BILBO. Miriam Arrillaga-Miren Larrate pilota mixtoan eta Patri Espinar-Leire Etxaniz pilota goxoan izango dira Laboral Kutxa Emakume Master Cuparen Lau eta Erdiko finalak. Abenduaren 15ean jokatuko dira Barakaldon.

Aurten berrikuntza nagusia den pilota mixtoko txapelketan, gipuzkoarren eta klub berean aritzen diren bi pilotarien dema izango da Barakaldoko lehen final hau; Aginagako MIriam Larrarte eta Bidaniako Miren Larrateren artekoa.

Leire Garai (Gasteiz) 5

Miriam Arrillaga (Aginaga) 18

Miriam Arrillagak uste baino errazago gainditu du Leire Garai arabarra, 5-18, historia gutxiko partidan. Sakea izan du aginagarrak bere armarik eraginkorrenetako bat. Epailearen txapak lehen sakea eman dio gipuzkoarrari eta, normalean atzelari bezala jokatzen duen arren, bikain asmatu du lehen pilotakadarekin. 5-0ekoan hiru egina zituen sakearekin Arrillagak eta partida amaierarako 8 ere egin ditu. Kolpean ere alde nabarmena egon da, Leire Garaik ez du partida aurrean nahasten asmatu eta azkar xamar ihes egin dio eskuetatik, 11-0 aurreratu da aurrelari urdina eta saiatu den arren, arabarrak apenas jarri ahal izan dio oztoporik finalerako bidean.

Laia Salsamendi (Uharte) 13

Miren Larrarte (Bidania) 18

Bigarren finalerdia oso bestelakoa izan da, askoz orekatuagoa eta azkenerako esperientziak eman dio finalerako txartela Miren Larrarte bidaniarrari (13-18). Bi ezusteko handi emanda, 13 urteko uhartearra izan da, ezbairik gabe, txapelketako ezustekorik handiena eta gaur ere gertu izan du garaipena, etorkizun oparoa duela berretsiz. Postura guztiak dominatzen ditu nafarrak, angeluak bilatzen eta tantoa amaitzen bikain daki eta hasieran ihes egin dio partidak. Izan ere, urduritasunak erasotuta edo, alde nabarmena lortu du Larrartek lehen txanpa horretan, 4-11 ere aurreratu da eta bere izaera lehiakorra erakutsi du uneoro. Markagailuak arriskuak hartzera behartu du Salsamendi eta hortxe eman du bere onena, hiru tantora ere gerturatzea lortuz, 13-16. Dena dela, azkenerako 8 pilota ere galdu ditu eta hortxe joan zaizkio Salsamendiri finalerako aukerak.

Pilota goxuari dagokionean, azken bi urteetako txapeldunen arteko final handia espero dugu, oso joko molde desberdineko Patri Espinar eta Leire Etxanizen artekoa. Ez da, beraz, txapeldun berririk izango eta ikusi beharko da zein den bi titulo irabatzeko gai den lehen emakumea.

Patri Espinar (Usansolo) 18

Olatz Arrizabalaga (Gernika) 7

Partida hasieran bere jokoaren inguruan zalantzak zituela esan duen arren, Patri Espinarrek berehala uxatu ditu guztiak. Sake-errematean bikain aritu da usansoloarrak eta berehala alde nabarmena hartu du markagailuan 9-1. Iazko finalean kolpe handia hartu zuen Arrizabalagak Espinarren aurka bere maila ematerik izan ez zuelako eta gaur ere ezin izan du berea eman, markagailuan bere burua oso azkar ikusi du eta kosta egin zaio markagailua kontra zuela jokatzea. Izan du gernikarrak bere unea, jarraian bost tanto egiteko ere gai izan da, baina Patri Espinarrek eguna duenean ia ezinezkoa da berari aurre egitea. Iaz baino itxura hobea eman du Olatz Arrizabalagak, bere burua hobeto kontrolatzen jakin izan du, baina beti atzetik jokatu beharra oso maldan gora egin zaio.

Leire Etxaniz (Etxebarria) 18

Iera Agirre (Leitza)2

Leire Etxaniz ideiak oso argi zituela iritsi da Galdakaon eta partida ia perfektua jokatu du, Iera Agirre leitzarrari inolako aukerarik ez emateko (18-2). Etxebarriakoak bazekien Agirre frontisetik ahalik eta urrutien izan behar zuela, gero bi paretakoarekin min egiteko eta etxetik ekarritako hori bikain jarri du praktikan. Iazko arantza kentzeko asmoz kantxaratu da orain bi urteko txapelduna eta 16 tanto eginda, horietako 4 sakez eta 6 bi paretaz, erraz lortu du finalerako txartela, historia gutxiko partida azkarrean. Iera Agirre bezperan Bilbon partida gogorra jokatzetik zetorren eta gaurkoan ez du bere maila polita erakusteko aukerarik izan. Etxanizek hasiera-hasieratik hartu du jokoaren agintea, ez da sekula partidatik irten eta final ederra espero da hemendik bi astetara Barakaldon, azken bi txapeldunen artean.