-Indiako ozeanoan arrantzan ari diren euskal atunontzi izoztatzaileek kolpe gogorra jaso dute. Izan ere, datorren urtean aurten baino hegal horiko atun (yellowfin, Thunnus albacares) gitxiago harrapatu ahal izango dute, %6 gutxiago hain zuzen ere. Europako Batasunak onartu egin du urteko harrapaketa muga %21 murriztea, 2014. urtean harrapatutakoa oinarritzat hartuta. Urte horretan Europako flotako ontziek 92.000 tona yelowfin arrantzatu zituztela kontuan izanda, datorren urtean, harrapaketa muga 73.100 tonakoa izango da, aurtengoa baino 4.500 tona txikiagoa.

Ez da ahaztu behar, aurtengo topea ere 2014an arrantzatutakoa baino %15 txikiagoa dela. Beraz, 2022rako kuota ordukoa baino %21 txikoagoa izango da. Murrizketa berri honek erabat baldintzatuko du atunontzien jarduna, yellowfin kuota agortuz gero ontziek ezingo luketelako beste espezie batzuren bila atera eta gelditu egin beharko lukete arrantzaldia. Flota honetako ontzi gehienak Bermeokoak dira eta sektoretik gogor kritikatu dute Europako Batasunaren jarrera. “Bruselak ez du defenditu bere flota eta begi onez ikusi du beste murrizketa bat. Kolpe gogorra da guretzat eta kinka larrian uzten du flota” adierazi dute sektoretik. “Baldintza horietan ezinezkoa da aurrera egitea eta Europatik argi eta garbi esan behar digute gure flota babesteko prest dauden ala itsasotik atera nahi gaituzten”.

Harrigarria bada ere, Indiako ozeanoko atuna kudeatzen duen batzordeak hartutako erabakia ez da bete beharrekoa izango bertan arrantzan ari diren flota guztientzat. Izan ere, Omanek, Indiak, Indonesiak, Madagaskarrek eta Iranek uko egin diote arau berria betetzeari eta ez dituzte euren harrapaketak murriztuko. Hori gutxi balitz, beste herrialde batzutako ontziek, aurten baino yelowfin gehiago arrantzatu ahal izango dute datorren urtean. Ondorioz, Europako flota izango da kaltetu nagusiena, Bruselak onartu egin duelako murrizketa. “Neurri honen helburua hegal horiko atunaren egoera hobetzea bada, arrantzan ari diren ontzi guztiek bete beharko lukete ez guk bakarrik” diote Bermeoko enpresek.

Ikerketa zientifikoak

Biologoek egindako ikerketen arabera, Indiako ozeanoko hegal horiko atunaren stockaren egoera kezkagarria da eta neurri zorrotzak hartzeko proposamena egin diote Indikoko atuna kudeatzen duen batzordeari. Euskal enpresek ez dute ikusten oinarri zientifiko sendorik stockaren azterketan. “Zalantza handiak daude hegal horiko atunaren gaineko ikerketek duten sinesgarritasunaz, biologoek euren lana egiteko erabiltzen dituzten datuen sinesgarritasunaz hain zuzen ere. Alde batetik, oinarri eskasa dutelako -ontzi gutxi batzuren datuak besterik ez dituzte jasotzen- eta bestetik, ontzi horiek ematen dituzten datuak faltsuak direlako askotan. Stocka egoera larrian dagoela badiote ere, gure arrantzaleek atun asko ikusten dute itsasoan”.

Kuota Kuota murrizketa ez da euskal ontziek jaso duten kolpe bakarra. Atunontziek ontzi laguntzaileak erabiltzen dituzte atuna harrapatzeko. Bada, Indiako ozeanoko atuna kudeatzen duen batzordeak murriztu egin du berriz ere ontzi horien kopurua. Orain arte, bi ontzi laguntzaile zeuden bost atunontzirako eta datorren urtetik aurrera, hiru besterik ez dira izango hamar ontzirentzat.

Beste alde batetik, atunontzi izoztatzaileen flotak atuna biltzeko dispositiboak erabiltzen ditu bere jardunean. Azken urteetan, gailu horreek murrizteari ekin dio Indiako ozeanoko atunaren batzordeak.