BILBO. Asteburu honetan ospatutako I. Bilbao Petronor Eko Rallyak badauzka txapeldunak. IBIL taldeko Asier Santamaria eta Roberto Renteriak aurkari guztiak garaitu zituzten ibilbideak zeuzkan eta hiru etapatan egindako 640 kilometroak igaro eta gero. Hori gutxi balitz, gidari biak FIA e-Rally Regularity Cupeko Erregulartasun eta Kontsumo eta Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketako Ibilgailu Elektrikoko kategorietan liderrak dira.

Guztira, energia alternatiboak erabiltzen dituzten 46 ibilgailu lehiatu dira, iaz Montecarlon jokatutako eko rallyko 41 ibilgailuen marka hobetuz eta parte-hartzearen munduko errekorra hautsiz. Nabarmentzekoa da ibilgailu elektrikoen kategorian izandako parte-hartzea, 40 ibilgailu erregistratu baitira, Montecarloko proban parte hartu zuten 33 ibilgailuen aldean.

Ibilgailu Hibridoetako kategorian, Eneko Conde eta Lorenzo Serrano, Blendio taldekoak, liderrak izan dira; eta beste erregaiak eta Euro 6 kategorian, Francisco Rey eta Vanessa Rey, Escudería La Coruña taldekoak, izan dira.

Eko rallya ibilgailuen eraginkortasuna baloratzea xede duen lehiaketa da, eta horretarako, ibilgailuek erregulartasuna eta kontsumo baxuak puntuatzeko ibilbidea egin behar dute. Hartara, batez besteko abiadura jakin batzuei eusteko gaitasuna neurtzen da, baita guztizko kontsumoa ere, amaierako sailkapena bi parametro horien arabera taxutuz. Hortaz, ingurumenaren aldeko konpromisoa eta lehiarekiko zaletasuna eskutik helduta dituen norgehiagoka da, motorraren zaleen gozamenerako.

I. Bilbao Petronor Eko Rallya Bizkaiko Motorzaleen Errege Elkarteak (Real Peña Motorista de Vizcaya) antolatu du, Petronorren eta Bilboko Udalaren babespean. Bizkaiko Motorzaleen Errege Elkartea 1923an sortu zen, eta harez geroztik motorraren munduko bilakaeraren eta berrikuntzaren protagonista izan da. Orain, rally hau antolatzeko erronkari heldu dio, IBILen, DS Automobilesen eta garraioek eragindako kutsadura murrizteko energia alternatiboen erabilera sustatzen duen Energiaren Euskal Erakundearen laguntzarekin.

I. Bilbao Petronor Eko Rallya trafiko irekiko baldintzetan jokatu da, zirkulazio arauak aintzat hartuz une oro eta errepideetan ibilgailuen joan-etorrien normaltasunari eutsiz proba amaitu arte. Rallyan parte hartu duten ibilgailuek gauez egin dituzte etapen arteko birkargak, antolatzaileek baimendutako instalazioetan baino ez, horixek baitira FIAko komisarioek kontrolatu eta balioztatzen dituztenak. IBILek Areatzako kaian jarri duen azpiegiturari esker eta Ugaldebietako hornitegian inauguratu berri diren birkarga ultra-azkarreko guneei esker birkargatu ahal izan dute.

Norgehiagoka hau historiako eko rallyrik garrantzitsuena izateko asmoz sortua da, eta hiru lorpen handi izan ditu. Alde batetik, munduan orain arte antolatu den kategoria honetako probarik jendetsuena izan da, ibilgailu elektrikoen parte-hartzean izandako kopuruengatik nabarmendu delarik. Bestetik, etaparik luzeena egun bakarrekoa izan duen munduko lehen eko rallya izan da, ibilgailuen egungo autonomia-maila jendaurrean frogatzeko asmoz. Era berean, birkarga ultra-azkarrak erabili dituen lehenengo eko rallya izan da.

Gainera, eko rallya Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako eta munduko txapelketari atxikitako 14 proben artean kokatuta dagoen FIA e-Rally Regularity Cup-erako puntuagarria da.

Areatza, I. Bilbao Petronor Eko Rallyaren erdigunea

Irteera eta helmuga Areatzan izan dituzten lehiaketako hiru etapek Bilboko eremu hau rallyaren erdigune bihurtu dute. Nahi izan duten guztiek bertara inguratu eta ibilgailuen irteerak eta iritsierak ikusteko nahiz eko rallyaren harira asteburu osoan antolatutako jarduera guztiez gozatzeko aukera izan dute.

Programatutako jardueren artean, nabarmentzekoa da 2019ko munduko txapelketa eta 2018a irabazi zituen egungo E Formulako ibilgailua, edota Student Formula eta Tecnalia bezalako erakundeek garatutako ibilgailu elektrikoen prototipoak ikusteko aukera, besteak beste. Era berean, umeentzako karting elektrikoa, Scalextric zirkuitu profesionala eta gidatzeko simulagailuak egon dira, baita energia alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuen azken modeloen erakusketa eremua ere.

Horrela, I. Bilbao Petronor Eko Rallya ibilgailu elektrikoaren inguruko parerik gabeko ekitaldia izan da, lehiaketa bitxi hau publikoari hurbilduz eta eskuragarri dauden azken modeloen ezaugarriei buruzko zein birkargarako teknologiari buruzko azken berritasunak herritarrekin partekatuz.