Mendiola itsas kapitaina eta Bengolea emaztea izan ziren lehenak, euren jatorrizko Lekeitio Herrian jesuiten Kolegioa sortzeko baliabideak jarri zituztenak.

Urtea 1688a zetorren eta sorkuntza hori bideratzeko baldintzak zehazturik, berehala onartu zuten jesuitek proposamen hura eta kolegioa eta eliza eratu, hain zuzen ere, gaur Kultura etxea eta Konpainiako eliza dauden inguruan.

Begien bistakoa da garai hartan jesuitek zeukaten ospe eta sona handia irakaskuntzan. Azkoz ezezagunagoa, ostera, jesuitek izan zuten jokabidea irakaskuntza hori aurrera eramateko hur-hurreko gune elebidunetan, hala nola herri euskaldunetan.

Jesuitek herriz-herri misioetan ibiltzen ziren aldi horretan. Horrek aparteko aukera ematen zien bateko eta besteko euskarak ezagutzeko eta, azken batean, euskara bera, misioetarako behar zutena idatziz jasotzeko eta islatzeko.

Badirudi katekesia ere euskaraz egiten zela konpainiak Euskal Herrian zituen kolegioetan, Jose Malaxechevarria jesuitak adierazi bezala (La Compañia de Jesús por la instrucción del País Vasco en los siglos XVII y XVIII, Donostia, 1926). Lekeition, esaterako, XVIII. mendean halako maisu batzuk (ludi magistri) agertzen dira tankera horretako zereginetan, besteak beste, Ochoa de Brebilla ondarroarra, Lucas Basurto, basauriarra, Gabriel Ugarriza lekeitiarra eta Domingo Ibaseta berriatuarra, guztiak jesuiten ordenako anaiak.

Resurrección Maria Azkue euskal kulturaren aitaponteko lekeitiarra (1864-1951) bertako plazan..

Resurrección Maria Azkue euskal kulturaren aitaponteko lekeitiarra (1864-1951) bertako plazan..

Beude, beraz, euskaldunen izenetan horien gomuta. Egia esan, XVIII. mendean Larramendi gipuzkoar jesuitak agerian zituen ezarrita (El imposible vencido, 1729) euskararen errealitate idatzia eta hizkuntzaren gramatikalizazioa. Ahoz ez ezik, idatziz ere euskarari lekua eman zioten jesuitek eta Larramendi, Kardaberaz eta Mendibururen esanak, eginak eta idatziak hortxe dira.

Bidea, hala ere, moztu eta zapuztu egin zen erro-errotik jesuitak erbesteratuak izan zirenean Espainiako erresumetatik (1776). Artean, aipatzeko modukoa da, Lekeitiori dagokionez eta jesuiten artean, Agustin Basterretxea zena (1700-1761). Lekeitioko kolegioan hasi zituen bere ikasketak eta 1716. urtean jesuitetan sartu, aita jesuita 1734. urtean ondu arte.

Harenak dira obra laburrak, batez ere, bertsoetan, Jesu-Christo gure jaunaren pasioa (1777). Jesuitak erbesteratzearekin ez ziren amaitu, alabaina, lekeitiar jesuita euskaltzaleen arnasa eta gogoa. Askoz geroago, hain zuzen ere, etorri zen euskararen letren arlora aita Kandido Basabe (1867-1928), hasieran abade izateko asmo zuena eta gero jesuita sartu zena.

Basaberen tankera honetara zehazten du Mikel Zarate zenak: “lan ederra aita Kandidorena San Iñazioren ejerzizioak euskeratu eta azaldutea! Lan ederra eta euskera argi eta ederrean gaiñera. Euskera ona darabil aita Kandidok, gehienetan. Gai sakona eta euskera ona”. Adibidez, San Inazioren ospe handiko pasarte hura nola euskaratu zuen: “Zer deutso gizonari, mundu guztia irabaziarren, bere arimea galtzen badau?”

Lekeitioko ikuspegia.

Izan ere, aita Kandido gerogarreneko Resurreccion Maria de Azkueren laguna izan zen, bera baino nagusiagoa izan arren.

Aurrekoak gorabehera, begien bistakoa da Lekeitiok betidanik euskarari erakutsi dion atxikimendua. Izatez, hurrengo mendean, XIX. mendean, Lekeition gertatu zen osterantzeko ekimen sozial eta kultural garrantzitsua, Lekeitiori, beste behin ere, letrak eta zientziak hurreratu zizkiona. Hura Uribarren-Abaroa Fundazioa izan zen, hainbat aurrerakuntza egin zituena herriaren bizimoduaren aldetik eta herritarren hezkuntza eta hizkuntza ahaztu ez zituena.

Fundazio horren eskutik etorri ziren gerora garrantzia handikoak izango ziren Nautika Eskola eta Latinidade Katedra, bi-biotan aritu zirela hiru izen esanguratsu euskal letretan: Eusebio Azkue (1813-1873), Juan Bautista Eguzkitza (1875-1939) eta Resurreccion Maria de Azkue (1864-1951). Hiru horien lerrokadan etorriko zen baita ere Eusebio Erkiaga (1912-1993) idazle eta poeta.

Lehenengo hiruak zuzenean zein zeharbidez Lekeition eratu zen gune kulturalaren partaide izan ziren. Eusebio Azkueren kasuan Parnasorako bidea da bere obra nagusia, olerki sorta baten bidez egina eta haren biltzailea, Resurreccion Maria de Azkue semea izan zela. Esan gabe doa, semeak artez, zentsuz -eta ukituz- bilbatu zituela aitaren bertsook denon eskura geratu zitezen. Honatx haren bertsoa Lekeitiori buruz: “Emen dagoz Bermeo / mutil abilakaz / eta Ondarroa andia / arrantzaleakaz. / Emen da Lekeitio / leorrez eta itsasoz / bardinik eztaukana / bere alboan inos”.

Konpainiako Eliza Lekeition. Alboan, R.M. Azkue jaio zeneko etxea.

Eusebio Azkuek aurrean jartzen digu orduko Lekeitioko euskalgintza giroa, Konpainiako eliza, Latinidade katedra eta Nautika eskolan gauzatzen dena. Lehenengora joaten ziren gerora abade mintegira joango zirenak letren munduan lehen pausoak ematera. Bigarrenera, ostera, bertako eta inguruko gazte asko ikasle, lehorrekoari agur egin eta itsas pilotu, kapitain eta makinista izateko gogoa aurrera eramateko asmoarekin. Nautika ikasketan Eusebio Azkue maisu eta irakasle.

Latinidade katedran 1904. urtetik aurrera, Juan Bautista Eguzkitza lemoarra irakasle eta euskal idazlea, gerokoan sortuko zen Euskaltzaindiaren barnean euskaltzain osoa eta Resurreccion Maria de Azkueren kidea. Eguzkitza, sermoilari aparta, Lekeition hogeita hiru urte bizi zena, eta euskararen hainbat arlotan berritzailea izan zena, batik bat, soziologiaren ikuspegitik. Gizarte auzia (1935) idatzi zuen, gizarte arazoetan pil-pileko jakituriak euskaraz emanez.

Hona hemen Resurreccion Maria de Azkuek idatzitakoak Durangon, 1921. urtean, Lehen Euskal Egunean Eguzkitzaren sermoia entzun ondoren: “Euskaldunak: Goizean Meza bitarteko itzaldi ederra entzueran, neure barruan ninoan nik”; “ai nok leukean eskueran gramofonu uts bat, bera ementxe erabilteko eskubidea ta yasa! Neure lankide maite onen itzaldi auxe artuta estualdi onetan erara nasaituko nintzateke”. “Bene-benetan dirautsuet: bigira onen ta euskalegun onen amaitzat bere bizikoa izango genduan. Nik euskaldunak esanda gero, neure gramofonu beteari zotza kendu ta ederto entzungo zenduezan barriro Eguzkiza yaunaren itzak. Tenor bati bere gora-goraka luzeak entzunda gero frantzesak bis, alemanak Wieder, erdaldunak que se repita esanda, bigarrenez oiu eragiten dautse. ¿Iztun bati (sermolari bati) zegaitik ez? Oiturarik eztogu ta nik gaur bere neurez ekin bearko”.

Azkuenetik Azkuenera, Resurreccion Maria izan zen hurrengoa. Aita baino ikuspegi eta molde zabalago izan zuen eta euskalgintza modernoaren aitapontekoa izan zen. Haren eraginez etorri ziren gramatika, hiztegi, abestegi eta gainerakoak, horien artean Euskaltzaindiaren sorrera. Guztietan ugari-ugariak Lekeitioko aipamenak. Berak ere, noizbait idatzi zituen honelako hitzak bere Ardi galdua gertirudian (1918): “Ni jayo nintzan uri onetako mintzoa Euskalerriko una (muña) balitz ¡¡nire poza, lenen ikasi nituen itz ayek (berbatsu arek) arrointzat hartuta, lan ta lan egitea!!”.

Agerian zen orduko giro kulturalak gazteengan izan zuen eragina. Euskal teatroa, euskal prentsa eta abar, arian-arian bada ere, bazetozen eta lekeitiarren artean hasita zegoen olerkigintzan eta antzerki kontuetan Eusebio Erkiaga gaztea. Olerkiaz zein berba lauaz idazle dabil Euzkadi egunerokoan, Euskal orria sailean, Lekeitioko berriak zabaltzen Bizkai eta Euskal Herri osora. Batzokiko gazteriak euskal antzerti abertzalea bultza eta bultza. Han ere Erkiaga, eta Rufo Atxurra, lekeitiar errimea, lekeitiarren historia agerikoa zein isilpekoa goitik behera ezagutu eta menderatu zuena. Aintzat hartzeko modukoa ere Ramon Erze apaiza, Ekin euskal asteroko zuzendaria gerra aurrean, gai sozialetan aditu eta jakitun.

1936. urtean Euskaltzaleak elkarteak deituta, badator Lekeitiora VII olerti eguna, antolatzaileen artean Eusebio Erkiaga dago. Tartean Lauaxeta, Labaien, Ariztimuño eta Resurreccion Maria de Azkue, egitarauan barruan dago berebiziko omenaldia Azkuetarrei, erakusketa eta guzti. Erkiagaren ustez: “Lekeitio’k halakoren baten be, goratu ditu bere seme argiok”.

Gerrak horiek denak birrindu eta zapuztu egin zituen. Gerra amaitu ondoren neke eta lor zegoen euskalgintzaren baratza. Resurreccion Maria de Azkue Bilbon Euskaltzaindian lan isila egiten Nazario Oleaga idazkariarekin batera, inolako kanpo agerpena egin ezinean. Eusebio Erkiaga ere Bilbon jendearen aurrean argitaratu ezinik eta etxe barruan lanean. Lekeition giro hura deseginda, Nautika eskola desagertuta eta Latinidade katedraren Eguzkitza irakaslea erbesteratua eta hila.

Urak, nolanahi ere, aurrera etorri eta itsas beherari itsas gora dagokion moduan, Lekeition ere euskara bere ageriko espazioak berreskuratzen hasi zen. Aldi berean eta debekuen kontra, euskara bizi-bizirik zebilen herritarren aho mihietan, betiko ohiturari eutsiz.

Aurten 700 urte beteko dira Lekeitioko sorrera gutuna indarrean jarri zenetik. Behinola, Maria Diaz de Haro Bizkaiko andreak aitortu zuen herriak 700 urteko lekukotza ederra eman eta ematen du, orain ere, euskararen mesederako. Euskara izan da herrian erroturik egon dena, erakutsiz herri baten nortasunean oinarrituriko hizkuntza dela euskara, mendeetan zehar izaniko gorabehera historikoen gainetik bizirik dagoena eta bizitzeko asmo sendoa duena.

700 izan Lekeitio!

Egilea: Andres M. Urrutia Badiola. Zuzenbidean doktorea Deustuko Unibertsitatean. Bilboko Notarioa eta Deustuko Unibertsitatearen Zuzenbide Fakultateko irakaslea (1989-2021). Zuzenbidearen Euskal Akademiaren kide eta burua. Euskaltzaindiaren euskaltzain osoa eta burua. Euskera eta Jado aldizkarien zuzendaria eta Egiunea aldizkariaren zuzendari kidea.