Síguenos en redes sociales:

"Gazte askoren ametsak taldearen desagerpenarekin bat suntsituko dira"

Gorka Gerrikagoitia (Gernika, 1973-12-07) barnetik ari da bizitzen Euskaltel-Euskadi taldearen garai latzak. Herenegunez geroztik formalki daki entitatearen azken denboraldiaren aurrean daudela eta zalegoari merezitako agurra eman nahi dio Espainiako Itzuli gogoangarri bat eginez

"Gazte askoren ametsak taldearen desagerpenarekin bat suntsituko dira"DEIA

bilbao. Euskaltel-Euskadiren azken lasterketa handia izango da hastear den Espainiako Itzulia, eta Gorkak jakin badaki zeregin zaila izango dutela talde historiko honen albuma irudi gogoangarri batekin itxi ahal izateko. Saxo-Tinkoff, Astana edo Movistar bezalako taldeak aurkari gogorrak izango dira, baina marea laranja ez da kikilduko, eta Samuel Sánchezen gidaritzapean gora begiratu behar dutela argi dauka.

Galiziara daramazuen blokea hamaika gudatan egondakoa da, beteranoa eta aditua kontuotan.

Bai horrela da, izan ere Itzuli hau gure helburua izan da denboraldi hasieratik. Samuel eramango dugu lider moduan, gure txirrindularirik onena, adituak diren beste zortzi kidez lagunduta. Fisikoki, gainera, oso ongi iritsi da taldea denboraldiaren puntu onetara.

Itzulia helburu duzuela diozu, baina zein da benetako xedea bertan?

Irabaztea. Samuelek Espainiako Itzulian hirugarren eta bigarren egin izan du, eta hurrengo urratsa besterik ez zaio falta. Aurten ez du Tourra egin lasterketa hau presta-tzeko eta inoiz baino egoera hobean egingo dio aurre. Goi-mailako txirrindularia da Samuel eta irabazteko gaitasuna dauka, nahiz eta soberan dakigun ez dela batere erreza izango.

Podiumera ez igotzea, beraz, huts egitea litzateke?

Lasterketa nola doan ikusi beharko dugu lehenbizi, zaila da galdera hori orain erantzutea. Dezepzioaz hitz egitea ez da polita eta helburua lortu ezean balorazio bat egin beharko dugu ongi zer egin ez dugun azter-tzeko.

Nibali, Valverde eta Purito gainon-tzekoen gainetik daude kinieletan.

Uste dut Nibali dela momentu hauetan indartsuena pelotoi osotik. Espainiako Itzulia irabazita dauka berak, Valverdek baita ere, baina italiarra aurten Giroa irabaztetik dator eta oso ondo agertu da. Hura da faborito nagusia, baina ikusgarria izango da goiko postuetarako guda eta Euskaltek ere bertan egotea espero dugu, nahiz eta jendeak ez duen Samueletaz hainbeste hitz egiten.

Gogoko duzue aurtengo ibilbidea?

Bai, nahiko antzekoa da iaz proposatu zuten ibilbidearekin alderatuta eta berriz ere goian bukatuko diren etapa asko dauzka, kilometro gehiegi ez dituztenak. Urduritasuna izaten da nagusi horrelako amaieretan, eta uste dut horrek gure alde egingo duela. Igor Antonek eta Mikel Nievek etapak irabazteko aukerak izango dituzte, eta nola ez, Samuelentzako ere nahiko egokia da.

Taldearen desagerpenaren berri jaso duzue jada formalki. Lasaitasuna ekarri al du horrek frogari begira?

Jaso dugun berria ez da inondik inora positiboa izan, baina guztiok genuen argi ziurtasuna zalantzaren gainetik nahiago genuela. Argi dago ez dela egoerarik egokiena lasterketa honi aurre egiteko baina taldekide oro kontzientea da egoera eta animikoki bete-betean zentratuko da Itzulian egunotan.

Sorpresa izan zen zuentzat Euskaltelen jakinarazpena?

Egia esan, nahiko ustekabean harrapatu gintuen, hurrengo urterako proiektua bideratuta zegoen eta kirol arloan 14 txirrindulari ditugu kontratupean, taldea osatzen duten gainontzeko auxiliar, laguntzaile, zuzendari etab. -ak ahaztu barik, baina enpresak arazo ekonomikoak mahaigaineratu zizkigunean egoera oso larria zela ulertu genuen. Iragarpen ofiziala jaso genuenerako prestatuta geunden, tamalez.

Taldearen desagerpenak zer nolako oihartzuna izango du euskal kirol panoraman?

Kolpe handia izango da euskal kirolarentzat, taldea gazte eta kirolari askoren erreferentzia eta ispilua izan da eta urte askotan. Askoren ametsak gure taldearen desagerpenarekin suntsituko dira eta horrek albo kalteak sorraraziko ditu, ez bakarrik gure inguruan, beste talde eta kategoria ezberdinetan ere bai. Berri honek ezengokortasun gehiago sortuko du kirol honen munduan.

Talde laranjarekin Euskadin errotu den sentipen hori berreskuratzerik dagoela uste duzu?

Ez dakit, Euskaltel-Euskadi denon taldea izan da Euskal Herrian, gure izena mundu osora zabaldu du proiektu honek eta hori egun batetik bestera bukatuko da. Ez da batere erraza izango taldearen bukaera, inondik inora nahi ez genukeena. Talde honek, politikatik aparte, ideologia guztiak bildu ditu, ez du inolako bazterketarik egin eta uste dut zaila izango dela horrelako beste egitasmo bat edukitzea gurean.

Zer mezu bidali nahiko zenioke euskal zalegoari?

Hemendik eta denboraldi bukaerara arte gure esku dagoen guztia egingo dugu zintzotasunez gauzak ahalik eta hobekien egiteko, Espainiko Itzulitik hasita. Zaleei bukaera arte animatzen jarraitzeko eskaria egin nahi diegu eta, ostean, txirrindulari eta kirol polit honetaz ez ahazteko, oroitzapenek merezi dute eta.