Noraeza existentzial eta sentimentalari barreka

Narrazio generoan salto txiki bat eman eta bere lehen eleberria idatzi du Bertol Arrietak. 'Gezurra berdaderoa' du izenburu liburuak eta 44 urteko gizon baten bizitza "xelebrean" oinarrituta dagoen komedia erotikoa da

19.10.2021 | 13:58
Bertol Arrieta bere azken lana eskuartean duela

ZARAUTZEN irailaren amaieran ospatutako Literaturia jaialdian aurkeztu zuen Bertol Arrietak (Zarautz, 1975) bere azkeneko liburua. Elkar argitaletxearekin kaleratutako lana da eta idazlearen eta Xabier Mendiguren editorearen esanetan komedia erotiko samarra izateaz gain nahiko "adar jotzailea" ere bada. 44 urteko Koldoren istorioa dakar Gezurra berdaderoak.

Liburu bat idazteko asmoarekin euskaltegiko lana behin behinean utzita duela, andregaiak abandonatu egingo du Koldo "ganora eta konpromiso faltagatik". Bikotea galtzearekin batera etxerik gabe ere geratuko da eta egoerari aurre egiteko saiakeran, pizzak banatzen eta pisu konpartitu batean bizitzen hasiko da, horrek ekarriko dizkion pasarte guztiekin. Halaber, hiru emakume ezberdinekin dituen harremanak ere ageri dira istorioan, "bakarrik egoten etsi ezinik, norbaitekin enredatu nahiko lukelako, eta dantzan ibiliko da hiru emakumeren bueltan: Nagore, bere pisukide eder eta malenkoniatsua, Frida artista bizizale eta misteriotsua; eta Ester bere betiko neska-lagun amultsu eta zentzuduna".

Konfinamendu betean idatzitako liburua da honako hau. Pandemiak 50 egunez etxean sartuta egotera behartu gintuenean, nolabait egoerari "umorez" aurre egiteko sortu zuen Koldoren pertsonaia, "bere kontura barre egiteko" eta nolabait ere buruari lagun-tzeko alegia "lehoi bat kaiola batean sartuta" bezala sentitzen baitzen idazlea. Ondorioz, asmo hori behintzat lortu duela esan daiteke, askoren arabera "euskal literaturan gutxitan dastatu daitekeen umorea" nabari delako etengabe liburuaren orrialdeetan.

Hainbat kapitulu laburrez osatuta dago Gezurra berdaderoa. Itxialdian egun bakoitzean kapitulu bat idazteko erronka jarri zion Arrietak bere buruari. Horiek eleberria izaten amaituko zutela argi izan gabe ekin zion idazleak Koldoren istorioa garatzeari: "hasieran ipuin luze bat izango zela uste nuen, baina istorioa luzatzen joan da nahigabe eta azkenean eleberria bihurtu da". Lagun bati gertatutako pasarte bitxia da istorioaren abiapuntu nagusia eta lagunei eta ezagunei entzundako edota liburuetan zein telebistan ikusitako pasarte ezberdinetan inspiratu da liburua idazterako orduan. Era berean, hurbil sentitu ahalko du irakurleak narrazioa, pasarte guztiak Zarauzko eta Donostiako kaleetan barrena gertatzen direlako.

Istorioa lehen pertsonan kontatuta dagoen arren eta pasarte autobiografiko gutxi batzuk agertzen badira ere, istorioa fikzioa da goitik behera, "eta eskerrak", ez baitira gutxi protagonistari gertatzen zaizkion komeriak. "Fundamentu gutxiko" pertsonaia da Koldorena, superstiziozoa, hipokondriakoa, ameslaria eta apur bat inozentea. Aitzitik irakurleak pertsonaiarekin erraz enpatizatuko duela uste du idazleak, besteak beste, Koldok "gizon gehienok bizitzako uneren batean bizi izan dugun noraeza existentzial, sentimental eta sexuala" azaleratzen duelako. Aipatutako ideia horren kontura barre egin nahi izan du liburuaren bitartez.

PREKARIETATEA AGERIAN

Umorea eta parodia nagusitzen badira ere egun gizartean ezagunak diren tragedia txikiak ageri dira Gezurra berdaderoa-n. Esate baterako, protagonistak pizzak banatzen dituen bitartean sufritzen duen prekarietatea gaur egun langile askoren eguneroko ogia bilakatu da. Dena den, 'tragedia' txiki horri ere komedia kutsua ematea lortu du idazleak, honen arabera, "Koldok egoera hori sufritzearen errudun bakarra Koldo bera delako" honek hartutako erabakien ondorioz.

Nahitaez bilatutako mezurik ez da ageri narrazioan, ostera nahigabe azaleratzen diren ideiak topa daitezke. Adibidez, Xabier Mendiguren editoreak liburuak bizipoza transmititzen duela dio, Arrietaren ustetan "bizitzaren burugabekeriak erakutsi izan direlako istorioan zehar eta burugabekeri horiek ere bizitzaren edertasunaren parte ere badirelako".

Ez bakarrik literaturan

Idazteaz gain, zinemagile, gidoigile eta informatikaria ere bada Bertol Arrieta zarauztarra. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle eta ikertzaile aritu zen hainbat urteetan. 2003. urtean hasi zen idazten eta What a Wonderful World lehen narrazioarekin Donostia Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuen. Geroztik hainbat lan kaleratu ditu: Alter ero (2012) eta Txikira beti hordago! (2004) ipuin liburuak idazteaz gain, Besarkada bat, behar bada (2019) eta Bi doberman beltz (2019) narrazioak ere argitaratu ditu.

Zineman ere aritu da Arrieta, Itsaso urdin bertikala (2007) eta Zorrak Zor (2017) film laburretan zuzendaritza lanak egin ditu eta Urteberri on, Oswaldo film laburraren gidoia idatzi zuen, Imanol Rayo zinegilearekin batera.

noticias de deia