Estropada ederrak ikusi genduzan domekan Donostiako badian emakumezkoen zein gizonezkoen mailan. Arraunaz gozatzeko aukerea emon euskuen Donostiako banderaren lehen jardunaldian lehiatu ziran hamasei traineruek. Ganera, lehen sailkatuen artean egondako alde txikiak kontuan izanda, datorren domekako estropadak be ikusgarriak eta emozinoz beterikoak izango dirala esango neuke.

51

En imágenes: Gran ambiente en la Bandera de la Concha Arnaitz Rubio / Iker Azurmendi

Kontxaren lehen jardunaldian gertatutakoa jorratzeari ekin aurretik, argi eta garbi esan gura dot ez dotela ondo ikusten txandak zozketa bidez osatzea. Nire uste apalean, sailkatzeko estropadearen sailkapena hartu beharko litzateke oinarri modura lehen jardunaldiko txandak osatzeko. Lehen lau sailkatuak txanda baten eta hurrengo laurak bestean, bigarren jardunaldirako egiten dan moduan. Oriok emakumezkoetan eta Urdaibaik gizonezkoetan erlojupekoa egin behar izan eben euren txandetan, ganerako faboritoak beste txandan aritu ziran bitartean. Oriok bost segundu galdu ebazan eta Urdaibai ohorezko txandatik kanpo geratzeko zorian egon zan ziabogan. Barriro dinot, traineru indartsuenak batera joan beharko liratekeela zoriari edo suerteari garrantzia kenduta. Indartsuenak irabazi daiela ahalik eta baldintza bardintsuenetan.

Ez daukat gogoan bardintasun hain handia gizonezkoen mailako lehen jardunaldian. Lehenengo txandan ez zan domina-tzaile garbirik izan eta lau traineruek euki ebezan tarteren baten estropadea irabazteko aukerea. Hemeretzi minututik gorako lan gogorraren ostean, sei segunduko aldea baino ez zan egon lau traineruen artean. Zierbenak sufridu egin eban lehenengo luzean eta hamaika segundu galduta heldu zan kanpoko ziabogara. Bueltan, ostera, Dani Perezen gizonak Orio eta Donostiarra harrapa-tzeko zorian geratu ziran eta sei segundu baino ez ebezan galdu Hondarribiarekiko. Zierbena ohorezko txandatik kanpo geratu da eta lehen txandan lehiatuko da datorren domekan. Aukera ederra da galipoentzat. Izan be, bigarren txandarako haizeak indarra hartuko baleu eta lehen jardunaldian zazpi segundu bakarrik galdu ebezala kontuan izanda, zierbenarrek aukera ederra eukiko leukie Donostiako banderea lehenengoz irabazteko.

Urdaibairi jagokonez, Bou Bizkaiak erakustaldi bikaina emon eban domekan Donostiako badian. Ez dakit zer pasau zan GPSagaz eta sinestu egin beharko dogu matxura baten ondorioz geratu zirala ezelango erreferentzia barik bigarren txandako ontziak. Gatxa da ulertzeko, zelan gertatu daiteken holako matxura larri bat urteko estropadarik ospetsuenean. Bermeoko trainerua ziabogara heldu zanean jakin genduan bere denporea Hondarribiarena baino hamabi segundo txarragoa zala. Era berean, Bou Bizkaia helmugaratu arte ez genduan jakin Gorka Aranberriren mutilek irauli egin ebela sailkapena, Ama Gudalupekoari hamahiru segundu kenduta bigarren luzean.

Segundu bakar bateko alde txikiagaz ekingo deutso Bermeok bigarren jardunaldiko estropadari baina aurreko domekan ikusitakoa ikusita, uste dot bermeotarren aurkari nagusia banderea eskuratzeko lehenengo txandan dagoala. Zierbena hain zuzen. Gaur gaurkoz, oso eguraldi ona iragarten dabe datorren domekarako eta faborito nagusia Urdaibai bada, ezusteak egoteko aukerak murriztu egiten dira itsasoa bare badago. Ondarroako Antiguako Ama traineruari jagokonez, hobeto moldatu zan brankaz popadan baino lehen jardunaldiko estropadan.

Emakumezkoen mailan, Kaikuk uste baino gehiago sufridu eban estropadearen bigarren zatian. Lehen luzean Zumaia eta Hibaikagaz batera ibili bazan be, popadan denpora lar galdu eban. Dana dala, sestaoarrak hobeto ibiliko dira datorren domekan debutak eragindako tentsinoa atzean itxita.

Seguru nago datorren domekan barriro arraunaz gozatzeko aukerea eukiko dogula Donostiako badian. l