Gipuzkoako Ecomagnet empresa eta Madrilgo Wattson lortu dituzte MUBIL Mobility Awards sariak euren proiektuekin. Zehazki, mugikortasun iraunkor eta adimendunaren arloan kokatuta daude. Saria bi partetan banatuta dago. Alde batetik, bi enpresek jasoko dute 25.000 eta 10.000 euro, hurrenez hurren. Beste aldetik, urtebeteko egonaldia egingo dute nazioartean erreferentziazkoa den MUBIL ekosisteman beren proiektuak garatzeko.

Donostiako Ecomagnet enpresak motor elektriko zaharkituen materialak berreskuratu eta prozesatzen ditu iman iraunkorrak egiteko lur arraroak lortze aldera, motor elektriko berrietan ezinbestekoak baitira. Orain arte, iman horiek Txinan egiten dira, sistema oso garesti eta kutsagarriarekin, eta alternatiba gisa, ekonomia zirkularrean oinarritutako prozesu bat diseinatu du Ecomagnetek, baztertutako elementuak aprobetxatzeko eta iman iraunkorrak egiteko hautsa lortzeko. Horrela, fabrikazio-prozesua ez litzateke kutsagarria izango, kostu txikia izango luke, Estatuan egin liteke eta hondakin horiek aprobetxatzea ahalbidetuko luke.

Bestalde, ibilgailu elektrikoen garapena zailtzen duten oztopoetako bat gainditu nahi du Wattsonek. Horretarako, biltegiratze-sistema eramangarri batean oinarritutako kargatze mugikorreko sistema bat asmatu dute; horrela, 'Elektrolinera' bat bidali ahal izango litzateke behar den lekura. Proiektu honen xede-talde dira bai azken erabiltzaileak eta bai ibilgailu-floten operadoreak. Gainera, proiektuak Porscheren eta Iberiaren laguntza du dagoeneko.

Sariak banatzeko ekitaldian, Tabakaleran (Donostia), bi ekimen irabazleek euren proposamenak defendatu behar izan dituzte adituen panel baten aurrean, beste lau proiektu finalistekin batera. Epaimahaiak horien guztien kalitatea azpimarratu du.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak parte hartu du sari-banaketa ekitaldian, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hitza hartu du: MUBIL "konbikzio sendo" baten emaitza dela azpimarratu du; izan ere, "etorkizuneko ekonomiaren aldeko apustua" da, industria ardatz duen eta klima-aldaketari erantzuna ematera bideratutako esfortzuak egiten ari den lurralde batean gauzatua. "MUBIL Europan mugikortasun berriaren abangoardian kokatzea nahi dugu. Industriaren arloan sendoak gara, berrikuntzarako gaitasuna eta ezagutza aurreratua baititugu. Horri esker, MUBIL errealitate bat da, anbiziotik mugikortasun berriari lotutako industria bultzatzen ari dena, gaur banatu diren sariek erakusten duten bezala", adierazi du ahaldun nagusiak.

Halaber, MUBIL Mobility Awards sarien lehen edizioaren "arrakasta" eta aurkeztutako proiektuen "maila oso altua" goraipatu ditu ahaldun nagusiak. "Parte hartzen duten ekimenek etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izango den erakusten digute. Ziur nago, enpresen, teknologia-zentroen, unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez, aurrera egiten jarraituko dugula ekonomia berde baterantz, eta kalitatezko enplegua sortu eta gizarte jasangarriago baterantz hurbilduko garela", adierazi du Olanok. Gainera, MUBIL Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan sortu dela eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duela gogorarazi du.

Bestalde, Ane Insausti MUBILeko zuzendariak azpimarratu duenez, sari ekonomikoaz haratago, abantaila handiena da urtebetez MUBIL ekosisteman parte hartu ahal izatea. Horrez gain, adierazi du ekosistema horretara proiektu berriak batzea eta eragile guztien arteko lankidetza funtsezkoak direla MUBIL mugikortasun berrian nazioarteko erreferente bihurtzeko helburua lortzeko.

Ekitaldia Antonella Brogliak gidatu du, berrikuntza sozialaren arloan nazioarteko erreferentzia denak, eta MUBIL hirien garapen jasangarri eta inklusiboari dagokionez "eredugarria" dela esan du, elkarlan publikoa eta pribatua bateratzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko alternatiba bideragarriak proposatzeko gai delako. "Klimari dagokionez, alerta-garaian eta ia denborarik gabe gabiltzala, MUBILek argi erakusten du oraindik ere aldaketak eragin ditzakegula benetan nahi badugu", baieztatu du.