BILBAO. “Euskadin ditugun kirol-selekzio batzuk nazioarteko mailan aritzen dira lehian modu ofizialean, eta Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzatik balio handia ematen diogu egiten duten esfortzuari. Kayak surfeko Euskal Selekzioaren kasuan, gainera, esan dezakegu munduko potentzia bat dela kirol horretan, erakutsi duen bezala seigarren Munduko Txapelketa honetan”, adierazi du Jon Redondok.

Garaipen horrek beste kirol batzuen ofizialtasunean aurrerapausoak emateko balio izatea espero du Redondok. “Erakutsi egin dugu, modu ofizial batean lehian aritzen uzten zaigunean, Euskal Selekzioak proiektu serio eta oso lehiakor bat duela. Espero dugu txapelketa honek gure selekzioari prestigioa emateko balio izatea eta beste euskal federazio batzuei adorea ematea ofizialtasuna lortze aldera aurrerapausoak emateko”.

Munduko Kayak Surf Txapelketa bi urtean behin jokatzen da eta udara honetan Trujillo (Peru) hiritik gertu dagoen Huanchaco hondartzan antolatzen ari da. Ondoko selekzioek parte hartzen ari dira: Ingalaterra, Irlanda, AEB, Argentina, Eskozia, Jersey eta Euskadi. Diziplina honetako Munduko Txapelketak bi atal ditu: Selekzio Nazionalentzako Munduko Txapelketa eta bakarkako Munduko Txapelketa. Euskal Selekzioak bi modalitatetan lehiatuko diren 15 ordezkari eramango ditu guztira. Ondokoak dira emakumezkoen probetarako hautatutako kirolariak: Ainhoa Tolosa, Olatz Garmendia, Irati Bordagarai eta Andrea García. Xabi Olano, Odei Etxeberria, Hodei Crujeiras eta Gorka Martin ‘open’ modalitatean lehiatzen ari dira. ‘Master’ kategoriarako hautatutako kirolariak Oskar Martinez, Edu Etxeberria, Luis Abando, Ruben del Rio eta Txema Carreto dira. Azkenik, Peru Barandiaran eta Iñaki Urbek Euskal Selekzioa ‘junior’ kategorian lehiatzen ari dira.

Palmares bikaina

Kayak Surfeko azken Munduko Txapelketa orain dela bi urte egin zen Ipar Irlandako Portrush herrian eta Euskal Selekzioak taldekako munduko txapeldunaren titulua berriro irabaztea lortu zuen, beste zortzi selekzio atzean utziz. Ingalaterrak bigarren postua lortu zuen eta Galesek hirugarrena. Banakako probetan, halaber, euskal kirolariek 13 domina lortu zituzten guztira (urrezko bi). Euskal Selekzioak, honela, bere bosgarren Munduko Txapelketa lortu zuen, eta atzokoarekin sei lortu ditu, bost erreskadan.

Euskal Selekzioa 1997. urtean hasi zen nazioartean lehiatzen eta Ipar Irlandako tituluaz gain, taldekako ondoko munduko txapelketak irabazi ditu: Espainia (2015), Australia (2013), AEB (2011) eta, azkenik, Espainian jokatu zen lehen Munduko Txapelketa (2007). 2009n Portugalen egindako txapelketan munduko txapeldunordea izan zen Euskal Selekzioa. Txapelketa horietan guztietan -eta beste batzuetan ere- banakako domina asko lortu ditu, eta, berez, azken bi Munduko Txapelketetan banakako domina gehien lortu dituen selekzioa izan da. Asteburu honetan domina gehiago lortzeko aukera izango du banakako probetan.

Kirol minoritarioa bada ere, kayak surfak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu eta Munduko Txapelketak antolatzen dituen Nazioarteko Elkarteak hogei selekzio inguru biltzen ditu: Australia, AEB, Portugal, Argentina Brasil, Costa Rica, Ingalaterra, Irlanda, Japonia, Galizia, Irlandako Errepublika, Ipar Irlanda, Eskozia, Hegoafrika, Gales, Suedia, Jersey, Danimarka eta Euskadi.