ESTANISLAO J. de Labayru Eleizbarrutiko Ikastegia 1977an sortu zen, Elizaren gerizpean, orduko sasoian ondino ez zegoen eta beste modurik euskara eta euskal kultura suspertuko zuen erakunde bat eratzeko. Sortzearekin, Labayru Ikastegiak batu egin zituen ordura arte euskal kulturaren inguruan egon ziren beste jarduera batzuk, Derioko Ikastaroa edo etnografia arloko ikerketak berbarako.

Gaspar Martinez izan zen Ikastegiaren lehen zuzendaria, Ander Manterolak hartu zuelarik urte batzuk geroago haren txanda. Hasiera bertatik lau arlo edo esparru nagusiren inguruan finkatu zen Labayru Ikastegiaren jarduera: euskararen irakaskuntza, euskal etnografia, euskal biblioteka eta euskal arloko argitalpenak. Ordutik hona, ondare zabala utzi du Labayru Ikastegiak: 17.000 ikasletik gora alfabetatu edo euskaldundu dira Ikastegiko eskoletan; hamaika Etniker talde zuzendu dira bertatik; 150 lagun baino gehiago ibili dira beharrean Ikastegian bertan edo bere proiektuetan; euskal bibliotekan, 67.000 aletik gora daude batuta; 90.000 sarrera dituen hiztegia argitaratu du, esakuneekin eta adibideekin hornituta; argitalpenak, 400dik gora, euskal arlokoak denak (gramatikak, literatura-sorkuntza, klasikoak, ondarea eta etnografia, ikasteko metodoak, ariketa-koadernoak eta abar); argazkien eta kartelen bilduma handia...

Labayru Ikastegia itaurrekoa da bizkaieran, eta hasieratik proposatu zuen bizkaiera literario bat, bizkaiera jasoa, bizkaierako idazle klasikoak eredugarri hartuta. Ikastegiaren pentsaera izan da hizkuntzaren erregistro bakoitzak bere lekua eta sasoia duela; hala, ez da berdin lagun artean erabiltzen den erregistroa, edo berbaldi bat eman edo testu bat idatzi behar denean erabili behar dena. Baina ildo horri jarraiturik, derrigorrezkoa ikusi izan du hasieratik eta ikusten du euskara batua, hizkuntza bateratu bat behar delako euskalkien gainetik, baina beti ere euskalkien ekarria eta aberastasunak horra bideratuz. Sortu zen unetik, Labayru Ikastegiak bere egin zuen Derioko Ikastaroaren leloa: dakigunetik ez dakigunera, ahozko euskaratik euskara idatzira, bizkaieratik euskara batura.

Batu, sortu eta transmititu Urte hauetan Labayru Ikastegiak euskal hizkuntza eta kultura eremuko ezagutzak batu, sortu eta transmititzen lan egin du, horretarako ikasketa eta ikerketa erabiliaz. Esan daiteke unibertsitate txiki bat dela. Metodologia bati jarraitu dio behar egiteko orduan, beharginekin hasi eta bezeroengan amai-tzen den lan egiteko erari. Labayru Ikastegia ez da zerbitzu-enpresa huts bat. Bertako beharginek badute halako humanismo-bustidura bat, zuzendaritzatik bultzatu dena, eta horrek eragina du sortzen den produktuan, itzulpena izan, argitalpen bat izan edo eskolak emateko metodoa izan. Labayru Ikastegian sortzen, ikertzen edo eskaintzen den guztiak kalitatearen ikurra du eta hala aitortzen diote berarekin harremana dutenek.

Labayru Ikastegia ez dago euskal gizartetik isolatuta, eta bere ikerketa eta jakituria eman ez ezik, jasotzen ditu hark dituen sentsibilitateak. Euskal gizartearen zenbait arlo batuta daude Labayru Ikastegiaren Artezkaritzan: Unibertsitatea, irakaskuntza, profesio liberalak, Eliza eta herri erakundeak. Artezkaritzak ezartzen ditu Ikastegiaren ildo nagusiak eta berari dagokio jagotea Ikastegiaren helburuak betetzen ari diren.

Baina barruko aldaketek eta inguruko baldintzek eskatuta, Labayru Ikastegiak hausnarketa sakona egin behar izan du: Ikastegiaren barruan, lehengo arduradunek bidea eman diote belaunaldi gazteago bati; bestetik, gizartearen baloreak ere aldatu egin dira, eta horrek eragina izan du euskal kultura bizi izateko eta erabiltzeko ereduetan; eta, gizarteko arlo guztietako antzera, euskal kulturan ere bizi dugun krisi ekonomiak bere zurrunbiloan hartu du Labayru. Sasoi egokia zen Ikastegiak erabaki zezan norantz jo behar duen eta denbora berrietara egokitzeko zer egin behar duen.

Gogoeta horren emaitza plan estrategiko bat izan da. Bertan, hiru sail nagusi ager-tzen dira eta eurotan batzen dira helburu estrategikoak: Kultura arloan, erreferen-tziako erakunde sendoa izatea, kultura eta euskara gaietan aitortua, bizkaieran jarraibidea; egungo gizarteari begira, jarrera zabala izatea, inguruko eta belaunaldi berrien beharretara egokitua; eta gestioaren aldetik, antolaketa eta lan egiteko makinaria eraginkorra izatea.

Plan estrategikoaren helburuetariko bat kanpora begira itxura erakargarriago bat ematea da. Irudi-aldaketa horren adierazle logotipo eta izendapen berriak ditugu. Horren harira, aurrerantzean “Labayru Fundazioa” izango denak lekua hartu dio orain arteko “Labayru Ikastegia”ri; izan ere, Labayruk aspalditik du fundazio baten lege-nortasuna eta izendapen berriarekin Labayruk jorratzen dituen lan-esparruak gizartera hobeto heldu daitezen nahi da.

Plan estrategikoa gauzatzeak aldi berriei egokitzea esan gura du, baina orain arte egin denari uko egin barik. Aurretik egin denean oinarriturik eraiki dira hemendik aurrera bidea erakutsiko duten ildo estrategiko berriak. Irudia eta kudeaketa-metodoak gaurkotuko dira, baina bizirik dirau 1977an Estanislao J. de Labayru Eleizbarrutiko Ikastegiak izan zuen xede berbera: “Euskal Herriaren kultur balioak zabaldu eta gaurkotzeko ekintzak eta laguntzak sortu eta aurrera eroatea”.