Bizkaiko irristaketa federazioak eta klubek hainbat kontzentrazio antolatu dituzte, nesken parte-hartzea susta-tzeko helburuarekin. Horren ondorioz, eskola mailako liga txiki bat sortu da eta espektatiba guztiak gainditzea lortu dute. Nesken hockeya sustatzeko antolatzen den beste jarduera bat Santutxuko torneoa da.

Aurtengoa laugarren edizioa izan da, eta DEIA izan du babesle. Bi egunez, Txurdinagako kiroldegian Bizkaiko eta kanpoko klubak hara eta hona ibili dira, jai-giroan. Eskola mailako jokalariak zein federatuak bildu dira. Edizio honetarako, Bilboko klubak mini kategoriako zortzi talde eta senior kategoriako sei lortu ditu. Ekitaldiaren antola-tzaileak oso harro daude zifra horietaz. “Bizkaian gero eta talde gehiago dago, eta denak gure txapelketan egotea nahi dugu. Gainera, kanpotarrak etortzea ere gustuko dugu, gure jokalariek beste talde batzuetako jendea ezagutzeko”, esan digu Yolandak, Santutxu Hockey Taldeko kideak.

Horrela izanik, mini kategorian, taldeak honela geratu ziren: A multzoan Santutxu, Loyola Indautxu, Getxo Irristan eta Gatikako Iusturi aritu ziren. B multzoan, aldiz, Gasteizko Aurrera, MSK Mungia, Gurutzeta eta Iruñeko Rochapea taldeak izan ziren. Senior kategorian bi multzo egin ziren, bakoitza hiru talderekin; A multzoan Mungia, Urdaneta eta Aurrera aritu ziren; B multzoan, Santutxu, Gatikako Iusturi eta Bartzelonako Malgrat.

Liga txikiaren formatuan egin zuten: denak denen aurka, kanporaketetara heldu arte. Joko-sistemari dagokionez, nagusiek 20 minutuko bi zatiko partidak jokatu zituzten; aldiz, txikiek 10 minutuko bi zatiko partidak egin zituzten. Txapelketa 09:30ean hasi zen, Santutxu eta Loyola Indautxu taldeen arteko inaugurazio-partidarekin, eta igandean izan ziren azken norgehiagokak.

Sariei dagokienez, sailkatu ziren lehenengo hiru taldeek trofeo bat jaso zuten, eta gainerakoek domina bat, oroigarri moduan. Gainera, klubak bazkari eder bat eskaini zuen parte-hartzaile guztientzat, Txurdinagako kiroldegian, eta oso arrakastatsua izan zen. “Bazkaria txapelketaren jardueretako bat da. 180 pertsona inguru izan ziren eta txandaka bazkaldu behar izan zuten, bestela, ez ziren denak batera kabituko. Arratsaldeko lehen orduan jokatu beharra zutenek lehenago bazkaldu zuten. Zoramena izan zen, baina azkenean dena nahiko ondo joan zen”, esan du Yolandak.

Bazkari herrikoiaren antolaketa kontuan hartu beharrekoa da, hain txapelketa jendetsuen kasuan. “Duela hiru hilabete hasi ginen antolatzen, baina planifikazioa egiten denboraldi hasieran hasi ginen. Guraso boluntarioak bilatu genituen, bakoitzak ahal zuen neurrian laguntzeko. Neskatilen gurasoez gain, mutikoen gurasoek ere parte hartu dute. Denbora horretan beste talde batzuekin harremanetan jarri gara, pista erreserbatu dugu? lan gogorra da, baina merezi du, neskak gogotsu egoten dira eta. Garrantzitsuena neskek jokatu eta ondo pasatzea da”, esan dute Bilbokoek.

Bestalde, txapelketak une hunkigarriak izan zituen; orain Euskaditik kanpo jokatzen duten bi jokalari ohi ekitaldira etorri ziren. Hori oso garrantzitsua izan zen neskentzat. Jessica eta Uxuek beren kluben baimena izan dute Santutxu Hockey Taldearekin jokatzeko, haientzat hain garrantzitsua den txapelketa honetan.

Emaitzei erreparatuta, talde anfitrioiak garaipen bikoitza lortzear izan ziren; baina, azkenean, mini kategorian Gasteizko Aurrera taldea nagusitu zen. Hala ere, senior finalean lortu zuten gasteiztarrei irabaztea. Jokoa oso berdinduta zen, aurreikusi bezala. Mini kategoriako sailkapena honela geratu zen: Aurrera eta Santutxuren ostean, Rochapea, Loyola Indautxu, Gatikako Iusturi, Gurutzeta, MSK Mungia eta Getxo Irristan. Senior mailan, aldiz, bilbotar eta gasteiztarren ostean, Malgrat, Urdaneta, Gatikako Iusturi eta MSK Mungia geratu ziren. Gainera, Bilboko klubak sare sozialen bidez eman zuen txapelketa, argazki, bideo eta emaitzen bidez; beraz, erraza izan zen jarrai-tzea. Balorazioari dagokionez, Santutxukoak oso pozik agertu dira, datorren urtean horrelako giro aparte izateko gogoz.