A urtengoan, umorea eta alaitasuna izan dira nagusi Astigarragako txotx denboraldiaren estreinaldian Gure Zirkuko kideen eskutik. Iker Galartzaren gidaritzapean, pozik hartu du taldeak sagardo berria dastatzeko gonbidapena. Izan ere, bereziki zaila izan den garaia alde batera uzteko eta datorrenari indarrez heltzeko aitzaki polita izan baita.
Udaberrira arte karpa itxita izango duzue. Zertan zabiltzate orain?
Ohi bezala, errege bezperan amaitu genuen 2024ko bira eta udaberrira arte atseden hartuko dugu. Horrek ez du esan nahi geldirik gaudenik, izan ere, hilabete hauetan ikuskizun berria prestatzeko aprobetxatzen dugu.
Zer ekarriko du denboraldi berriak?
Aurtengoak alaitasuna ekarriko du bereziki, inoiz baino koloretsuago eta argitsuagoa izanik. Azkeneko hilabeteak ez dira samurrak izan eta hori alde batera uzteko beharrean gaude.
Zergatik esaten duzu une zailak bizi izan dituzuela?
Gaixo egon naiz. Udan legionella harrapatu nuen, dirudienez, aire egokituaren bidez, eta oso gaizki egon nintzen. Bederatzi egun koman egon nintzen, hil ala bizi egoeran.
“Udan legionella harrapatu nuen eta bederatzi egun koman egon nintzen, hil ala bizi egoeran”
Zer moduz zaude orain?
Hobeto nago, poliki-poliki indarberritzen. Oraindik denbora behar dut osatzeko, baina gauza berriak egiteko desiatzen nago. Gaixotu ondoren, zirkura itzuli nintzen gira bukatzeko, baina ez naiz aktore lanetan ibili; indarrik gabe nengoen, muskulatura atrofiatuta gelditu zitzaidan.
Nola eraman duzu bigarren mailan egotearena?
Oso harro nago Gure Zirkuaren taldeak aurrera egiteko egin duen esfortzuarengatik. 18 lagunek osatzen dugu Gure Zirkuaren familia eta proiektu hau gauza oso serioa da guretzat, honetatik bizi gara eta ikusleei onena ematea da gure helburua.
Noiz eta non ekingo diozue bira berriari?
Maiatzean hasteko asmoa dugu eta ziurrenik Algortan, Bizkaian, egingo dugu estreinako ikuskizuna. Hortik aurrera, Euskal Herri osoko 13 herritan jarriko dugu karpa.
Nobedaderen bat aurreratuko diguzu?
Oraindik prestatzen ari gara, baina esketx berriak egongo dira, Gure Zirkuaren esentziarekin bat egingo dutenak: umore, abesti, istorio eta malabare edo akrobazien bidez sentimenduak transmititzea.
2017an Gure Zirkua sortu zenutenetik, nolakoa izan da orain arte egindako bidea?
Asko ikasi dugu eta horretan jarraitu nahi dugu. Zazpi urte hauetan, profesionalizatzea izan da erronka nagusia. Bestalde, arrakasta dela eta ez dela, ez dugu inozentzia galdu nahi.
Sagardo denboraldiari buruz, aurtengoan sagardoa hartzeko moduan egongo zara?
Bai, baina neurrian. Bizitza normala egiteko agindu didate. Gure Zirkuan sagardo zale amorratuak gara eta azkeneko emanaldia bukatu ondoren sagardo botila bat irekitzeko ohitura dugu.