Kutxabankek prentsa ohar bidez adierazi duenez, erakundearen gune finantziarioek jasotzen dituzten bisita guztien %35 sakeleko telefono eta tablet bidez egiten da. Izan ere Kutxabankek aplikazio berezia du, Android sistema operatiboarentzat zein Apple etxeko tresnentzat erabilgarria dena. Tresna hau dagoeneko 210.000 lagunek zamatu dute, duela urtebete zuen erabiltzaileen kopurua bikoiztuz.
Horren jakitun, finantza Taldea kanal anizkotasunaren, berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu garbia egiten ari da, bezeroenganako zerbitzua hobetzen jarraitzeko. Honela, internet bidezko bankak eskaintzen dituen aukera anitzak garatzen jarraitzen du, eta ohikoak diren eragiketez gain, orain maileguak eskatzeko aukera ere ematen du, bai eta baloreen gaineko aginduak eman, kudeatzailearekin harremanetan jarri edota familiaren kontabilitate koadroak ikustekoa ere.
Honez gain, Banka mugikorrak jubilazioa eta aurreikuspen produktuen beharrak kalkulatzeko simulatzailea dauka, eta berritutako txartelak aktibatzeko zein ordainketa agiriak eta mailegu txartelei eginiko karguak itzultzeko aukera ematen du, besteak beste.
Kutxabanken ordezkariek adierazi dutenez, "etengabeko berrikuntza honen emaitza da 2015. urteko lehen sehilekoan eginiko eragiketa guztien %80 baino gehiago kanal teknologikoen bitartez burutu zirela, online Bankaren norbanako bezeroek eginiko kontsultak %16 eta eragiketa kontableak %6 hazi ondoren".
Gainera, eta orain arte eskaintzen zuen segurtasun maila handia hobetzen jarraitzeko helburuarekin, Kutxabankek eguneratu egin ditu online eragiketak sinatzeko prozedurak, Europako Banku Zentralak 'Securepay' protokoloaren baitan eginiko azken iradokizunen arabera.
KUTXAZAIN AUTOMATIKOAK
Kutxabanken kutxazain automatikoen sarea zabaltzen jarraitu du edozein unetan esku dirutan eginiko sarrerak onartzen dituzten gailuen kopurua. Diru hau berehala eskuratu daiteke, gainera, hori baita bere abantailetako bat. Une honetan Kutxabankek Euskadin dituen bulegoen %90 baino gehiagotan era honetako kutxazainak daude. Kopuru hori %100era iristen da tamaina ertain eta tamaina handiko bulegoetan.
Kutxazain berriok eskaintzen dituzten aukera teknologikoen laguntzarekin, handitu egin da Kutxabanken bulegoetara sartu beharrik gabe eragiketa finantzarioak egiten dituzten bezeroen kopurua. Izan ere 2015. urtean zehar dirua ateratzeko edota libretak eguneratzeko egin diren eragiketa guztien %90 kutxazainetan eta libreta eguneragailuetan egin da.
Barik, Mugi eta Bat, hiru lurraldeetako garraio txartelen zenbatekoak eguneratzeko aukera ere eskaintzen dute kutxazainek eta, gainera, 'contactless' teknologia modernoa bateratzen ari dira, txartela zirrikituan sartu beharrik gabe dirua modu errazean eskuratzeko.