Kulturartekotasuna
MODAN dago. Modan dago "kulturartekotasuna" terminoa. Arrazista zaren edo ez galde-tzen dizutenean ezezkoa eman behar duzun bezalaxe, kultura ezberdinen arteko anaitasuna, kooperazioa, integrazioa, bizikidetza, ulermena eta askatasuna bezalako hitz potoloak erabiltzen ditugunean, erantzuna, baiezkoa da. Eta ondo gelditzen gara. Baina ez dakigu hitzaren esanahi benetakoa zein den. Ez baitzaigu interesatzen. Errazagoa baita gaiaz gainetik hitz egitea, egunkarietako titularrak betetzeko nahikoa izanik eta testuetan barrena defendatzeko baino gehiago ez sakontzea; bestela, har genezakeen konpromisoa handiegia izan bailiteke.
Kulturartekotasunaz, normalean, kultura dominatzaileak hitz egiten du. Eskatu, dominatua denak. Baieztatu, dominatzaileak. Arrazismoarekin gertatzen den gisara. Zapalduak arrazismoarekin hausteko legeak, konpromisoak eta hausnartzeko puntuak jarriko ditu mahai gainean. Arrazistak, aldiz, ulermenaz, eta sentiberatasunaz hitz egingo du.
Gure kultura eta hizkuntza, dominatzailearen eskuetan, salbu dagoela entzuten ari gara. Konplitzen ez diren legeak jartzearekin nahikoa delakoan. Urtero errepikatzen diren eta interpretazio ezberdinen arabera irakurketak faltsutzen diren inkesten arabera, euskarak eta euskal kulturak badauka bere esparrua, bere bizitokia. Eta barrutik begiratuta, itotzen sentitzen.
Ondo dago hitz potoloak asma-tzea. Salgarriak diren terminoez baliatzea. Sinisgarri egiteraino lantzea. Baina ez dago ondo hitzok errealitatea maneiatzeko erabiltzea eta kulturen artean, interesen artean, lengoaia ezberdinen artean, elkar ulertzen dugun itxurak egitea, apur bat sakonduta, hizkuntza guztiz ezberdina darabilgula konturatzeko. Ez dago ondo, hitzarekin lengoaia bat iradokitzea eta egiteekin lengoaia ezberdin batekin baizik ulertzen ez dena paira araztea.