Plazandreak txapelketaren bigarren edizioa amaituko da astelehen honetan Zornotzko pilotaleku eraberrituan, arratsaldeko 19.30etatik aurrera. Han bertan, Reyes Azkoitia eta Erlantz Garciaren taldeek sei astetako ibilbide honi merezitako amaiera eman beharko diote.

Pasa den astelehenean neurtu zituzten azken aldiz bi talde hauek indarrak eta buruz buruko lehiatan lortutako garaipenei esker Reyes Azkoitiaren taldea -Miren Larrarte, Mirian Arraiza eta Arrate Bergara- nagusitu zen 2-1, baina astelehen honetan edozer gerta daiteke, are gehiago entrenatzaileek euren estrategiak alda ditzaketelako eta, batez ere, aurreko astean konfinatuta egoteagatik jokatu ezin izan zuten Amaia Aldai eta Uxue Oses bueltan izanda, Erlantz Garciak beste karta batzuk jokatu ahal izango dituelako, Leire Garai ahaztu gabe, noski.

Gaurko aurkezpenean entrenatzaileek ez sute egingo dutenaren inguruko pistarik eman nahi izan baina ados jarri dira finalak orekatuak eta oso ikusgarriak izango direla aurreratzerakoan.

Finalak astelehenean, abuztuak 2, jokatuko dira Zornotzako pilotaleku eraberrituan, arratsaldeko 19.30etatik aurrera. Hori bai, orain arteko jardunaldiak ateak itxita jokatu badira ere, finalean legediak baimendutako edukieraren %35a izango da harmailetan. Sarrerak debaldekoak izango dira edukiera muga hori bete arte.

Entrenatzaileen iritzi berekoa da, baita ere, txapelketaren antolatzaile Iker Amarika. «Asteleheneko finalak sari bat izango dira denontzat. Oso pozik gaude txapelketak izan duen garapenarekin. Ikusi besterik ez dago ligaxkako jardunaldiak nola diren eta azken jardunaldiko azken partidara arte ez zela erabaki ze bi taldek jokatuko duten finala», adierazi du.

Baina hortik harago, emakumeen esku pilota sustatzeko bide horretan emandako aurrera pausoa nabarmendu nahi izan du, batez ere, emakume pilotarien artean dauden belaunaldi desberdinen artean zubi lana egin duelako aurtengo Plazandreak txapelketak. «Saioa oso oso arrakastatsua izan da. EITB eta antolatzaileen apustua izan zen momentuko pilotari onenak eta azpitik datozen belaunaldi berriak uztartzea eta formula horren emaitza bikaina izan dela. Uste dut saio honekin emakumeen esku pilotak urrats garrantzitsu bat eman duela aurrera, argi ikusi delako pilotarien maila gora egiten ari dela, nabarmen, eta batez ere, emakumezkoen esku pilotak baduela harrobi emankor bat». Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkie Laboral Kuxari eta EITBri proiektu honetan sinistu eta babesa eman izanagatik.

Zornotzako Udalak ere emakumezkoen kirolarekiko duen konpromisoa indartu nahi izan du txapelketa bere instalazioetan hartuz. Udalaren ordezkari gisa, Berdintasun zinegotzia den Ainhoa Salterain Gandariasek azpimarratu du Udala etengabe ari dela lanean bizitzako esparru guztietan, emakumea ahalduntzeko; eta kasu honetan, gogoratu du kirol-arloan emakume eta gizonen arteko ezberdintasun hori oraindik nabarmena dela: «Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako III Planaren baitan, Udala aktiboki ari da lanean emakumeek gizartean eta kirolean duten eginkizuna sustatzeko eta ikusarazteko. Gizarteak ez du emakumezko erreferenterik kirolari dagokionez, eta azken asteetan, Amorebieta-Etxanoko udal pilotalekua adibide garbia izaten ari da emakume pilotarien profesionaltasunari, ahaleginari eta dedikazioari dagokionean. Orain lau urte, 2017an, Amorebieta-Etxano aitzindari izan zen, bertan jokatu baitzen baita ere Eskuz Binakako emakume txapelketako aurreneko finala».

Aurkezpenean izan da baita Ainhoa Gerrikaetxebarria, Zornotzako Laboral Kutxako bulegoko zuzendaria eta ordezkari guztiek astelehenean pilotalekura hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete pilotazale guztiei, ekitaldia erabat segurua izateko protokolo guztiak zehatz beteko direlako.Zornotzako pilotaleku magikoan itxaroten zaituztegu.