Duela hamar urte, guraso talde batek pentsatu zuen txapelketa bat antolatu zitekeela Gallartan, harrobiko txikienekin. Klubak laster eman zuen bere erantzuna. Lanari ekin zioten eta gaur egun horretan jarraitzen dute. Pasa den asteburuan Gallartako taldeak antolatzen duen San Antonio txapelketaren hamargarren edizioko finalak jokatu ziren. 56 talde elkartu ziren; izan ere, Bizkaiko klub askok eta askok ondo markatuta daukate hitzordu hori egutegian. “Urtero deitzen digute izena emateko eta gero eta talde gehiago datoz, baina ez zaigu inporta, denak dira ongi etorriak”. Azaldu digu Gallartako presidenteak.
Meatzaldeko klubaren zelaitik hainbat talde pasa ziren, esaterako: Trapagaran, Somorrostro edo Abanto, bertakoak; Sestaoko San Pedro eta Sestao River; eta Bilboko Otxarkoaga. Betikoez gain, Igorreko Arratia eta Bilboko Kirikiño ikastolako taldea ere egon dira aurten, lehen aldiz. “Deitu egin ziguten, probatu nahi zutela esanez, eta esperientzia polita iruditu zaie”, esan digu presidenteak.
Hainbeste talde espero zirenez, txapelketa bi asteburutan egin da. Lehenengoan sailkapen faseko partidak jokatu ziren eta bigarrenean finalerdiak eta finalak. Kategoria desberdinetako jokalariek hartu zuten parte, aurre-benjaminetatik hasi eta kimuen mailara arte. Lehenengo asteburuan 911 jokalari egon ziren guztira, 56 taldetan banatuta. Zoramena izaten da, baina Gallartakoak oso pozik daude; harro daude lau egunetan halako jendetza batzeko gai izateaz. “Klub txikia gara eta gustatu egiten zaigu Bizkaiko beste taldeak gonbidatzea, futbolaz gozatzeko”, esan digu presidenteak. Kategoria bakoitzeko taldeak bi taldetan sailkatu ziren. Talde bakoitzak 25 minutuko hiru partida jokatu zituen. Lehenengo lau sailkatuek finalaurrekoak eta finala jokatu zituzten, hurrengo asteburuan.