GAI honi heltzeko izen bat azaldu behar dugu ezinbestez, Elbira Zipitria (Zumaia, 1906) hain zuzen. Elbira Zipitria oso gazte Donostiara joan zen bizitzera eta Maisutza eskolan ikasi eta hogei urte zituelarik Maestra de Primera Enseñanza agiria eskuratu zuen. Berehalaxe Muñoa jaunaren ikastetxean 6 urtera arteko neska mutilekin eskolak ematen hasi zen. Gerra zibila hasi zenean erbesteratu behar izan zuen Pilar Sansinenea bere lagun minaren familiarekin batera. Donostiara 1942ean itzuli zen. Hemen Donostiako hainbat familien seme alabei euren etxeetan klaseak ematera dedikatu zen 1946.arte. Ba-tzuetan banaka, bestetan talde txikitan. Azkenik klaseak ematen hasi zen Donostiako Alde Zaharreko Fermin Calbeton kalean. 1969era arte mantendu zuen Zipitriak bere etxe eskola, eta urte horretan halabeharrez aldatu ere, zeren Gipuzkoako Gobernu zibilak zabaldutako etxe eskolen debekua eta legalizatu beharra izan arte ez baitzuen bere jarduera hori eten. 1969an, etxe eskolak erabat desagertzen direla esan dezakegu, ez bakarrik aginte politikoen erabakiaren eraginez, baizik eta gizartean sortu zen euskal eskola eredu berriagatik, ikastola izenez guztiok ezaguna den hori, erabat zabaldu eta finko sustraitu zelako ere. Elbira Zipitria bere garaiko emakumea zen, euskal pizkundea gertatzen hasi zenean jaiotako eta euskal abertzaletasunaren urterik emankorrenetan gazte izan zen emakumea.
1946an Elbira Zipitriak egiten zuena abentura arriskutsua zela ukatzerik ez dago, arriskutsua eta etorkizuna oso kolokan zuen saioa hain zuzen. Eta baldintza hauetan ume batzuk biltzea, eta euskal etxe eskola proiektu txiki horri urte zail hauetan jarraipena ematea, benetan, meritu handiko erabakia zen. Zalantzarik gabe. Halaz ere ez zen hau izan emakume bizkor eta ausart bakarra. Izan ziren gehiago. Maria Dolores Goia izan zen beste hauetako emakume bat. Honen etxe eskola Donostiako Gros auzoan zen kokatua (1951-1975), eta anekdota bitxi bezala esan dezadan nire emazteak txikitan Andereño Goia-ren eskutik, eta bere Groseko etxe eskolan, ikasi zuela eta hartu zituela bere lehen ikasgaiak. "Garai hobeak iritsi bitartean eutsi diezaiogun honi" esaten omen zuen behin baino gehiagotan. Esaldi honek laburbiltzen du agian, eta era egokienean alajaina, euskal erresistentzia kulturalak frankismoaren azpian izan zuen bizirik irauteko jarrera.
Donostian sortzen den euskal eskola saioa ideologiaz zein egituraz gerraurreko nazionalismoaren edo abertzaletasunaren parametrotan zehaztu beharra dago. Eskola saio honek gerraurretik izandako esperientziarekin antzekotasun handia azaltzen du maila guztietan. "Etxe eskola" dei geniezaioke ikastola mota honi, etxe partikularretan eskaintzen baitzen hezkuntza mota hau. Donostiara mugatu zen bereziki "etxe eskola" eredu hau, andereñoaren etxean bertan eratzen zirelarik eskola txiki hauek. Andereñoaren papera, emakumearena zeregina, berriro ere nabarmentzen zen saio honekin. Gaur bertan Donostiar askotxo dira, neska eta mutilak zirenak bere garaitan, eta orain 50-60 urtetara iristear direnak, gogoan dutenak bere lehenengo ikasketak, eta gelak, andereñoen etxean eman zituztela. Askorentzat hauxe izan zen euskararekin eta euskal kulturarekin izan zuten beraien lehen harremana.
Guraso askok (kuraia izan zen beraien biziko apustua, euskararekiko atxikimendu gihartsua benetan beraien oihua) aukera guztiz ausart hau egin zuten beren seme-alabak eskolaratzeko ordu zailetan, zeren euskara eta euskal kulturaren arrastorik txikiena guztiz galearazita zegoen une haietan. Berrikuntza, dudarik gabe, egoera sozio politikoaren eskutik etorri zen. "Etxe eskola" hauek, poliki poliki, urteak joan eta urteak etorri, ikastolak bideratuko ziren etorkizunean, asko elizaren magalean edo babesean.
Nazio arazoa eta eliza, Euskadi ukatu eta zanpatu baten baieztapena, alde batetik, eta erlijioa bestetik ziren bi zutabe sendoenak "etxe eskola" hauetan. Hezikidetasuna ere lantzen zen, beste eskoletan gertatzen ez zen bezala gela hauetan neska eta mutilak ari-tzen ziren elkarrekin. Abertzaletasunaren gordailu ezkutu eta lekukoak izan ziren zinez. Gela hauetan ere antolaketa zikloen arabera egiten zen: 3-5, eskolaurrea izango balitz bezala eta 5-9 eskolatze formala, eduki konkretu eta mailakatuekin. Bederatzi urte bete ondoren, bide ofiziala aukeratu behar zuten eta "ingreso" kurtsoa egin ondoren izen berdineko azterketa gainditu behar eta batxilergoan sartu beharrean zeuden. Azterketa gazteleraz zen, noski, nahiz eta ama hizkuntza euskara izan. Gaztelera eta euskara landu beharrean ziren beraz ikasle esfor-tzatu hauek. Garai ilun hauetan frankismoak hizkuntza eta hezkuntza politikan ere bere neurriak inposatzen zituen gupidagabeki. Legez eta indarrez euskararen erabilpena eremu murritzetara kondenatua geratu zen estigmatizazio prozesu orokor eta bortitz batean. Gazteleraren inposatzea eskolan, komunikabideetan, administrazioan eta edozein alorretan nagusitu zen. Eta horrela ulertu behar da 1945.go Ley de Educación Primaria, nazional-katolizismo-español itxi eta setati batean oinarrituta. Helburua garbia zen: errepublikatik etor zitekeen kutsa-tze guztiak garbitzea (irakasleria, elebitasuna, testu liburuak, ikasgaiak...). Eta honela hezkuntza sistemaren birformulatzeari ekin zitzaion. Frankismoarentzat, eskolak ideologiaren birsortzaile lana bete behar zuen eta.
"Etxe-eskola" hauen esperientzian elementu berrien sarrera, sarekoak ez ziren andereñoak Jone Forkada eta Karmen Esnal dira ekarri beharretako beste batzuk. Hauek biak, nazionalismo tradizionaletatik kanpo sortu zen lehenengo taldearen ingurukoak ziren eta asmo ekintzaileekin murgilduko ziren gizartean. "Etxe eskolatan" sartu ziren gazte hauek, eta gizartean sumatzen hasten ziren aldaketetan murgilduta eta euren gogo hedakorrak bultzatuta, Zipitriaren asmo eta irizpideak baztertu eta lanari nolabaiteko zabaltasun berria emateko grina azaldu zuten. Etxe eskola hauetara ere aldaketak heldu ziren. Ikuspuntu desberdinak sortu ziren. Euskal gizartearen aldaketaren ispilu zuzena izan ziren. Abertzaletasuna bi bidetatik abiatzeko zorian zegoen. Gerraurrekoak eta gerraondokoak: belaunaldi, esperientzi, pertzepzio, helburu, ideologi eta praxi desberdinak. Euskal gizartean, kalean, gertatzen ari ziren aldaketek ere izan zuten gela barruan aldaketarik: edukiak, ohiturak, metodologiak (Decrolyren erizpideak eta Xabiertxo liburuaren irakurgaiak) kantak, marrazkiak, ordutegia, emakumearen zereginak, erlijioa eta abar...
Baina garai haietako euskal heziketaren barruan burututako beste ekimen garran-tzitsuak ere aipatu beharrean gara. Bi bereziki: Nafarroatik bultzatutako Umeen Deia, umeentzako aldizkaritxoa, Aita Felipe Murietak (1959-1966) argitaratua, kaputxino honek euskarari buruz zituen ideiek, hizkuntzak jasaten zuen zapalkuntzaren ezagutza eta erreakzionatu beharra adierazten zutena. Eta Iparraldean, Baionan, IKAS (1959) erakundek sortuko zituen jardunaldi pedagogikoak Euskaltzaleen Biltzarrak eta Euskal Kulturaren alde erakundeen eskutik.
Agur eta ohore euskal erresistentziari beraien hoberenak eman zizkieten euskaldun guztiei, garai ilunetan itxaropena eta kuraia izan zuten guztiei. Katea zaindu zutenei. Katea ez zedin eten esfortzu isila baina eskerga egin zuten guzti guztiei. Oroimen eta errekonozimendurik zintzoena. Gure aurrekoek emandako lekukoa hartuz ekin diezaiogun etorkizunari zintzotasun osoz. Jarrai diezaiogun ekinari asmoz eta jakitez.