BILBO. Hain zuzen, parte hartzaileak 11:00etan irtengo dira Santurtzitik, eta Bilboko Kale Nagusiko helmugara iritsiko dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean.

Itsasadarraren ertzetik 15,8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, Portugalete, Sestao, Barakaldo, Lutxana, Zorrotza, Deustu eta Abando Ibarran barrena. Ibilbidea, gehienez, bi ordutan egin beharko da.

Lasterketan 9.000 euro baino gehiago balio duten sariak banatuko dira zortzi kategorietako irabazleen artean. Santurtzitik Bilbora lasterketa 1989an hasi zen, eta orain arteko egindako edizioetan, Abel Antón, Martín Fiz, Alberto Juzgado, Ronald Kipchumba edota Hafid Mhamdi mailako atletek parte hartu dute.

Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirola Saileko zinegotziak Santurtziko Udalaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du lasterketaren aurkezpenean.

"Horri esker, Santurtziko Atletismo Taldearen esperientziarekin nahiz babesleen laguntzarekin batera, azaroaren azken igandean hain berezia den lasterketa horren beste edizio bat ospa dezakegu beste urte batez", esan du.

Halaber, Danel Bringas Santurtziko Udaleko Kiroletako zinegotziak adierazi duenez, "izaera herrikoiak eta kiroltasunaren espirituak betidanik definitu dute proba hau. Gainera, oso aukera ona ematen digu osasuna zaintzeko eta sasoia mantentzeko, parte hartzaileak igaroko diren inguruen eta herrien ikuspegiaz gozatzen dugun bitartean".