Batzuetan, ematen du patinaje artistikoa nesken kirola dela. Bizkaian behintzat hala da, baina beste leku batzuetan ez da hori gertatzen. Mutil gutxi animatzen da patinak jartzera, eta ez da erreferente faltagatik izango; izan ere, badaukate bat, izotz kategorian dena irabazi duena. Javier Fernández da bera, arrakasta lortu duen madrildar patinatzailea. Hala ere, mutilen patinajeak bidea egin behar du oraindik. Esan dezakeguna da, apurka-apurka bada ere, egoera hobetuz doala. Hainbat klubetan dituzte mutilak, eta batzuek esperientzia daukate Euskadi eta estatu mailako txapelketetan. Hain zuzen ere, mutilen ugaritze hori baliatuta eman dute bikoteko probak egiten hasteko urratsa. "Bikote probak egiten hastea erabaki dugu, jakin baitugu hainbat klubetan hasi direla modalitate hori lantzen. Hainbat mailatako ariketak egin beharko dituzte. Egun horretarako ez daukagu inor izena emanda oraindik, baina espero dugu urte hasieran lehiaketa bat sortu ahal izatea" azaldu du Estibaliz Lópezek, Bizkaiko patinaje federazioko batzordeko arduradunak.

Patinaje artistikoak urteak daramatza etengabeko gorakadan. Hasieran, Disney Channel kateko serie baten arrakastaren ondorioa izan zen; baina horren ondotik ere jarraitu du. Neskatilen artean modako kirola da, eta urtez urte jende berria sartzen da. Guztira, 19 klubetan praktikatzen dute eskola kirola, eta herri batzuetan 2 edo 3 klub dituzte. Azken hori da Getxoren kasua, esaterako. Patinajerako joera handia da, eta hiru klub dituzte: Show Getxo, GiraGetxo eta HasiBa. Barakaldo ere ez da atzean geratzen, bi klub baitituzte: Gurutzeta eta Baratzalde. Beste adibide batzuk ere baditugu, hala nola Arrigorriagako Arri Gorri, Portugaleteko Kiribol edo Ugaoko EPA. Aurten ez da klub berririk sortu, baina denbora kontua izango da; izan ere, jarduera geldiezina da; aurten, 800 eskola ikaslek baino gehiagok patinatuko dute Bizkaiko pistetan.

Lehen, jardunaldiak larunbat goiz eta arratsaldeetan izaten ziren, eremu bakar batean. Jende kopurua igotzen hasi zenean, jardunaldi bakoitzeko bi egoitza izendatu ziren. Larunbatetan maila-probak egiten ziren, eta, igandeetan, lehiatu nahi ez zuren eta patinatu besterik egin nahi ez zuten patinatzaileen txanda izaten zen. Gaur egun, sistema berriz ere aldatu da. Izan ere, asteburu batean 800 patinatzaile ziren elkartzekoak, eta gehiegizkoa iruditu zaie. Horregatik, federazioak erabaki du klubak taldeka sailkatzea, eta bakoitzak asteburu batean egitea bere jardunaldia.

"Bi talde egin behar izan ditugu; ez zen bideragarria lehiaketa osoa asteburu batean egitea. Klubak entrenatzaileen arabera sailkatu ditugu, batzuek hainbat talde entrenatzen baitituzte. Ez daude zonaldeka banatuta, baina saiatu gara talde bakoitzak kirolari kopuru bera izaten. Pasa den asteburuan eskola mailako liga hasi zen 1. taldearentzat, eta bi egoitzatan egin zen: Larunbatean Arrigorriagan, parte-hartze kategoriako patinatzaileentzat, eta igandean Barakaldon, maila-paseetarako. Datorren astean 2. taldearen txanda izango da", esan du Estibalizek.

Zalantzarik gabe, parte-hartze kategoria sartzea oso lagungarria izan da; horrela, lehiatu nahi ez duten patinatzaile askok kirolaz gozatzeko aukera dute, inolako presiorik gabe. Ia erdiek hartzen dute parte kategoria horretan, eta edozein unetan maila-probetan hasteko aukera izango dute; betiere, gogotsu badaude eta entrenatzaileak ondo baderitzo. "Parte-hartze kategorian daudenak denbora gutxi daramatenak dira, orokorrean. 0 maila izenekoa ere badaukagu, oinarrizko ariketak egiteko. Kasu honetan ere maila igotzen dute, baina kategoria ofizialean Euskal Federazioak ziurtatzen du igoera hori; eta bestean, Bizkaikoak", esan du Estibalizek.

Azkenik, aipatu behar da Gabonetan egin ohi zen festa dagoeneko ez dela ospatzen. Klub bakoitzak berea antolatzen du; izan ere, azkenerako jende askok ematen zuen izena jai horretarako, eta kudeaketa ezinezko bihurtu zen. Horregatik utzi zioten antolatzeari. "Eskola jardunaldietan neskatilek beren lana egin eta alde egiten duten, baina jaialdietan geratu egiten dira, ikuskizuna ikusteko. Gainera, jende gehiago animatzen da, eta espazio oso handi bat behar da. 800 patinatzaile badatoz, ez daukagu leku nahikorik, eta leku handiago bat alokatzea garestiegia da. Azken aldietan, Txurdinagan eta Sestaon, txiki gelditu zen", esan du Estibalizek, bukatzeko.

Aste honetan 2. taldearen txanda izango da, Barakaldoko Gorostiza kiroldegian. Gainera, Solo Dance eta Test Show modalitateen maila-probak egingo dira, hasteko diren bi modalitate berri.