Osasun-egoera dela eta bizi izan dugun konfinamenduak gorputza aktibatzeko gogoa piztu du gizartean. Izan ere, gero eta jende gehiagok praktikatzen du kirola, eta gero eta diziplina gehiago dago aukeran. Horietako batzuk dira ondorengo lerroetan azalduta daudenak, uda honetan bereziki modan ipini baitira.FITBOXING

Boxeoa eta fitnessa uztartzen dituen diziplina da Fitboxing-a. Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria, eta sasoian egotea da bere helburua, ez dago lehiaketara bideratuta. Kirol honetan, kolpe guztiak zaku bati ematen zaizkio. Hortaz, ez dago pertsonen arteko kontakturik.

Fitboxingak ariketa aerobikoetan datza, eta gorputzaren atal guztiak lantzen ditu, hainbat teknika konbinatuz. Esaten dutenez, ez du bereziki boxeatzen ikasteko balio, baina bai energia deskargatzeko. Gainera, erresistentzia, indarra, arintasuna eta koordinazioa hobetzen ditu.

Lehenik eta behin, hamabost minutuko beroketa egin behar da, kardio eta tonifikazio ariketak konbinatu eta gihar guztiak lantzeko. Horren ostean, boxeoan ohikoak diren ariketekin jarraituko du saioak: bi minutuko zortzi round zakuari jotzen, esaterako, musikaren erritmoa jarraituz. Ondoren, hamar minutuko entrenamendu funtzionala egin beharra dago, sokak, baloiak eta bestelakoak erabiliz. Amaitzeko, tonifikazio ariketak eta luzaketak egingo ditu kirolariak.

Fitboxingak norberaren egoera fisikoa hobetzen du. Mugimendu anitz eta ariketa gogorrei esker, kaloria asko erretzen dira, eta gorputzaren erresistentzia handitzen da. Horrez gain, boxeo zakuari jotzeak estresa askatzen laguntzen du, hortaz, lasaitzeko beharra dutenentzako kirol aproposa da.SUPYOGA

Kirol honek SUP eta yoga diziplinak konbinatzen ditu, hortaz, yoga egiteko beste modu bat da, surf taula puzgarri baten gainean. San Diegon hasi zen modan jartzen, eta bere filosofia nagusia itsasoarekin konektatzea da, olatuen kulunka leunen laguntzaz, naturaren erritmoaren parte sentitzea.

Egonkortasun handiagoa lortzeko, taula zabal eta luzeak erabiltzen dira. Izan ere, yoga postura ugari praktikatzen dira, eta oreka mantentzea ezinbestekoa da.

Uretan egiten den kirola izan arren, saioa hondarrean hasten da. Bertan egiten dira hasierako luzaketak, beroketak eta eguzkiari agurra. Ondoren, uretara sartu eta posturak praktikatzen dira, noski, taula gainean igota. Helburua, uraren mugimenduak eta norberarenak bat egitea da. Amaitzeko, erlaxazio ariketak egiten dira.

Esaten dutenez, kirol hau praktikatzeak onura asko ditu, eta lehenengo saioetatik nabaritzen dira: indarra, malgutasuna, koordinazioa, erresistentzia, kontzentrazioa eta lasaitasuna lantzen dira bereziki. Horrez gain, arnasketa eta sistema immunologiakoa hobetu eta nerbio-sistema orekatzen du. Surflarientzat, gainera, oso lagungarria da, kontzentrazioa eta giharren indartzea areagotzen baitu, besteak beste, olatu kritikoenei aurre egiteko.SIKLO

Indoor cycling du izena eta bizikleta baten gainean egiten da, txirrindularitza estatikoaren modalitate bat da, hortaz. Zehazki, spinningean du jatorria, baina dantzaren ezaugarri batzuk ere baditu, izan ere, ariketaren oinarrian dago Hego Ameriketako reggaeton musika, bolumen handian entzuten dena.

Kirol hau ilunpetan egiten da eta, esaten dutenez, horrek adrenalina handitu egiten du. Badago sikloa praktikatzea diskoteka batean dantzatzen egotearekin parekatzen duenik. Hala, helburua dibertitzea da, askatzea, eta lotsarik gabe gozatzea.

Mexikotik datorren kirola da, saioak 45 minutuko iraupena du, eta 300 eta 800 kaloria artean erretzen dira. Gorputz osoa lantzen duen kirola da, izan ere, entrenamendu funtzionala egiten da bizikletaren gainean, musikaren erritmoa jarraitzen duten ariketak praktikatuz (flexioak, sentadillak, eta abar.). Beraz, sikloa, spinning egitea baino, bizikleta gainean dantza egitea dela esan daiteke.

Kirol honek onura asko ditu. Alde batetik, sorbalda, hankak, besoak eta bizkarra lantzen laguntzen du eta, bestetik, sistema kardiobaskularra eta metabolikoa hobetu egiten du. Hortaz, eguneko estresak askatzeko kirol oso egokia da.BODYWEIGHT

Entrenamendu metodo hau muskulatura indartzean oinarritzen da. Norberaren pisua jasatean datza, grabitatearen aurka borrokatuz. Hortaz, norberaren pisua bera da ariketak egiteko behar den bakarra, besterik ez. Ez da makinarik eta gimnasiorik behar.

Serieak, azelerazioak, erresistentzia eta erritmo-aldaketak oso garrantzitsuak dira, izan ere, giharrak sendotu egiten dira kirol hau praktikatuz, norberaren pisuaren eta grabitatearen arteko erresistentziaren bidez.

Horrez gain, edonork egin dezakeen kirola da, edonorentzako da egokia, etxean bertan egin daitekeelako, edota parkean. Gainera, ez da dirurik gastatu behar praktikatu ahal izateko, eta oso onuragarria da, errendimendua erraztu baitezake beste diziplina batzuetan, hala nola runningean edo igeriketan. Hortaz, aukera bikaina da giharrak indartzeko.

Ondorengoak dira bodyweight diziplinan praktikatzen diren ariketetako batzuk: plantxak (lurrean egiten dira, buruz behera, eta gorputza zoruarekiko horizontalean eta paraleloan mantentzen saiatu behar da), sentadillak (hankak eta ipurmasailak lantzen dira, baita sabelaldea ere, gorputz postura egokia izaten lagunduko diguna), eta flexioak (horrelako ariketekin bularrak eta sorbaldak landuko dira).