Joan den asteartean, 110 urte bete ziren Markinako Barinaga auzoan, on Jose Mari Arizmendiarrieta Madariaga zena jaio zenetik. Iturbe etxeko semea 1915eko apirilaren 22an jaio zen, eta mende eta harean ondoren, egungo gure Euskal Herrian, haren nortasun, egin-asmo eta lorpenak gogoan hartzea aberasgarria zaigu. Izan ere, Arizmendiarrieta euskal apaiz, pentsalari eta eragilea izan zen, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren sustatzaile nagusi, eta haren eginkizunei kontu egitea gertuko iraganari heltzea da.
Markina eta Arrasate artean
Bizitzaren lehen urteak etxekoez eta herrikoez inguraturik egin zituen Arizmendiarrietak, eta eskolak Barinagako auzo-ikastolan bertan hartu. 12 urterekin, sorotan eta aziendatan ugaria zen Iturbeko etxejaun izateko eskubidea albora utzi eta apaiztegiko bidea hartu zuen. Hala, 1927an Gaztelu-Elexabeitiako seminario txikira joan zen, humanitateak ikastera, eta ondoren, 1931n, Gasteizko seminario nagusira, ikasketa klasikoak amaitu eta filosofian eta teologian trebatzera.
Sasoi hartan Europan ondo aberatsa zen Gasteizko Seminarioan, Arizmendiarrietak bere pentsamendurako eta gogorako oinarriak ondo jarri zituen. Hiru dira nabarmentzekoak: santutasunera zuzendutako erabateko apaiz-bidea, Euskal Herriaren zapalketaren eta tradizio kultural eta intelektual propioaren argibidea, eta modernitateri neurria hartzeko irakasbidea. Oinarri horien gainean, Arizmendiarrietak apaiz organikoaren izaera garatu zuen: bere herrian sendo kokatua eta konprometitua, gabezia transzendente, sozial eta material oro osatzeko lanetan etengabe murgildua.
36ko gerraren hasierak Markinan hartu zuen, uda sasoian, eta Euzko Gudarostera batu zen. Txikitatik zeukan ikusmen urritasunagatik eta Gasteizen euskal letretan irabazitako maisutasunagatik, Bilbon aritu zen, euskara hutsez lehena izan zen Eguna egunkarian. 1937ko udan, hiria frankisten eskutan zela, Larrinagako kartzelako gaiztakeria gertutik ezagutu zuen, baina bizirik irten zen.

Heriotza aurretik kendurik, laster Burgosera agindu zuten. Frankisten lerroetan, artilleria kuartelean aritu zen, kudeaketa lanetan, eta ikasketekin jarraitu eta Bergarako Seminario berrian teologia mailak gainditzeko bidea aurkitu zuen. Sua bukatutakoan, Gasteizera itzuli, ikasketak amaitu, eta 1940ko abenduan apaiz egin zen, Mateo Muxikaren ordez gotzain izendatutako Francisco Javier Lauzurikaren bidez.
1941eko urtea hastearekin, mezaberria eman zuen Markinako San Pedro elizan. Lovainara soziologia ikastera joateko eta gizarte gaietan ondo trebatzeko asmoari uko egin behar izan zion laster, ordea, Lauzurika gotzainak Arrasate behartsurako izendatu baitzuen koadjutore, Jose Luis Iñarra parrokoarekin batera. Eliz-hierarkiaren mailarik baxuenetan, San Juan Bataiatzaileko ardura 35 urtez izan zuten biek, 1941eko otsaila hasieratik 1976ko udazkenera arte. Iñarra urriaren 2an hil zen; Arizmendiarrieta arazoaren 29an.
On Jose Marik behartsuari bere burua zaintzen irakatsi zion, eta, batez ere, garapenerako erakundeak eratzen lagundu zuen
Urte haietan guztietan, on Jose Marik behartsuari bere burua zaintzen irakatsi zion, eta, batez ere, garapenerako erakundeak eratzen lagundu zuen. Baina Arizmendiarrietak sustatutako garapena ez zen ongizatera mugatzen; sorburu, arrazoibide eta helburu sakonagoak zeuden beti hark jorratutako eremuetan. Hala, arloa hezkuntza, kirola, kultura, industria, ekonomia, fedea zein osasuna izan, pertsonaren eta komunitatearen barne aberastasuna handitzeko bide eta erakundeak bultzatu zituen. Horren adibide dira, asko eta askoren artean, 1943an sortutako Eskola Profesionala eta 1948an eratutako Hezkuntza eta Kultura Liga.
Horixe da, hain zuzen, Arizmendiarrietak hauspotutako Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren ekarpen berezia: kooperatibagintzak izaera herrigilea du, herrigintza gizakiaren erabateko garapenean oinarritzen da, eta gizagintzak iturri espiritual garbiak dauzka. Hau da, Arizmendiarrietaren enpresagintza eraldatzailea erabateko pertsonagintzaren baitan kokatzen da. Horregatik hain zuzen ere, oraingo Euskal Herrian, adibide horren sakontasunari erreparatzea garrantzitsua zaigu, egungo erronkak ugariak eta handiak baitira.
Balio-iturrien jagole eta erakusle
Urteak joan dira, eta Arizmendiarrietak ereindakoak uzta eman du. Ekarpenak asko dira. Baina modernitateari neurria hartu eta duintasunean oinarritutako proposamen esanguratsuak egiteko zailtasunak ere ugaritu dira. Izan ere, ideien, balioen eta egiteko moduen transmisioak ez du epe luzera irauten haien iturriak ere erakusten ez badira. Egiari zor zaion begirunea edo norbere hitzari zor zaion erantzukizuna urtu egiten dira pertsonaren dimentsio argi eta ukiezina galtzen badira. Demokraziaren balioak usteldu egiten dira demokraziaren iturria komunitatean zaintzen ez bada. Arizmendiarrietak, bere lerroan, hauxe zioen: lehenengo pertsona hezi behar da, kooperatibista landu gero, eta kooperatiba eratu ondoren.
Horregatik, Arizmendiarrietaren esan-eginetara itzultzea aberasgarria zaigu. Badakigu hark lan egindako sasoia beste bat zela, eta gaur egungo ikuspegitik zenbait konturekin kritikoak izan beharra dugula. Baina Arizmendiarrieta gai izan zen herriari garaira egokitzen laguntzeko, balio-iturrien jagole eta erakusle izan baitzen. Hau da, sakoneko hezkuntza ulertu eta ematen saiatu zen. Eta gaur, gurean, sustrai sendoko ideiak elikatzeko gaitasuna eta ereduak behar ditugu.
Hori dela eta, badira Arizmendiarrietaren inguruan jakin beharreko hainbat kontu. Alde batetik, 36ko gerra aurreko Gasteizko Seminarioko ikasle izan zela, han zegoen mugimendu espiritual, zientifiko eta euskalgile betean. Bestetik, han eratu zen, eta goi mailako ikasketetan Euskal Eskolarako eremua sortu zuen Kardaberaz Bazkuneko eragile handienetakoa izan zela. Eta azkenik, irakasle izan zituen Joxe Migel Barandiaran, Manuel Lekuona, Juan Thalamas eta Eduardo Ezkartzaga, besteak beste, Euskal Pizkundeko izen handiak izan zirela.
Euskal Pizkundea, beraz, mugimendu espiritual eta zientifikoa ere izan zen, politiko eta kulturala izateaz gain. Arizmendiarrietak orduan garatu zuen bere pentsamendua, orduan finkatu zituen haren oinarriak eta bere egin iturriak. Izan ere, Gasteizko Seminarioan, modernitateak orduan zeuzkan erronkei neurria hartzeko ahalegin bizia aurkitu zuen, kristau apaiz-bidez eta euskal pentsamenduz.
Sakoneko hezkuntza ulertu eta ematen saiatu zen. Eta gaur sustrai sendoko ideiak elikatzeko gaitasuna eta ereduak behar ditugu
Modernitateak erronkak dauzka soziologian, demografian, kulturan, industrian, ekonomian, ohituretan… lehen eta orain. Baina gogoeta behar handiena haren oinarrian dagoen munduaren ikuspegi immanentean dago, eta hura osatu eta giza existentzia aberasteko antropologia transzendentea bideratzen ikasi zuen Arizmendiarrietak Gasteizen, pertsonengan oinarritutako komunitategintza ipar.
Horrez gain, gure euskal tradizio propioaren azterketa egiten eta horren emaririk egokiena sintetizatzen eta egokitzen ikasi zuen. Hala, iraganeko euskal pentsabide eta eginbideak demokrazia eta autoeraketa terminotan ulertzen ikasi zuen, eta, gerora, kooperatibagintzan formulatzen asmatu.
Eta azkenik, erabateko konpromiso soziala duen eta santutasunera zuzentzen den apaizbidea ikasi zuen. Arizmendiarrieta San Juan Bataiatzailea elizako parrokoaren laguntzaile izan zen 35 urtez Arrasaten, 1941etik 1976an hil zen arte, eta bertako Esperientzia Kooperatiboaren eragile eta sustatzaile nagusi ere izan zen, lehen esan bezala.
Gizabidearen irakasle
Arizmendiarrieta eskakizun pertsonal handiko bilatzailea izan zen, eta 36ko gerraren ondoren, 1941ean Arrasatera heldutakoan, Euskal Pizkundearen argitan Gasteizko Seminarioan ikasitakoari bide eman zion. Horregatik, haren arnas luzeko eraldaketa proiektua pertsonen esentziara zuzendutako hezkuntza izan zen, gizakiaren bere-berezko duintasunean eta transzendentziarako irekiduran oinarritutako pentsamenduan.

Arizmendiarrietaren ekimena, beraz, ez zen lanaren bestelako ikuspegi eta antolaketa hutsa izan. Deshumanizazioa ekar dezakeen modernitatearen aurrean, gizabidea sustatu zuen, eta jendeari bizitzaren zentzuaren ortzi-mugak aldatu egin zizkion. Norberaren dohainak landu eta gainerakoen mesedetan jar zitzan bideak iradokitzen zituen, gizabanakoa inolako makina huts edo inongo makineriaren atal izan ez zedin.
XX. mende beteko giroan filosofikoki jarduten jakin zuen Arizmendiarrietak, hortaz, eta horren onena argi azaltzen. Ondorioz, indibidualismoaren eta kolektibismoaren artean, iraultzaren eta erreformismoaren artean, lanaren bidezko pertsonaren eraldaketaren bidea ireki zuen. Komunitatearen garapenerako espazioak, egiturak eta erakundeak eratzen bikaina izan zen. Edozein arazoren aurrean, aldeko testuingurua inoiz ere izan gabe, pertsonek bide propioari ekin ziezaioten zirrikitua aurkitzen lagundu zuen.
Arizmendiarrietaren kooperatibagintza, labur, hori berori baino ez da: indibiduoaren askatasunaren izenean ezberdintasunak sortzen dituen kapitalismo liberalaren eta berdintasunaren izenean giza askatasuna mugatu egiten zuen sozialismo errealaren artean, Euskal Herriko tradizioan sustraiak dituen autoeraketarako formula.
Izan ere, gizabanakoek etxearen alde, etxeek auzoaren alde, eta auzoek herriaren alde egitea berezkoa da kultura tradizionalean. Horrek bere baitan dauka gizakia bere destinoaren jabe izatearen zentzua, modernitatean sarri falta daitekeena. Ondorioz, lantegia lan komunitatea da, lan komunitatea herriaren baitan dago, eta herriek gizadia osotzen dute.
Zertan ari zen, hortaz, apaiz, erabateko apaiz, zen Arizmendiarrieta? Munduari modernitateak inongo eremutan eman ezin ziona bideratzen: misterioaren eta transzendentziaren argia, eta euskal tradizioan haren arabera ezagututako gizabidea. 2025eko apirilean, haren nortasun eta ekarpenak gogoan hartzea interesgarria zaigu.
Idazlea: Jon Mentxakatorre Odriozola Filosofian doktorea da, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta UEUko Filosofia sailburu. Arizmendiarrieta, gizagile eta herrigile (IDTP, 2024) liburuaren egile da, Arizmendiarrieta Kristau Fundazioaren webgunean doan eskura daitekeena.