ORAIN 50 urteko Aberri Eguna tristea izan zen, oro har, euskaldunentzat. Jose Antonio Agirre lehendakaria aste batzuk lehenago zendu zen, eta haren heriotzak eragindako zirrara handia zen artean. Eusko Jaurlaritzak dolu-eguna izendatu zuen 1960ko Aberri Egun hura, eta aurretik prestatutako hainbat ekitaldi bertan behera geratu ziren, bai erbestean baita Euskal Herrian ere. Agirreri omenaldia egiteko baliatu zuten eguna, agintariek, politikariek eta euskal herritar xumeek.

Zalantzarik gabe, Aberri Egun hartan bizi izandako giroak zerikusi gutxi izan zuen 1932koarekin, lehen Aberri Egunarekin. Espainiako Gorteetan diputatu zen orduan Agirre. Ez zuen zuzenean parte hartu lehen Aberri Egunaren antolaketa-lanetan; ardura hori EAJren Euzko Idazkaritza Burubak hartu zuen bere gain -besteak beste, Errepublika garaian alderdiaren propagandarako bitarteko nagusi zenak-. Aspaldidanik zebiltzan jelkideak aberriari egun bat eskaini nahian. Ordurako, Catalunya nahiz Galizako aber-tzaleek bazituzten beren aberriaren egun propioak; hainbat jelkideren-tzat eredugarri zen Irlandak ere bazuen horrelako ospakizunik, Pazko Igandean. 1923an, bestalde, egina zuten jeltzaleek antzeko ospakizun bat, Día de la Integridad Vasca deitu ziotena eta Aberri Egunaren aurrekari gisa har dezakeguna.

1932an ikusi zuten aberriaren eguna handikiro ospatzeko aukera ezin hobea, Sabino Arana abertzaletasunera bihurtu zela 50 urte bete ziren hartan. 1882koa zen gertakari hura, Arana orduan jabetu baitzen, Luis anaiarekin hizketan ari zela, Espainia ez, Bizkaia zela bere aberri bakarra eta benetakoa. Omenaldi handia egingo zioten Aranari bere bihur-tzearen urrezko ezteietan, eta, bide batez, artean bizirik zegoen eta EAJren EBBko lehendakaria zen Luis anaiari ere bai. Baina, horretarako bakarrik ez. Lehen Aberri Egun hura alderdiak berriki bereganatua zuen Sabin Etxea inauguratzeko ere aprobetxatuko zuten -besteak beste, alderdiari lotutako hainbat erakunderen egoitzak kokatuko zituen bertan-. Eta, noski, ospakizunarekin urte haietan EAJk izan zuen hazkunde handia erakutsiko zuten, baita alderdiaren inguruan biltzen zen komunitate zabalaren indarra ere.

Aberriaren eguna ospatzeko Pazko Igandea aukeratu zuten, egun seinalatua Eliza Katolikoarentzat. Horrek, jelkideek aspaldidanik aldarrikatzen zuten Jesukristo eta Aranaren arteko paralelismoa irudikatuko zuen; Jainkoaren eta Euskadiren berpizkundearen arteko lotura ere bai. Hala, berez politikoa zen ospakizunari erlijio-osagarri nabarmenak eman zizkioten. Gainera, horrekin guztiarekin garbi utziko zuten EAJ Errepublikaren politika laiko eta antiklerikalaren aurka zegoela.

Martxoaren 27an ospatu zen lehen Aberri Eguna, Bilbon, nahiz eta ospakizunak bezperan hasi eta hurrengo egunera arte luzatu ziren. Ekitaldi nagusia desfile bat izan zen, Jesusen Bihotzetik abiatu eta Sabin Etxean amaitu. 65.000 pertsona inguru bildu ziren bertara: emakumeak, mendigoizaleak, EAJko buruak, kargu publikoak..., eta horien artean Agirre diputatu gaztea.

Lehen Aberri Egunaren arrakasta ezbairik gabekoa izan zen. Eta ospakizunari jarraipena ematea erabaki zuten. Hurrengo Aberri Egunek egitura bera izan zuten: bilkura jende-tsuak eta ekitaldi ezberdinak, beti ere, komunitate abertzalea osatzen zuten giza-sektore ezberdinen parte hartze handiarekin. 1933koa Donostian, 1934koa Gasteizen, 1935ekoa Iruñean... 1936koa ezberdina izan zen, herriz herri antolatu baitzuten jelkideek, Mendekoste Egunean, une hartan bizi zen egoera politiko nahasiak horretara bultzatuta. 1937ko Aberri Egunean, bestalde, gerra izan zen protagonista. Askotan gogoratuko zuen egun hura Agirrek, lehendakari moduan ospatu zuen lehena izan baitzen, baita euskal lurretan ezagutu zuen azkena ere. Bilbon egin ziren ospakizun nagusiak, eta han izan zen bera, alderdiko agintariekin eta Eusko Jaurlaritzako gainerako kideekin batera. Errepublikako Gobernuaren legalitatepean zeuden beste herri batzuetan ere antolatu zituzten ekitaldiak, baita frontean.

Gerra zibila 1937ko uda partean amaitu zen Euskal Herrian, eta gauzak asko aldatu ziren handik aurrera. Erbesteak hartu zuen ospakizunaren lekukoa: Bartzelona, Baiona, Paris, Londres, Buenos Aires, Mexico... Oro har, ospakizun xumeak izan ohi ziren, elizkizun, oturuntza eta euskal giroko jaialdien inguruan burututakoak. EAJk jarraitu zuen Aberri Egunaren bultzatzaile nagusia izaten, baina gerran galtzaile irten ziren gainerako alderdi politikoen babesa ere izan zuen, baita -eta oso modu berezian- Eusko Jaurlaritza eta Agirre lehendakariarena ere. Aberri Egunak, sorterria gogoratu eta munduan zehar sakabanatuta zeuden euskaldunei arnasa emateko baliatu zituzten. Eta nazioartean euskal herriaren egoera salatzeko abagune bilakatu ziren.

Bien bitartean, Hegoaldeko euskaldunek ezin izan zuten urte askotan Aberri Eguna ospatu, ez behintzat lehen bezala, publikoki. 40ko hamarkadaren bigarren erdian, II. Mundu Gerra bukatu zenean, nazioartean ezarri zen testuinguru berriak Francoren amaierarako bidea ekarriko zuela pentsarazi zien askori. Horrek, gerra amaitu zenetik barnealdean lanean ziharduen euskal erresistentziari indar berria eman zion, eta Aberri Egunak erabili zituen Diktaduraren aurkako ekintzak burutzeko. 1946 eta 1947an, adibidez, irrati emanaldiak eten zituzten eta Agirreren mezuak emititu, euskaldun askoren harridura eta pozerako. Hori bakarrik ez, debeku frankistari muzin eginez, jende andana elkartu zen Bilbon eta Donostian Pazko Igandeetan, eta leku askotan agertu zen Aberri Egunari buruzko propaganda. Baina horrelako ekintza ikusgarriek ez zuten jarraipenik izan hurrengo urteetan. Diktaduraren errepresioak ez zuen horretarako biderik utzi; nazioarteak, gainera, Franco boteretik bota ez, bere horretan mantentzen lagundu zuen, eta horrek itxaropen eza nahiz egoera berrira behin betiko egokitzeko joera zabaldu zuen hainbat eta hainbat euskaldunen artean. Eta Aberri Egunak horren isla izan ziren.

Testuinguru horretan ospatu zuen Agirrek bere azken Aberri Eguna. 1959an. Caracasen zegoen, eta bertako Euskal Etxeak antolatutako ekitaldietan hartu zuen parte. Inor gutxik pentsa zezakeen orduan hura izan zitekeenik lehendakariaren azken Aberri Eguna. Handik gutxira ospakizunak ezagutu zuen bultzada handia ikusi gabe joan zen.

Izan ere, Aberri Egunek gerra aurretik izan zuten presentzia berreskuratu zuten 60ko hamarkadan, ekonomian, gizartean eta kulturan ematen ari ziren aldaketa sakonen ildotik eta belaunaldi berrien eskutik. Aldaketaren lehen zantzuak 1963an eman zirela esan daiteke. Orduko hartan, Aberri Eguneko ohiko ospakizunei beste bat gehitu zitzaien, Pazko Astelehenean, Lapurdiko Itsasu herrian, Iparraldeko Enbata kultur mugimenduak deituta -sortu berria zen ETAren babesarekin-. Aspaldiko partez, Aberri Egunak ehunka lagun bildu zituen, eta oihartzun nabarmena izan zuen. Benetako aldaketa, ordea, ez zen hurrengo urtera arte gertatuko. EAJk Gernikara deitu zuen 1964ko Aberri Egunean, ospakizunaren lekukoa barnealdeari itzul-tzeko eta, bide batez, Diktaduraren aurkako borrokan jelkideek galdua zuen protagonismoa berreskura-tzeko asmoz. Deialdi hura Eusko Jaurlaritzak, EAEk eta ETAk ere babestu zuten. Segurtasun indarrek kontrolak jarri eta ahalegin handiak egin zituzten ospakizuna zapuzteko, baina milaka izan ziren Gernikara iristea lortu eta erregimenari desafio egin ziotenak. Bertan gertatutakoa lau haizeetara zabaldu zuten jeltzaleek -Gernikako Arbolaren aurrean dagoen mutilaren argazki famatuak, adibidez, bira eman zion munduari-, eta horrek Diktaduraren aurkako borrokari arnasa eman zion barnealdean.

Gernikakoak norabide berria eman zion Aberri Egunari. Handik aurrera Hegoaldean egin ziren ospakizun garrantzitsuenak: Bergaran 1965ean, Gasteizen eta Hendaia-Irunen 1966an, Iruñean 1967an, Donostian 1968an... EAJ eta ETA izan ziren protagonista nagusiak; baina Erregimenaren aurka zeuden gainerako euskal alderdiak ere gehitu zi-tzaizkion. Deialdiak modu bateratuan egiten saiatu ziren, baina asko izan ziren ETAk bere aldetik egin zituenak -horietan lehena 1966koa, Eusko Jaurlaritza eta gainerako alderdiekin Gasteizen elkartzeari uko egin eta Hendaia-Irunera deitu zuenekoa-. Neurri handi batean Aberri Egunak Diktaduraren aurkako borroka egunak bilakatu ziren. Eta errepresioa Aberri Egunaren parte bihurtu zen: kontrolak, liskarrak segurtasun indarrekin, atxiloketak... Horrenbestekoa izan zen errepresioa, ezen 1969tik aurrera EAJk deialdi publiko bateraturik ez egitea erabaki baitzuen.

Aberri Egunaren oihartzuna handia zen jada 70eko hamarkadaren erdialdean. Giro politikoa pil-pilean zegoen eta, errepresioak errepresio, geroz eta gehiago ziren Aberri Egunean kalera irteten zirenak. Alderdiek deialdi bateratuak egiteko saiakerak egiten zituzten urtero, baina azkenean talde bakoitzak bere aldetik ospatzen zuen eguna. Gauzak horrela, Aberri Eguna ez zen modu bateratuan ospatu 1978. urtera arte. AP eta UCD ez beste alderdi politiko guztiek, sindikatuek eta Euskal Kontseilu Nagusiak egin zuten deialdia, momentu hartan bor-bor zeuden hiru aldarrikapen ikur hartuta: autonomia estatutua, udal hauteskundeak eta krisi ekonomikoaren aurkako neurriak. 40 urteren buruan Hegoaldean baimendutako lehen Aberri Eguna izan zen hura, eta milaka eta milaka izan ziren lau hiriburuetan egindako manifestaldietan parte hartu zutenak. 1979ko Aberri Eguna ere modu beretsuan ospatu zen, Euskadi autogobernuaren alde lemapean. Trantsizio urte haietan abertzaleek eta ez abertzaleek hartu zuten parte Aberri Egunean, nahiz eta nabaria izan zen lehenengoen nagusitasuna. Eta Aberri Egunek oihartzun handia izan zuten jada baimendua zegoen prentsan.

Handik aurrera gauzak zeharo aldatu ziren. Abertzale ez ziren taldeek utzi egin zioten Aberri Eguna ospatzeari. Horretaz gain, desagertu egin ziren deialdi bateratuak, eta alderdi politiko bakoitzak bere ospakizunak egin zituen, mezu eta esanahi propioekin. EAJk, esaterako, Errepublika garaian Aberri Egunek izan zuten festa kutsua berreskuratu zuen, aldarrikapenak erabat baztertu gabe. Ezker abertzalearen inguruko taldeek, aldiz, mantendu egin zuten borrokarako deia. Hainbatek, bestalde, Aberri Eguna Euskal Autonomia Erkidegoaren eguna izenda-tzeko saiakera egin zuten, baina proposamenak ez zuen aurrera egin. Oro har, Aberri Egunak galdu egin zuen Errepublika garaian nahiz 60 eta 70eko hamarkadetan izan zuen oihartzuna eta indarra. Urteen poderioz, aldarrikapen kutsua erabat galdu gabe, hausnarketa egiteko egun bilakatu zen. Eta aurten, Agirreren heriotzaren 50. urteurrena ospatzen dugun honetan, gauzek ildo beretik jarraituko dute.