Europako Batzordeak arrantza eta akuikultura sektorean “iraunkortasuna eta erresilientzia” hobetzeko proposatutako neurriek ez dute Batasuneko estatuetako arrantza arduradunen oniritzia jaso. Espainia, Frantzia, Portugal, Italia, Irlanda, Danimarka edota Alemaniako arrantza ministroek ez dute begi onez ikusten Virginijus Sinkeviius, Europako arrantza komisarioak, itsas eremu babestuetan hondoko arraste-sareen erabilera debekatzeko egindako proposamena. Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak, Luis Planasek, eskatu du Europako arrantza sektorearen egoeraren azterketa sakona egiteko “edozein plangintza egiten hasi aurretik”. Planasen arabera, Europako Batzordearen proposamenak “ez ditu sakonki aztertzen arrantza sektoreak egun dituen arazoak” eta “deabrotu” egiten du arraste ontzien jarduna. Bestalde, Espainiako ministroak esan du, Europako arrantza produktuak lehenetsi behar direla kanpotik datozenen aurrean. Izan ere, egun Europan kontsumitzen den arrainaren %70 Batasunetik kanpo erositako da.

Hervé Berville, Frantziako arrantza idazkariak esan du bat egiten duela itsas baliabideak babesteko helburuarekin baina ez duela ondo ikusten arraste-arrantza debekatzeko proposamena. “Ez da neurri egokia eta ez da egin debekuak ekarriko lituzkeen kalteen azterketa. Ez da proposamen serioa” nabarmendu du Bervillek.

Europako Batzordeak, itsas ekosistemak babesteko eta errekuperatzeko ekintza-plana bultzatu nahi du “arrantza jardunak eragiten dituen kalteak” txikitzeko. Hala, hondoko arraste-sareen erabilera debekatuta geratuko litzateke eremu babestuetan 2030 urterako. Lehenengo neurriak 2024 urteko martxoan hartu beharko liratekela dio Bruselak, dagoeneko itsas eremu babestu gisa izendatuta dauden uretan, laurogeita zazpi eremutan hain zuzen ere. Sinkevicius komisarioaren arabera, Bruselak “ez du arraste sistemaren erabateko debekua ezarri nahi. “Egungo egoeraz hitz egin nahi dugu. Edozein kasutan, neurri guztiak Arrantzaren Batzorde Ekonomiko, Zientifiko eta Teknikoak (STECF) aztertuko ditu” nabarmendu du lituniarrak.