Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak Bizkaiko hainbat herri txikitara zabalduko du eskaintzen duen arreta pertsonalizatua. Horrela, herri horietako biztanleak Lanbidek eskaintzen dituen zerbitzu eta baliabide guztietaz gozatu ahal izango dute, berez dagokien bulegoetara joan beharrik gabe. Neurri honi esker, sareko 42 bulegoei Arabako eta Bizkaiko herri txikietan ezarri diren arreta-puntu berriak gehitu behar zaizkie.

Horretarako, Lanbideko teknikariak, aldizka, herrigune horietan ipiniko diren arreta pertsonalizatuko guneetara hurbilduko dira. Era horretan, Euskal Enplegu Zerbitzuaren arreta-eredu berria zabalduko da, enplegu baten bila dabilen pertsonari edo enpresari laguntza pertsonalizatua emateko.

Arreta pertsonalizatuko guneak Arabako herri hauetan zabalduko dira: Langraiz Oka, Gaubea eta Rivabellosa (Añanako Kuadrilla), Lagran, Maeztu eta Santikurutze Kanpezu (Kanpezu - Arabako Mendialdeko Kuadrilla), eta Labastida, Laguardia eta Lapuebla de Labarca (Laguardia - Arabako Errioxa Kuadrilla). Bizkaian, Igorren (Arratia-Nerbioi), Otxandion (Durangaldea) eta Txorierriko Mankomunitateko Behargintzaren bulegoan —Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika eta Loiuko herritarrei arreta emateko— zabalduko dira.

Lanbideren profesionalek berri horiek Udalek lagatako lekuetan arituko dira lanean. Era horretan, sortu zenetik hamar urte betetzen direnean, herritar guztiei bere zerbitzuak eta baliabideak hurbildu nahi dizkien Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekimenean hartuko dute parte udal horiek.

Lanbideren zerbitzuak jende gutxiago bizi den ingurune horietara hurbiltzea Euskal Enplegu Zerbitzuaren arreta-eredu berriaren jarduketen barne dago. Izan ere, Euskal Zerbitzu horrek pertsonei zerbitzu integralak, pertsonalizatuak eta teknologikoki aurreratuak eskaini nahi dizkie.

Puntu berri horietan, Lanbidek burutzen duen enpleguaren inguruko laguntza-prozesuekin lotutako edozein gai kontsultatu ahal izango dute erabiltzaileek; enplegagarritasuneko diagnostiko bat egitetik hasi eta prestazioak eskatzeraino (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Prestazio Osagarria). Horretarako, arreta banakakoa eta tutorizatua emango da, prestatuta dagoen pertsonalaren eskutik.