Asteazken honetan goizean, abenduak 7, emakumezkoen Euskal Selekzioaren Gabonetako partidaren aurkezpena egin da Mendizorrotzan. Txileren aurka izango da, abenduaren 20an, Alavesen zelaian. Partida arratsaldeko 19.00etan hasiko da.

Hala jakinarazi du gaur Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak Arabako zelaian emandako prentsaurrekoan. “Partida hau munduko ilusio guztiarekin iragartzen dugu, eta euskal gizarteak guk bezala jasotzea espero dugu. Indar osoz animatuko dugu gure emakumezkoen selekzioa”, nabarmendu du presidenteak.

Partida, beraz, lehen mailako zelai batean eta oso selekzio erakargarriaren kontra jokatuko da. Euskal Selekzioaren partida bat antolatzeko hiru baldintza eman behar dira: lehen mailako zelai bat izatea, selekzio handi baten aurka lehiatu ahal izatea eta ahalik eta talderik onena biltzea. Bada, denbora asko igaro ondoren, hiru baldintza horiek lortu dira.

«Gasteizko eta Euskal Herriko herritar guztiak animatzen ditut partidara etortzera eta emakumezkoen Euskal Selekzioa animatzera; nahi duguna ez da bakarrik kirol ekitaldi bat izatea, baizik eta Mendizorrotza festa handia bihurtzea», adierazi du Livia López, Kirol eta Osasun zinegotziak.

Kirol ekitaldi hau posiblea da Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vital Fundazioaren, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren eta Arabako Futbol Federazioaren laguntzari esker.

Hautatzaile berria

Euskal Selekzioak hautatzaile eta talde tekniko berria ere estreinatuko ditu. Juanjo Arregi (Urnieta, 1964) izango da Euskal Selekzioaren agintea hartuko duena, Real Sociedad, Añorga KKE edo Urnieta KE bezalako klubetatik igaro ondoren. Gainera, Euskal Selekzioko beheko kategorietako (18 urtez azpikoak eta 12 urtez azpikoak) hautatzailea izan zen.