Martxoaren 27an Antzerkiaren Nazioarteko Eguna izango da. Rey eta Urgoitia antzerkiaz baliatu ziren 2022an Bigarren ekitaldia dokumentala aurkezteko. Horretan, hainbat gai landu zituzten antzerki proiektu zehatz bat oinarritzat hartuta: Pabiloi 6. Horren bidez, arkitekturari buruz, demokratizazioari buruz eta hiriari buruz aritu ziren proiektuko fundatzaileekin. Haiek dioten bezala, “Pabiloi 6 ez da soilik antzoki bat, aldaketa kulturala baizik”. Hurrengo proiektua prestatzen duten bitartean, dokumentalari buruz hitz egin dute Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren bueltan.

Nondik dator Pabiloi 6rekin harremana Bigarren ekitaldia dokumentala sortzeko?

Ainhoa: Betindanik, beti joan gara Pabiloi 6ra. Dokumentala planteatzen hasi ginenean, espazio baten bila geunden, eta bere inguruko ekosistema guztia aldatu izan duen espazio bat nahi genuen, eta hori Pabiloi 6 zen. Industria kutsu hori izan duen erakunde bat da Pabiloi 6, eta hori birmoldatu du.

Enrique: Gu hasi ginen dokumentalak egiten diputazioak eskaintzen dituen laguntzekin. Laguntza horien tematika kultura zen, eta interesgarria iruditzen zitzaigun industrialdeak helburu kulturaletarako berreskuratzea, eta gainera, autogestionatuta. Laguntza horiekin 2 dokumental egin ditugu, eta hirugarrena egiteko ideia hau hartu genuen.

Ainhoa Urgoitia. Jose Mari Martinez Bubu

Pabiloi 6 proiektu kultural zein sozial bezala definitzen duzue

A: Bai, bi adjektibo horiek garrantzitsuak dira. Alde batetik arteari lotuta dago, eta bestetik, auzoaren dinamizazioari. Auzoa aldatu du Pabiloi 6k. Niretzat oso garrantzitsua izan da, eta Ramon Bareak eta Pedro Bareak oso ondo azaltzen dute dokumentalean, jendeak uste duela antzokiak hiriaren erdigunean egon behar direla. Kasu honetan, auzo batean dago, eta horrek ere nolabait ekosistema kultural osoa aldatzen du: antzerkiak balio du auzo batek beste bizitza bat izateko, gizartearekiko beste hurbiltasun bat, eta gune kulturala hirigunea bakarrik ez izateko. Antzerkia demokratizatu du Pabiloi 6k.

E: Pedro Bareak dokumentalean ere aipatzen du antzerki instituzionalizatutik ateratzearen ideia. Beste antzerki formula bat bilatu zuten, non antzerki munduko jendeak antzerki munduko jendearentzat proiektu bat sortzen zuen. Gero, gainera, Gazte Konpainia sortu zuten, jende berria ere proiektura gehitzeko.

Zuentzat, Pabiloi 6 beharrezkoak diren dinamizatzaile horietako bat izan da. Zergatik?

A: P6 jaio zenean, espazio autogestionatu bezala jaio zen, aktoreek kudeatzen zuten, ez zegoen programadore bat. Sorkuntzarako askatasuna ardatza izan zen, ez zegoen publikoarentzat programazio bat sortzeko beharraren presioa. Abiapuntu hori oso interesgarria izan zen guretzat. Errentagarritasuna alde batera gelditzen zen, eta horrek askatasuna ematen dizu, eta noski, dinamizatzen du. Hori baliabide kultural bezala aurkeztea eta denontzat dela helarazi behar zen, eta hori izan zen guk egin genuena dokumentalaren bidez.

Enrique Rey. Jose Mari Martinez Bubu

Pabiloi 6ren errepaso bat egin duzue dokumentalaren bidez?

A: Bai, fundatzaileekin egon ginen hasiera batean eta elkarrizketatu genituen: Ramon Barea, Irene Bau, Itziar Lazkano… Ekosistema horretan ibili diren aktoreekin ere egon ginen. Hasieratik gaur egunera arte nola antolatu diren ikusi genuen.

E: Denbora inbertitu zuten proiektua aurrera atera ahal izateko. Lekua konpondu, gauzak mugitu… Baina denbora ez ezik, kolaborazioak garrantzitsuak izan ziren: dirua ez zegoenez, erabaki zuten hainbat eserleku saltzea. Fede-ekintza bat egin zuten esanez: "Erosi butaka bat, hau etorkizunean ondo aterako dela". Hori zoragarria da, lanbideko jendeak fundatzaileengan eta proiektuan sinesten zuen. Kontrakorronteko proiektu bat sortu zuten, leku kalamastra batean, itoginekin, leku guztietatik urrun...

Dokumental berean espazioen birmoldatzeari buruz ere aritzen zarete, abiapuntua zerrategi zahar bat antzoki batean bihurtzea delako

A: Ez da bakarrik espazio bat birmoldatzeak, baizik eta birmoldaketa horrek suposatzen duena. Bizitzaz bete zuten zonaldea, eta beste jende bat erakarri zuten. Ez zuten antzoki bat eraiki soilik, baizik eta inguru bizigarri bat sortu zuten. Gazte Konpainiarekin hori ikusi dugu. Hasiera batean hori ez zegoen planteatuta, baina hasierako proiektu berak eragin zuen Gazte Konpainia baten beharra eta aukera. Zertarako hainbeste eraikin huts potentzialitate izugarria daukatenean hiria birmoldatzeko?

Gazteek ez dute Bilbo industrial hori ezagutu, baina agian, bai ezagutu dutela Pabiloi 6.

A: Bilbok iragan bat dauka, eta gaur egun, iragan horretaz oso urrunduta dagoen gaurkotasun bat, eta antzoki honek lortu du biak berea egitea eta publiko zehatz bati horiek elkarrekin aurkeztea. Bi denbora horiek Pabiloi 6n elkartzen dira. Dokumentalean ikusi ahal duzu zelan eraikitzen den proiektua, ze garrantzitsua den kultura arloan askatasunez lan egitea… Gazteek askok konektatu dute horrelako proiektu batekin. Ez dugu Pabiloi 6ren eredua eredu egoki bakarra bezala ulertu behar, baina bai pentsatu behar dugu eredu hauek beharrezkoak direla.

E: Dokumentalean antzerki mota hau “hurbileko antzerki” bezala definitzen dute, non izerdiak publikoa bustitzen duen. Aktoreak haien lana publikotik gertu egiten dute, eta gainera, obra bukatzen dutenean, aukera dute publiko horrekin hitz egiteko, Pabiloi 6ko tabernan zerbait hartzeko… Antzerkia ikusteko beste modu bat eskaintzen dute.

Dokumentalean ere arkitektura aztertzen duzue

A: Guk, gaur egun, arkitekturaren aldetik hirak aldatu behar direla ikusten dugu, eta hiriak hor bizi direnentzat izan behar direla, eta ez bakarrik turistentzat. Nolabait ere, Pabiloi 6k antzerkiarekin egin zuen bezala, arkitekturaren bidez kaleak demokratizatu behar ditugu. Kalearen grina berreskuratu behar dugu, eta horretarako, kale zabalagoak behar ditugu, parkeekin… Guk uste dugu hori galtzen ari dela. Bizitza oso azkar doa, ez dugu lehen pasatzen genuen denbora kalean pasatzen. Kalea ez da eroso ez nagusientzat, ez haurrentzat. Guk uste dugu hori aldatu behar dela. Nola lortuko dugu hori? Hiriak gizartearen zerbitzura jarriz.

E: Espazioa ez da bakarrik berreskuratu behar, berreskuratu eta gero edukiz bete behar da, horrela hiritarrei bueltatzeko egun baten haiena izan zena. Ez da diseinuko maskor polit bat sortu behar, aurpegi hori ondo dago, fatxada polita da, baina nik sartu nahi dut eta barruko edukiak barruan gelditzeko gogoa piztu behar dit, horren parte izateko nahia sorrarazi behar dit. Hori da Pabiloi 6k arkitekturarekin duen harremana. Forma landu behar da, baina hondoa ere landu behar dugu. Baliteke espazioa kanpotik ikustean munduko ederrena ez izatea, baina produzitzen duen industria kultural horren bidez biztanleei bueltatzen die haiek hiriari eskaintzen diotenaren zati proportzional bat.

Dokumentalean, orduan, ikusten dugu antzerkia beste faktore batzuekin harremana duela

A: Antzerkiak esponente kultural izatetik haratago doa. Pabiloi 6k gauzak beste modu batera antolatu ahal direla erakutsi du. Pabiloi 6k, lehen esan dugun bezala, industria-iragan batera eta kultura-orainaldi batera hurbiltzea da. Pabiloi 6k erakusten digu edozein kultura-jarduerak balio duela inguruneak dinamizatzeko, demokratizatzeko.

Hau azken urteetan hainbat hiritan ikusi dugu, ezta?

A: Gobernuek ikusi dute kultura-planak beharrezkoak direla, bestela hiriek ez baitute funtzionatzen. Hori baino gehiago, sortzaileek berek ez dute beti “merkadoteknikaren” preso egon behar. Alde horretatik, gobernuek eta eragile politikoek kultura funtsezkoa dela onartu dute. Hiri batek modernoa eta soziala izan nahi badu, kulturaren aldeko apustua egin behar du. Alemanian adibide asko daude, baita Zaragozan ere.

Eta Bilbon?

A: Hemen pena ematen duena zera da: industria-ondasun hori zuten espazio guztiak suntsitu zirela dirudi. Ez dugu hori gorde, eta hori ere gure alderdi kulturala da. Alemanian kontserbatu eta erakusketak egiteko eta iragan industria hori gogoratzeko erabili dira. Espero dut Pabiloi 6k 40 urte gehiago egotea, egun batean Bilbo izan zenaren zati horrek hor jarraitzen duela esan nahi duelako.

Udalak konturatu dira horrelako espazioek zer suposatzen duten. Garai nahasiak izan dira Pabiloi 6rentzat hiri plangintza berriaren proposamenarekin. Zeintzuk izan ahal dira horrelako espazio batek desagertzearen eragin negatiboak?

A: Pabiloi 6 desagertzen bada, sortzeko askatasuna desagertzen da. Udalak ondo ulertu du zein garrantzitsua den horrelako espazio bat izatea. Pabiloi 6 desagertuko balitz, Euskal Herriko arte eszenikoen parte oso garrantzitsu bat galduko litzateke.

E: Ramon Bareak egiten duen konparazioa asko gustatzen zait. Txirrindulari batek itzulia egiten du eta gainerako denboran praktikatu egiten du. Baina aktoreek berdina egin ahal izan dezaten, leku bat behar dute, eta Pabiloi 6k leku hori bete behar du, obra eta obra artean aktoreek aurrera egiten jarrai dezaten. Praktikarako tokia ere bada. Antzerkia egiteko eta ulertzeko modu bat desagertuko litzateke, inkluso kultura orokorrean ulertzeko modu bat, kultura eredu bat non denok sartzen garen.