Ostegun honetan bertan ezagutu dugu 24. Korrikari musika jarriko dion abestia, aurten "Euskara gara" leloa daramana. Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz kantaren egileak hala aurkeztu dute Agoizko kultur etxean ospatutako ekitaldi batean.
Bertan, lehenengo aldiz proiektatu egin dute bideoklipa eta abestia, 'Xiberutikan mendebaldera' izenburupean.
Pello Reparazek sortu ditu kantaren musika zein letrak, eta bideokliparen zuzendaritza-lanaz ere arduratu da. "Gaurko emaitza musikala lortzeko, Reparazekin batera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek hartu dute parte. Bideoklipari dagokionez, nabarmentzekoa da plano-sekuentzian grabatuta dagoela", azaldu dute Korrikaren antolatzaileek.
LETRA
Erensugeren itzala
Santa-Grazitikan
Zarrakaztelura
Eta Errigoraren auzolan eredua
Eskutik eskura
Hori ere ba gara
Sorgin baten azken kanta
Itoizko kaletan
Zer gara euskara bera ez bagara
Maixux eta Erramunen herrian
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan
Basurdearen aztarna gara
Elorretatikan
Agurainaldera
Larruz eraikitako milaka etxola
Dajlatik Gazara
Hor da gure gogoa
Ezkerraldeko AEK
Saretuz lurra
Artzai gazte bat kontu zaharretan
Bariñako Bidane Baskaran
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Gailur berrietan
Lauburu bat gâteau batean baino
Euskara gara
Ilargirik gabe mareak gora
Nola bestela?
Nola bestela?
Maitasun eskutitz baten bide luzea
Xiberutikan Mendebaldera
Junkeraren fandango berri bat bezala
Bidaia berri baten bila
Ko! rri! ka!
Arranoaren hegaldia lumadi berriaz
Ko! rri! ka!
Irrintzi zahar bat aho gaztetan
Aurten nobedadeekin heldu da, gainera, erabakia. Izan ere, lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori egin kantaren enkargua.
"Ez da enkargu hutsa"
Ekitaldi honetan Reparazek hitza hartu du eta Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat dela” aitortu du. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”, azaldu du, horren harira.
“AEKren euskaltegietan izena ematera lehen urratsa emateko, alabarekin duen elkarrizketa batean euskaraz egitera animatzeko, edota Korrikan kilometro bat gehiago egitera sustatzeko balio badu, kantak bere funtsa beteko du”, adierazi du gainera. Izan ere, 97 egun barru hasiko den Korrikaren kanta honek bihotzak pizteko gaitasuna dauka.
Ane Elordik gidatu du kantaren eta bideokliparen aurkezpena, eta hala eskertu dio Reparazi bere ekarpena: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik".