Bokartaren arrantzaldia oparoa izaten ari da Euskadiko baxura flotako ontzientzat. Azken astean, arrantzuak ugariak izan dira eta harrapatutako arraina tamaina onekoa izan da, gainera. Ontzi gehienek eguneko harrapaketa muga –10.000 kilo ontzi handientzat eta 8.000 kilo txikientzat– bete dute azken egunetan, itsaso barea eta tenperatura epelak lagun dituztela. Ondarroako portuak 600.000 mila kilotik gora jaso ditu aste honetan, Bizkaia, Gipuzkoa, Kantabria eta Galiziako ontziek lehorreratutakoa. Arestian esan bezala, harrapatutako arraina tamaina onekoa izan da eta ondorioz, enkantean lortu duen prezioa ere ona izan da. Izan ere, kontserbak lantzen dituzten fabrikek ez dute antxoa handia erosteko aukera galdu, eta igarri egin da arrainaren kotizazioan. Kontuak kontu, porturatutako kopuruak eta arrainak lortu duen prezioa kontuan izan da, azken aste hau orain arteko oparoena izan da arrantzaldia martxoaren 1ean hasi zenetik. Hogeita hamar granoko –aleak kiloko– eta handik beheragoko antxoa harrapatu dute euskal arrantzaleek aste honetan. Ondarroan tamaina horretako 100.000 kilo baino gehiago saldu dira eta batez besteko prezioa 4,34 euro/kilokoa izan da. Egun batean, Getariako ontzi bik hogeitabost eta hogeita lau granoko bokart partidak saldu zituzten eta prezioa sei eurotik gorakoa izan zen. Gutxitan ikusten dira hain antxoa handiak.

30-45 granoko arraina

Hogeita hamar eta berrogei grano bitartekoa izan da aste honetan arrantzaleek harrapatutako antxoa gehiena eta batez besteko prezioa 2,46 eurokoa izan da Ondarroan. Arrainaren kotizazioari dagokionean, ez da ahaztu behar aurreko hiru urteetan antxoaren batez besteko prezioa ez zela 1,20 eurora iritsi. Izan ere, porturatutako arrain kopuru ia guztia tamaina txikikoa izan zen eta freskotan konsumitzeko saldu zuten. Aurten, ordea, tamaina oneko antxoa harrapatzen ari dira eta igoera egon da prezioan, batez ere, kontserba enpresak enkantean sartu direlako.

6.958 tona antxoa harrapatu zituzten euskal arrantzaleek 2022ko antxoaren kanpainan. Kopuru horretatik, baina, 3.177 tn baino ez zituzten lehorreratu portuetan. Gainerako 3.780 tonak, Kantabria eta Asturiasko portuetan saldu zituzten, Santoñan, Gijonen eta Laredon batez ere, antxoa hango uretan arrantzatu zutelako. Ondarroa, Getaria, Bermeo eta Hondarribiako kofradietan, besteak beste, beherakada nabarmena igarri zuten. 2002an 3.183 tn saldu zituzten Ondarroako kofradian, 1.051 Bermeon, 756 Getarian eta 222 Hondarribian.

Aurten, ordea, eta orain arte behinik behin, harrapaketen zati handi bat Euskal Herriko kostaldetik hurbileko uretan lortu dituzte arrantzaleek. Azken egunetan,Hondarribitik oso hurbil ibili dira arrantzan antxoaren kanpainan parte hartzen ari diren ontzi gehienak, ia guztiak. Ondorioz, harrapatutako arraina, Hondarribia, Getaria eta Ondarroako portuek jaso dute. “Guretzat oso albiste ona da gure arrantzaleek antxoa ugari eta tamaina onekoa arrantzatzen ibiltzea. Gainera, euskal kostaldetik hurbil aurkitu dituzte arrain sarda onak eta gure portuetan lehorreratzen ari dira harrapatutako antxoa. Ez da ahaztu behar arrantzaleak ez ezik, pertsona asko bizi direla arrantzatik portuetan” adierazi dute Bizkaiko kofradietatik. “Horretaz gain –gaineratu dute– gure kostaldetik gertu ibiltzeak gastuak murrizten ditu, erregai kontsumoa txikiagoa delako”.

Antxoaren kanpaina erdi aldera iritsi da eta arrantzaleek beste bi hilabete dituzte aurretik 2023 urterako duten harrapaketa muga betetzeko. 30.182 tona antxoa arrantzatzeko aukera dute aurten Kantauriko baxura flotako ontziek, azken urteetako kuotarik handiena, 2009an berdel kuota gainditu izanagatik jarritako isuna ordaindu ostean. Itsasoan ezer aurreratzerik ezinezkoa eta arrisku-tsua bada ere, kanpainaren lehen erdia ona izan da eta pentsa daiteke arrantzaleak dagokien kuota arran-tzatzeko moduan izango direla.

Antxoaren kanpaina ondo badoa ere, ezin daiteke gauza bera esan berdelaren arrantzaldiari dagokionez, amodun tretzak erabiltzen dituzten artisau flotako ontzientzat behintzat. Arrain gutxi aurkitzen dute arran-tzaleek eta aurkitzen duten horrek ez die jaramon handirik egiten haien amuei. Ondorioz, oso berdel gutxi sartu da azken egunetan euskal portuetan. “Egunetik egunera arrain gutxiago harrapatzen dugu. Berdela urrundu egin da kostaldetik ur handietara eta aurkitzen dugun apurrak ez du jan nahi. Panorama txarra daukagu aurretik eta aurten ere ezingo dugu gure kuota bete” adierazi du kezkatuta Bermeoko patroi batek. Euskadiko artisau flotako ontziek 4.519 tona berdel harrapatzeko aukera dute aurten, 3.192 tona Bizkaiko berrogeita hamalau ontziek eta 1.326 tn Gipuzkoako hogeita hamazazpiek. Guztira, laurogeita hamar bat ontzi ari dira berdeletan amodun tretzak erabiliz. Hondarribia, Pasaia, Ondarroa, Bermeo, Armintza, Kantabria eta Galiziako ontziak bildu dira Matxitxakotik lau milara berdela harrapatu gurean. “Horrek garbi erakusten du ez dagoela berdelik inondik”. Arrantzaleek zimarroi asko ikusten dute eta haien iritziz berdela izututa dago itsas hondoan.