- Kantauriko baxura flotako ontziek bertan behera utzi dute arrantza jarduera egunotan bizi dugun "osasun-krisiak sortutako salbuespenezko egoeraren aurrean". Gauzak horrela, Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziak, inguratze sarea erabiltzen dutenak, portuan lotuta geratuko dira aste santua igaro arte, apirilaren 13ra arte hain zuzen. Debekatuta geratzen da edozein espezie arrantzatzea denbora tarte honetan. Erabaki hau kofradietako arduradunek hartu dute, urtarrilaren 8an aurtengo bokartaren kanpainaren kudeaketarako sortutako batzordean.

Berdelaren kuota arrantzatu gabe duten ontziek -gehienek dagoeneko bete dute euren kuota- itsasoratzen jarraitu ahal izango dute baimenduta duten kopurua arrantzatu arte. Beraz, ontzi gutxi batzuk bakarrik aterako dira itsasora hurrengo asteetan.

Arestian esan bezala, inguratze sarea erabiliz arrantzatzen duten ontziei eragingo die itsasora urte-tzeko debekuak. Beste alde batetik, amu-tertzak erabiliz berdeletan ari diren ontziek ez dute jarduera etengo kuota amaitu arte. Esan behar da Kantauriko baxura flotaren zati txiki bat baino ez direla, ontzi gehienek inguraketa sarea erabiltzen baitute. Gainera, amu-tertzak erabiltzen dituzten ontzientzat berdelaren arrantzaldia eteteak kalte ekonomiko handiak eragingo lituzke. "Flota honek kostera bi baino ez ditu urtean: berdelarena eta hegaluzearena. Beraz, berdelaren arran-tzaldiak garrantzi handia du arran-tzale horientzat eta kuota bete arte itsasoratzen jarraitzeko asmoa dute" adierazi dute Bizkaiko arrantza sektoretik. Kofradietatik adierazi dutenez, harrapaketa erritmoa ona da eta ondo bidean ontzi batzuk datorren astean beteko dute euren kuota eta portuan lotuta geratuko dira.

Kantauriko kofradietako ordezkariek hartutako erabakiak bete betean eragingo dio antxoaren arrantzaldiari. Kostera martxoaren 1ean hasi bazen ere, orain arte bokart gutxi sartu da Euskadiko portuetan. Nolanahi ere, arrantzaleek portuan lotuta geratzea erabaki dute. "Guretzat ez da erraza gure jarduera bertan behera uzteko erabakia hartzea. Izan ere, luzaroan egon gara itsasora atera barik. Nolanahi ere, egun bizi dugun egoerarekin itsasora irtetea arriskutsua izan daitekeela uste dugu, gure lanaren berezitasunak kontuan izanda. Arrantzaleen osasuna da garrantzitsuena eta horregatik erabaki dugu portuan geratzea" adierazi dute kofradietatik.

Beste alde batetik, azpimarratzekoa da arrainaren prezioak azken egunetan izan duen jaitsiera. Atzo bertan, berdela inoiz baino merkeago saldu zen Bermeoko portuan. "Bizi dugun egoerak kalte handia egingo dio sektoreari. Arraina oso merke saltzen ari da. Berdelaren kasuan, freskorako kontsumoa ikaragarri jaitsi da aurreko urteekin alderatuta" azaldu du arrain erosle batek. Gainera, kontserba fabrika gehienek eten egin dute produkzioa. Ikusteko dago zer gertatutako den arrantzaleak itsasora itzuli eta antxoa harrapatzen hasten direnean.

Eragin handia. Kantauriko kofradietako ordezkariek hartutako erabakiak bete betean eragingo dio antxoaren arrantzaldiari.

Martxoaren 1ean hasi zen. Kostera martxoaren 1ean hasi bazen ere, orain arte bokart gutxi sartu da Euskadiko portuetan.

"Ez da erreza". "Guretzat ez da erreza gure jarduera bertan behera uzteko erabakia hartzea", diote arrantzaleek.

Berdela, merke. Atzo, berdela inoiz baino merkeago saldu zen.