua da euskaldunon esperientzia hedatzea, zentzurik zabalenean, alkarregaz komunikatuta dagoan mundu honetan. ALC, EHUren barruan, mundu osoko unibersidadeakaz sareak egiten hasi da, Amerika Ipar eta Hegoaldean, Europan eta beste kontinenteetan, bere helburuen barri zabaltzeko. Eta helburuok baten laburtzen dira, “Marka Euskadi” zabaltzea. Marka horrek barruan hartzen dau munduari guk herri moduan emon geinkion guztia: hizkuntza, kultura, teknologia barriak, industriako esperientzia?

Gernika-Lumo amu ona izan daiteke, herrien arteko bakearen eta alkarbizitzaren ikurra dan aldetik. Aretoa bete-beterik egoala, gure etorkizunagaz konprometiduteko konbitea egin euskuen, danon artean sarea osatuz, Kennedy presidentearen mezua beteteko: “Ez galdetu zer egin behar dauen herriak nigaitik, galdetu zer egin neiken nik herriaren alde”.

Ibarretxe irakasle lez aurkeztu eben ekitaldian, orain hori dalako, baina gutako askorentzat, horrezaz ganera, inoiz euki dogun Lehendakaririk onena da ontxe be.