BILBO. Goi mailako zortzi jardunaldi eta gero, hurrengo ostegunean, hilak 27, Laboral Kutxa Udako torneoaren finala jokatuko da azkenik. Mikel Inuntziagaren taldeak -Iera Agirre (Leitza), Arrate Bergara (Bergara-Tutera) eta Amaia Aldai (Dima)- eta Reyes Azkoitiaren neskek -Olatz Arrizabalaga (Gernika), Irantzu Etxebeste (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain)- jokatuko dute pronostiko argirik ez duen final ikusgarria.

Orain arteko partidak Irunen ia publikorik gabe jokatu diren arren, osteguneko final handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da, Covid-19aren aurkako protokoloak hala behartuta, gehienez 600 pertsonen aurrean. Jaialdia arratsaldeko 20.00etan hasiko da eta antolakuntzak jendeari gerturatzeko gonbitea luzatu dio, noski, musukoa jantzita eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz.

Kirol alorrari dagokionean, izan daitekeen finalik handiena izango dela esan daiteke, Reyes Azkoitiaren taldea izan baitzen onena lehen ligxakan eta, aldiz, finalerdietan Mikel Inuntziagaren neskek lortu baitzituzten emaitzik onenak. Horregatik, azken hauek gorriz janzteko ohorea izango dute.

Ligaxkan ere gauzak oso berdinduak izan ziren bi talde hauen artean eta Reyes Azkoitiaren taldeak irabazi zuen, Olatz Arrizabalagak lau eta erdiko bi partidetan Amaia Aldairi irabazita. Hori bai, bietan markagailua oso estua izan zen, 12-10 eta 12-11 eta finalean edozer gauza gerta daiteke.

Bi kapitainek gaurko aurkezpenean jakitera eman dutenez, ez dute final eguneroko iraultza taktiko handiegirik egiteko asmorik eta pentsatzekoa da bi aurrelari bizkaitarrek jokatuko dituztela buruz buruko lehiak. «Ez naiz ondo joan diren gauzak aldatu zale» adierazi du Mikel Inuntziagak eta Reyes Azkoitiak ere orain arteko bere zazpi partidak irabazi dituen Olatz Arrizabalagarengan konfiantza handia duela berretsi du.

Gauzak horrela, bi taldeetan lehen partida irabazteari garrantzi handia eman dioten arren, pentsatzekoa da azken partida amaitu arte ez dela lehen Laboral Kutxa Udako Torneo honen txapelduna nor izango den erabakiko.

Orain arte Emakume Master Cupeko final guztietan bezala, antolatzaileek jaialdi ikusgarri bat prestatuko dute ostegunerako eta nabarmentzekoa da baita ere, Irene Ortiz, gaur egun Bizkaian aritzen den epaile bakarra izango dela jaialdia zuzentzen. Alor honetan ere bada lanik eta etorkizunera begira emakumeei epaile lanetan aritzeko gonbita ere luzatu diete antolakuntzatik.