BILBO. Bihar goizean Bilbao Triathlonen zortzigarren edizioa gauzauko da. Aurten Itsas Museoan izango da bai irteera eta bai helmuga. Distantzia Olinpikoa 11:30etan hasiko da eta Half kategoria ordu bat beranduago, 12:30etan. Sari banaketa, aldiz, arratsaldeko 18:00etan izango da. Txirrindularitza-atala Artxandan izango du protagonismoa batez ere.

Proba hau Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute, El Corte Inglés eta Finisher bezalako beste laguntzaile batzuekin batera. Berrikuntza ugari egongo dira, batez ere ibilbide berriei dagokienez. Horiek segurtasun arloko arduradun nagusiekin batera onartu dira, hau da, Ertzaintzarekin eta Bilboko Udaltzaingoarekin. Igeriketaren sektoreak probaren ezaugarri nagusietako bat izaten jarraituko du. Hala, itsasadarretik igerian joango dira parte hartzaileak, Euskalduna Zubitik Deustuko Zubiraino, distantziarik laburrenaren kasuan, eta Pedro Arrupe pasabideraino, luzeenaren kasuan.

Horren ostean, parte hartzaileek bizikletak hartuko dituzte, eta honako ibilbide hau osatuko dute: Artxandara igo Enekuritik, Galdakaora jaitsi Elorritxuetatik (El Vivero), eta Itsas Museora itzuli Santutxu, Begoña eta Campo Volantínetik. Triatletentzako seguruagoa izango da ibilbide berria, eta eragin txikiagoa izango du hiriko eta inguruko udalerrietako trafikoan. Kirol mailan, metatutako desnibela, guztira, itzuli bakoitzeko 782 metrokoa izango da (Half modalitatean bikoitza izango da), eta Artxandak markatuko ditu aldeak, igotzerakoan edo Bilbora itzultzeko jaisterakoan.

Azken segmentua, oinezko lasterketarena, itsasadarraren bi ertzetatik izango da; hala, udaletxeko zubiraino iritsiko dira, gurutzatu barik, eta Zubi Zuritik igaroko dira Campo Volantín aldera, handik Euskalduna Zubira joan eta itzulerako ibilbidea egiteko. Horrenbestez, zortzigarren edizio honek Bilbao Triathlonen berezko ezaugarrietako beste bat ere errespetatzen du: oinezko ibilbide ederra. Hala, atletak animatzera jende asko bertaratuko dela aurreikusten da.

Beste urte batez, triatleta handiak erakartzea lortu du proba honek, federatuak nahiz herrikoiak. Esate baterako, lau aldiz Bilbao Triathloneko txapeldun izan den Gustavo Rodríguez ikusteko aukera egongo da. Rodríguezek sekulako palmaresa du estatuko nahiz nazioarteko probetan. Joan den ekainean, adibidez, Errioxako Triatloia irabazi zuen. Beste izen ezagun batzuk Pello Osoro eta Ander Okamika euskaldunenak dira. Emakumeen kategoriako parte hartzaileei dagokienez, Helene Alberdi nabarmendu behar da. Espainiako txapelduna da distantzia luzean, eta Bilbon azkarragoa izateko helburuarekin aurkeztuko da. Horretarako, Espainiako beste triatleta onenetariko bat den Dolça Ollé kataluniarraren aurka lehiatuko da. Distantzia olinpikoan beste euskaldun bat nabarmendu behar da, Ainhoa Murua, joko olinpikoetan lau aldiz parte hartu duen kirolaria.

Horiekin guztiekin batera, 500 triatleta baino gehiago izango dira hitzorduan. Horietako asko Open kategoriakoak dira, eta federatuak baino bost minutu beranduago abiatuko dira. Jatorriari dagokionez, gehienak Espainiako hainbat erkidegotakoak izango dira, baina beste herrialde batzuetako ordezkariak ere egongo dira; esate baterako, Frantzia, Alemania, Suitza eta Egipto. Izen-emateek baieztatu dute data urriko lehenengo asteburura aldatzea erabaki zuzena izan dela, irailean zehar izen-emateak asko areagotu dira eta. Horrek guztiak erakusten du Bilbon triatloia izaten jarraitzeko apustua sendoa dela, eta asmoa dela estatuan zein nazioartean erreferentziazko hitzordua izatera bueltatzea. Hain zuzen, jada lanean ari dira datorren urteko edizioan berrikuntza garrantzitsu bat txertatzeko.

Zortzigarren edizio honen helburua da probako triatletek eta laguntzaileek izandako konfiantza itzultzea, guztien esperientzia are gehiago hobetzeko eta, dituen ezaugarri bereziak direla eta, parekorik ez duen proba horrenganako konfiantzak bere horretan jarraitzeko.