NI jaio nintzen egun berean jaio zen Imanol Lartzabal Goñi 1947. urtean Donostian (Euzkadin), eta 2004ko ekainaren 26an hil, Orihuelan (Espainian). Saiakeratxo honek nahi du euskaldun guztion gomutara ekartzea, gaur egun ‘erraz’ onartzen dena orduan egiteagatik gizartearen zati batek kondenatua izan zen lagun adoretsu hau. 1964. urtean hasi zen euskaraz abesten (Francoren diktadurapean). Geroago ETAren laguntzailea izateagatik kartzelaratu zuten, eta geroago erbestera alde egin behar izan zuen 1977ko amnistia aldarrikatu arte. Gogoan daukat, 1977an edo 1978an Santutxura etorri zela debekatuta zegoen kantaldi batera San Frantziskito elizpeko aretora. Gogoan daukat egun horretan abesti batzuk euskaraz kantatu ondorik gaztelaniazko abesti bat kantatzen hasi zela (Es mayo? erratuta ez banago). Hango txistuak! Hango irainak!: español, español eta abar. Hori guztia euskaraz ez zekiten orduko ‘abertzale’ askok.

Zelako harrera egin zioten ‘tabernetako abertzaleek’ bere herriaren alde konpromisoa hartu zuen pertsonari! Zoritxarrez, Bernardo Atxagak esan zuen legez (erratuta ez banago), hainbat euskal herri ‘pegatinabeitiez” beterik zeuden orduan. Gaur egun denak ez dira desagertu, baina orduko bortizkeria pairatu behar izan zuen. Badakizue, urte haietan nahikoa zen norberari espainol esatea, bizimodua jasanezineko bihurtzeko.

Alferrik suertatu zitzaion Korrikan doan parte hartzea; alferrik egin zituen euskal kulturaren alde burutu zituen ekintzak; alferrik gertatu zitzaion Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionaindiaren ihesean sartuta egoteagatik 1985ean kartzelaratu izana; alferrikakoa izan zen orduan autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea (badakizue, orduan edo KAS edaten zen edo, bestela, espainolak izaten ziren; bada horrek guztiak ez zion ezertarako balio izan? noiz eta 1986an ETAk eraildako Yoyesen aldeko kontzertuan parte hartu zuenean Ordizian (arestian, bertsolari ‘adoretsu’ batzuek gauza bera egin diote ETAkidea izaniko beste bati). Ezinezko gertatu zitzaion Euzkadin abestea, ‘gizarte-eragile’ batzuek, hau da, kontzertuak eta bestelako jaialdiak antolatzen zituztenek (gaur egungoen gurasoek, ziur asko) erabateko boikota egin ziotenean.

Gogoan daukat Filosofiaren irakasle batek esan zidana: “Usted, Lobera, razón no tendrá, pero razones, todas”. Eta orduko gizarte-eragileek, arrazoirik ez bazuten ere, topatu zituzten behar beste arrazoibide, bizimodua pairaezin bihurtzeko Imanol Lartzabal Goñiri. 1989ko azaroan iragarri zuen Anjel Lertxundirekin Donostian egingo zuela kontzertu bat beldurraren aurka. Hainbaten laguntza izan bazuen ere, haren aldeko agiria sinatu zutenetarik abertzale sutsu ba-tzuek atzera egin zuten, eta beste kantari batzuek uko egin zioten Joxemiel Barandiaranen aldeko ekitaldian parte hartzeari, Imanol Lartzabal tarteko zegoelako. Halandaze, 2000. urtean erabaki gogorra hartu zuen: Euzkaditik aldetzea. Eta erbestean hil zen 2004. urteko ekainaren 26an, buruko odoljarioak jota. Aurten bete dira haren heriotzaren hamar urte, zehatz-mehatz, ekainaren 26an.

Nik ezin izan nuen garaiz ezer idatzi haren gainean, neure osasun egoeragatik, baina ez nuke nahiko 2014. urte hau amaitu barik bera gomutaren zirkilu baten laga, bestela esanda, Imanol Lartzabal Goñi goretsi barik. Gaur egun esaten dugunean sentiberatasun, ikusmolde eta pentsamendu guztiak batzen dituen euskal gizartea eraiki nahi dugula, eredu izan behar dugu, eta Imanol Lartzabal Goñi gomutara ekarri behar dugu.

Nik ez dakit zenbat sufritu zuen pertsona legez, nik ezagutu ez nuen-eta. Betiere, euskal kulturari mesede handia egin zuen pertsona honi ‘berari zegokion lekuan’ utzi bagenio, beharbada, euskal kulturaren azken hogeita hamar urteetako historia bestelakoa izango zatekeen, zalantza barik, aberatsagoa.

Imanol, egun handira arte. Ez zaitugu ahaztuko!