EZ da oso gai ezaguna, baina Bizkaiko boleibola oso emaitza onak lortzen ari da. Sestao eta Getxoko taldeak kategoria altuenetan aritzen dira eta hondartza boleibolean, bikote modalitatean, lehen postuetan ibiltzen dira. Izan ere, Euskadik hirugarren postua dauka estatu mailako nesken txapelketan. “Duela urte batzuk, Euskadi 16. postuan zegoen, eta gaur egun hirugarren egotea lortu dugu. Maila igoz joan da, batez ere hondartza boleibolean”, esan digu Alberto Olaldek, Bizkaiko federazioko arduraduna eta Getxoko Aixerrota taldeko entrenatzailea.

Kategoria federatuaren emaitza onak ez dira kasualitatea. Jokalari guztiak dabiltza honetan txikitatik, eta duela denboraldi batzuk eskola mailan egiten hasi ziren kon-tzentrazioei esker asko hobetu dute, maila honetara heltzea lortu arte. Duela bi aste, Sestaoko La Benedicta kiroldegian kimu mailako lehen jardunaldia egin zen eta pasa den larunbatean Bilboko Madre de Dios ikastetxeak hartu zuen lekukoa. Kasu horretan, benjamin mailakoen txanda izan zen. Kategoria horretan hamabost talde daude; aldiz, kimu kategorian 35 dira.

Ikastetxeko zelaia lautan zatitu zen eta hainbat partidu jokatu ziren goizeko 10:00ak eta eguerdiko 13:00 bitartean. Urtean zehar zazpi kontzentrazio egiten dira hainbat udalerritan eta guztietan azken jai giroko eguna ospatzeko aitzakia izaten da. Talde guztiak elkartu eta opariak banatzen dituzte haien artean. “Azken urteetan, eskola boleibolak hazkunde handia izan du, baina orain zifra egonkortu egin da. 40 talde izaten gara, gutxi gora behera. Klubei dagokienez, berberek jarraitzen dugu: Aixerrota, Sestao, Galdakao, Lekeitio eta Madre de Dios”, esan du Olaldek.

Klubez gain, Bizkaiko ikastetxeetan sustapen lana egiten ari gara eta leku askotan entrenamendu taldeak sortzen ari dira, oraindik ere lehiatzen ez dutenak. Alberto Olaldek egoera azaldu digu. “Hainbat ikastetxetan egin ditugu sustapen jardunaldiak, hala nola La Salle, Irlandesas eta Gallartan. Eta taldeak sortu ditugu. Zallako guraso elkarte baten deia ere jaso genuen. Erakustaldi bat egiteko eskatu ziguten, eta emaitza positiboa izan zen. Egia esan, ez da lan erraza ikastetxeetan sartzea, tradizio handiagoko kirolak finkatuta egoten direlako, hala nola futbola edo saskibaloia. Getxoko Aixerrota taldearen kasuan, ikastetxeetan taldeak sortzeko asmoz etortzen zaizkigu, baina haur nahikorik ez badago, ezinezkoa da”.

Hasieratik neskak izan dira boleibolean ibili direnak, nagusiki, eta gaur egun ere haiek dira gehiengoa. Mutiko batzuk ere hasi dira kirol honekiko interesa adierazten, baina oraindik gutxi dira. “Mutikoek boleibola atsegin dute, baina ikastetxeetan egoten den arazo bera ematen da. Ez badago tradiziorik, ez dute praktikatzen. Errazagoa da futbolean jokatzea, tradizio handiagoa baitago. Edonola ere, argi daukaguna zera da: boleibola probatzen duenak, gustuko izaten duela. Neskek benetan maite dute, baina kontuan izan behar dugu nesken futbola ere gogor datorrela”.

Esan dugun moduan, maiatzean hondartzako boleibol jardunaldiak izango dira, eta jokalariak momentu hori heltzeko irrikan egoten dira. Hondartza ezberdinetan zelaiak antolatzen dira eta talde guztiek ederki pasatzen dute. Bitxikeria moduan, esan behar dugu hondartzarik ez den herrietan, hala nola Sestaon edo Galdakaon, egokitutako harea zelaietan entrenatzen dutela. Are gehiago, Galdakao izango da neguko hondartzako boleibol zirkuituko lehenengo egoitza. Berriki sortutako ekimen hau nazioarteko txapelketa bat da. Abenduaren 6an jokatuko da eta leku askotako selekzioak etorriko dira, hala nola Portugal, Frantzia eta estatu mailako hainbat lekutakoak ere. Bederatzi proba eta final bat izango dira. Parte-hartzaile asko gerturatzea espero dugu.

Apurka-apurka, eskola boleibola bere lekua hartzen ari da. Emaitza onak harrobian egindako lan gogorraren emaitza dira. Klubak indartsu daude eta agian zaila izango da ikastetxeetan sartzea, baina ziur gaude urte batzuen buruan talde gehiago egongo direla.