DONOSTIA. Izan ere, duela bi hilabete World Padel Tour ekimeneko arduradunek uko egin behar izan zuten Chiclanako (Kadiz) txapelketa egiteari. Une horretan bertan, World Padel Tourraren antolakuntza beste hiri baten bila hasi zen eta hiri askok erakutsi zuten asmoa txapelketa hartzeko.
Behin ezagututa Donostian Wolrd Padel Tour zirkuitoaren txapelketa egiteko aukera zegoela, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, eta hainbat babeslek (Keler, Kutxabank eta Super Amara) interesa erakutsi zuten Donostian bertan txapelketa egiteko. Hortaz, World Padel Tourraren antolakuntzaren arduradunekin harremanetan jarri ziren eta antolakuntzak Donostia aukeratu du.
World Padel Tour eta erakundeen arteko akordioa hiru urtekoa da eta, ondorioz, Donostiako, Gipuzkoako zein Euskadiko Padel zaletuek munduko jokalari onenak ikusteko aukera izango dute. Gainera, Madrilgo Master Finala Donostiako txapelketaren ondoren jokatuko da.
Behin akordioa lortuta, Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kiroletako, Hiritarren Segurtasuneko eta Gazteriako zinegotzi delegatua pozik agertu da txapelketa Donostian egingo delako, hain zuzen ere, Donostian ere gorantz ari den kiroletako baten txapelketa. "Txapelketa hartzeko aukera eskeini zigutenean, ikusi genuen ezin genuela aukera pasatzen utzi", adierazi du Ibabek.
"Behin eskeintza jasota, erakundeen eta babesleen arteko akordioa lortzen saiatu ginen, eta arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanari esker, txapelketa egin ahal izango da", gaineratu du Ibabek. Gainera, gogoratu behar da, World Padel Tourrak 14 txapelketa dituela eta, besteak beste, Dubai, Monako, Argentina, Lisboa edo Madril bezalako hirietan txapelketak egiten direla.
"Horrelako txapelketak hartzea oso garrantzitsua da hiriarentzat, izan ere, kirolaz harago doazen txapelketak dira: hiria nazioartean ezagutzera emateko aukera paregabea da eta, gainera, ehunka bisitarik astebetez Donostian egongo dira, horrek dakarren guztiarekin eta hiriarentzat izango dituen onurekin", Ibabek azpimarratu duenez.
Hortaz, azaroaren 2tik 8ra, padelaren zaletuek Donostian ikusi ahal izango dituzte munduko padeleko 16 bikoterik onenak, eta besteak beste, Belasteguin, Juan Martin Diaz, Paquito Navarro, Gabi Reca, Lima edo Mieres bezalako jokalariak.