BILBO. Garai-Etxaniz eta Oses-Etxegarai Laboral Kultxa Emakume Master Cup txapaelketaren irabazle nagusiak izan dira. Zumarragako Zelai Arizti zinema ireki zuten pilotazaleek bi finalak pantailan ikus ahal zitzaten, izan ere, askok izan ziren sartu ezin gabe geratu zirenak.

Giro bikaina izan zen Beloki pilotalekuan eta asko izan ziren sartu ezinda geratu zirenak. Jende horri erantzuteko, Zumarragako Udalak Zelai Arizti zinema ireki zuen pilotazaleek bi final oso desberdin pantailan ikus ahal zitzaten. Lehen mailakoan Leire Garai eta Leire Etxanizek jantzi zituzten txapelak eta promoziokoan, aldiz, Oses eta Etxegarai oñatiar gazteek. Lau eta erdikoan Azkoitian gertatu bezala, lehen mailako finalean emozio apur bat gehiago egoteaizan zen falta izan zen gauza bakarra egun borobil batean.

Izan ere, azkarregi erabaki zuten Leire Garaik eta Leire Exanizek euren partida, 12-0eko partzial batekin. Egia da markagailuak erakusten duena baina alde txikiagoa izan zela kantxan, baina gasteiztarrak eta Etxebarrikoak uste baino errazago irabazi zuten historiarik gabeko finala. Errenteriako finalerdien ostean final parekatua espero zen arren, Leire Garaik eta Leire Etxanizek bikain eraman zuten kantxara etxetik ekarritako partidaren gidoia. Urdinek argi zuten euren garaipenerako giltza atzean zegoela, han Leire Etxanizek sekulako bermea ematen baitu piloteoa luzatzen den eran. Leire Garai arabar gazteak ere oso partida eraginkorra osatu zuen, aurrean nahastu ez eta pilota, ahal zuen bakoitzean, atzean baztertuz lanez gainezka aritu zen Mirian Arrillagari. Patri Espinar jokoz kanpo uzteko asmoa ere bete-betean lortu zuten, Usansolokoak oso urrutitik aritu behar izan zuen erasoan eta huts gehitxo pilatu zituen. Gauzak horrela, uste eta espero baina errazago jantzi zuten txapela Garai eta Etxanizek.

Emozioa promoziokoan

Oso bestelakoa suertatu zen promozioko finala non, 13 urteko Etxegarai-Oses gazte oñatiarrek, sekulako patxada eta kemena erakutsi zuten oso kontran jarri zitzaien partidari buelta emateko. Pilota jaitsiz eta euren joa nagusituz, Granado-Lakuntza 2-8 aurreratu ziren markagailuan eta Hernanikoak eta Adunakoak dena kontrolpean zutela zirudienean heldu da txantxikuarren erantzuna. Gordexolako kanporaketan ere emana zioten buelta antzeko egoera bati, Uxue Osesek bikotearen zama bere gain hartu du eta lehia irauli du, batez ere aurkariak mugiarazten eta pilota baztertzen asmatu duenean. Etxegarairen sake bati esker berdindu dute partida lehen aldiz hamabinakoan eta hortik aurrera Aloña Mendiko pilotariak nagusitu dira, euren zale ugarien gozamenerako.

Sari bikoitza izan dute Oñatiko klubeko pilotariek, izan ere, partidak amaitutakoan antolakuntzak euren klubari sari berezi bat eman baitio, bera izan baita txapelketan pilotaririk gehien aurkeztu duen euskal taldea.

Eta podimuean ere izan da une hunkigarririk, Patri Espinar ikurriña gainean zuela igo baita bere saria jasotzera, Bixintxo Bilbao eta, batez ere, Dunixe Larralderi elkartasuna adierazi asmoz. Pilotari lapurtarra Kubako Mundialeko podiumean ikurriña erakusteagatik zigor handia jaso zuen eta Bartzelonako Joko Olinpikoetan parte hartu ezinda geratu zen.