BILBO. Aurreko edizioetako arrakasta eta gero, hemen da Kutxabankek abiarazitako 'Bizitzarako Finantzak' ekimenaren edizio berri bat. 38 ikastetxeetako 1.417 ikaslek hartuko dute parte astelehenean, hilak 19, hasiko den seigarren edizio honetan.

Covid-19ak eragindako osasun-krisiak ikastaroaren bilakaera markatuko duela aurreikusten denez, "Bizitzarako Finantzak" programak hiru egoera posible proposatu ditu heziketa-zikloaren garapena bermatzeko, bata % 100 aurrez aurreko hezkuntza izan daiteke, bigarrena aurrez aurreko eskolak eta online saioak tartekatuko dituen egoera mistoa, edo % 100 online jarduera duen hirugarren aldagai bat.

Jokoaren mekanika ere errealitate finantzario berrira egokitu da, joko interaktiboaren oinarri diren txartelek egoera sozioekonomiko berria berariaz aipatzen baitute. Ikastetxeek joko fisiko bat izango dute, gelan binaka edo talde txikitan jokatzeko aukera emango diena, baita etxetik banaka jolastu ahal izateko material digitalak ere.

Hasierako eta amaierako saioak, lehen, erabat aurrez aurrekoak ziren, orain, ordea, plataforma digitalen bidez bideratuko dira.

Gazteek finantza-arloko oinarrizko kontzeptuak uler ditzatela du helburu 'Bizitzarako Finantzak' programak, horrela, helduarorako ibilbidean ezinbesteko izango zaizkien zenbait gaitasun eta ezagutza hartuko dituzte. Horregatik, tresna bereziki eraginkorra da DBHko 3. eta 4. mailetako ikasgeletan, Ekonomia eta Ekintzaile Jarduerarako Ekimena ikasgaietarako. Beste ikastetxe batzuek zeharka erabiltzen dute 'Bizitzarako Finantzak' programa ikasgai batean baino gehiagotan.

ASEBETETZE-MAILA HANDIA, KONFINAMENDUA GORABEHERA

2019-2020 azken ikasturtean, Euskadiko 57 ikastetxetako 117 gelatako 2.037 ikaslek hartu dute parte guztira. 2016an 'Bizitzarako Finantzak' heziketa-zikloa hasi zenetik, Euskadiko 239 ikastetxetako 467 gelatako 9.400 neska-mutilek hartu dute parte.

'Bizitzarako Finantzak' programa hezkuntza-tresna berritzaile gisa finkatu da, eta duen simulazio-jokoa edizio bakoitzean eguneratzen da, parte-hartzaileen, irakasleen eta Kutxabankeko langileen ekarpenei esker.

Gizarte-konfinamendua dela-eta, 2019-2020 edizioak erronka berri bat ekarri badu ere, gogobetetze-inkestek oso balorazio positiboak erakutsi dituzte. Izan ere, parte hartu duten ikastetxeen % 100ek adierazi dute datorren ikasturtean jarduera errepikatzeko prest egongo liratekeela.

EUSKARAZKO SAIOEK % 60RAINO EGIN DUTE GORA

Programa simulazio-joko oso parte-hartzailean oinarritzen da. Horren bidez, oinarrizko finantza-trebetasunak eskuratzen dira eta hezkuntza-gaitasunak lantzen dira, hala nola komunikazioa, gizarte- eta herritar-gaitasunak, pentsatzea eta ikastea edo ekitea. Bosgarren edizioan, talde gehienek jokoa euskaraz egitea erabaki dute, zehazki ikasgelen % 60k, eta % 40k gaztelaniaz egin dute.

'Bizitzarako Finantzak' programak ikasgelan eta online lan egiteko behar den material didaktiko guztia ematen die ikastetxeei. Dinamizatzaileen nahiz Kutxabankeko adituen (gehienak jardunean ari diren bulego-zuzendari gazteak) partaidetza ere barne dago. Programaren itxiera-jardunaldira joaten dira zalantzak argitzeko helburuz, baita arazo bakoitzerako irtenbide onenak argudiatzeko eta ekimenaren helburuak bete diren baloratzeko ere.

SIMULAZIO JOKOA

'Bizitzarako Finantzak' programa ikastetxeetan bertan garatzen da, formatu berritzaile baten bitartez: simulazio-joko zuzendua eta partehartzailea, ikasleei eta irakasleei finantza gaitasunak eta trebetasunak lantzea ahalbidetzen diena. Binaka edo talde txikitan, partaideek pertsonaia bat aukeratuko dute, baita lortu behar duen helburu bat ere eta iraun behar du.

Premisa bi horiek ezagututa, eta ordubeteko iraupena duten hiru edo lau saiotan zehar, aurrekontua doitu beharko dute hilero, aldagai guztiak aintzat hartuta (diru-sarrerak, derrigorrezko gastu finkoak, beharrezko gastu aldakorrak eta beharrezkoak ez diren gastuak) irakasleek proposatzen dituzten aldagaien arabera. Aldagai horiek jokoan zehar erabakiak hartzea eskatuko dute, eta abiapuntua aldatuko dute zailtasun-maila biren inguruan.

Jokoaren azken saioa, ebaluaziorako azalpen-saioa izango da. Saio horretan Bankuko adituek argi geratu ez diren bizitzarako finantza-kontzeptuak doituko dituzte. Informazio-euskarria izateko une oro martxan izango den telefono-linea bat eskaintzen die Kutxabankek parte hartzen duten ikastetxeei, baita kontsultarako webgune bat ere bideoen eta simulagailuen bidezko laguntza tresnez hornitua, erakundearen web-orrietako 'Familiak' atalean eta http://www.finanzasparalavida.com helbidean.