Vardzia-ko haitzulo-monasterioa

Ehundaka urtetako gotorleku bitxiak eta etorkizunera lotu nahi dien azpiegitura erraldoiak, dena nahasten da egungo Georgian

13.10.2021 | 09:18
Vardzia-ko haitzulo-monasterio ikusgarria

HAIZEA gogor ari da jotzen alde batetik bestera, batzuetan albo batetik, besteetan kontrakotik eta tarte luzeetan zehar nire muturren paretik. Aurpegira dator zuzenean aizto bat bezain zorrotz eta mailu bat bezain bortitz urruneko mendi elurtuetatik. Alde guztietatik bai, baina bizkarretik inoiz ere ez, Eolok nire norantza zein den jakin eta adarra jotzen egongo balitz bezala. Lan nekeza da inguru hauetan bizikleta errepideko zulo ugarietatik urrun mantentzea, are gehiago alportxetako zama eta haize zoroa batuz gero.

Zuhaitzik gabeko lautada amaigabean poliki-poliki noa pedalei eragiten, Tourmaletean gora joango banintz bezain motel. Zoritxarrez, mendiko portuetan ez bezala, haizearen kontra zabiltzanean ez dago aldapa beheraka hasten den une gozagarririk. Hondeamakina bat agertu da errepidearen hegoaldean. Handiegia dela otu zait, eskalatik kanpo inguruan ikusten diren herrixka eta azpiegitura xumeak kontuan izanda. Pixkanaka kamioiak, garabiak eta hondeamakina geroz eta handiagoak agertzen hasi dira, lurrari barrenak husteko prest dagoen kuadrila handi bat osatzeraino. Eraikin txiki baten inguruan daude pilatuak, herri apal bateko tren geltoki xume bat izan daitekeenaren inguruan, hain zuzen. Photoshop bidez egindako argazki bat ikusi dut halakoan. Ikaragarrizko tren geltokia egin behar dute bertan, ezerezaren erdian. "Hemen ere ziri ederra sartu diete AHTren kontuarekin", pentsatu dut nire artean.

Errepideko zulo batera bota nauen haize ufada batek nire pentsamenduetatik atera nau. Tren geltoki izugarriaren misterioa alde batera utzi eta haizearen kontrako borrokari ekin diot berriz ere, erabat kontzentratuta.

Akhalkalaki herrira iritsi naizenean, azken kilometroetan haizearen nahietara mantendu nauen Javakheti-ko goi-lautada amaitu egin da niretzat. 2.000 metrora hotzak akatzen izan nauen lautadatik ihesean hasi naiz Paravani errekak ordokiari egindako arrakalan zehar. Kilometro batzuk egin ostean, harkaitz batetik maisutasunez zelatatzen nauen gaztelu baten azpialdeko bidegurutzean geratu egin naiz. Mapa atera, nire apunteak berrikusi eta errepideko seinaleak aztertzen jarri naiz, euren mezua deszifratu nahian. Ez da batere erraza georgiar alfabetoz idatziriko kartelak irakurtzea eta hemen, Georgiaren bihotzean, hiriburu kospomopolitatik urrun, bertako alfabetoa da bakarra eta nagusia.

Turkiako lurretatik datorren Kura errekan gora joan naiz, bi aldeetan mendi ertainez babesturik. Goiz osoan zehar oskarbi agerturiko zeruari umorea aldatzen hasi zaio eta laino ilunak ekartzen hasia da ziztu bizian Eolo gaiztoaren laguntzaz. Indar-hustutzen ari naizenez, errepide bazterreko itxura eskaseko jatetxe batean indarberritzea erabaki dut. Janariaren zaporeaz eta kopuruaz dena den ez dut inolako kexurik, nire tripako zuloaren neurrikoa izan baita. Khinkali platerkada ederra atera didate, arkume haragi txikituz eginiko ravioli antzeko batzuk.

Tripa astunarekin eta zerua inpernuko ateen traza hartzen hasia delarik, martxari ekin diot. Nora noan esan ez badiot ere, zerbitzariak "ten kilometers" oihukatu dit ingelesez, Tbilisi hiriburutik kanpo nekez topatu daitekeen hizkuntzan. Zerbitzariak bazekien bai nora noan, Georgiako gune turistikoenetako bat inguru hauetan baitago, Vardziako haitzulo-monasterioa.

Aterpe eta hotelen kartelak ugaritzen hasi direnean eskubi aldeko mendi-magaleko harkaitzean puntu ilun mordoa ikusten direla ohartu naiz. Errepide bazterrean geldiune txiki bat egin behar izan dut begi aurrean dudanari zentzua eman ahal izateko, Vardziako haitzulo-monasterioa zaila baita ulertzen lehen begi kolpean. 500 metroko luzeeran zehar hedatzen den sator zulo erraldoia, bere garaian 6.000 gela inguru omen izan zituena, harkaitzean erreminta xumeez eta izerdi askorekin egindako hiri labirinto erraldoia da.

Orain dela 800 urte hiria bor-borka (eta mongolen inbasioen beldur) zegoenean zuen bizia ez badu ere, gaur egun bertan bizi diren laupabost monjeek eta bisitan datozen turista mordoek garai oparoen inurritegi itxura ematen diote lekuari.

Txundigarria den labirintotik kostata (eta irteerako geziei esker) atera ostean, eurijasa atertu bitartean tiket salmentako etxolaren ondoan gotortu naiz. Bertako saltzaileak harrotasunez Georgiako milaka urtetako historia zirraragarriaz hitz egin dit, euren hizkuntzaz, berezko alfabetoaz, erlijioaz, Vardzia bezelako harribitxiez€ Dena iraganean eta nostalgia puntu batekin baina. Etorkizunari buruz galdetuta, aurpegia piztu egin zaio eta berriz ere munduko erdigunera itzuliko direla azaldu dit. Europa eta Asia lotuko dituen zetaren bide berriaren erdian daudela eta trenbide berri bat eraikitzen ari direla azken urteotan... Hara, ezerezaren erdian topaturiko tren geltoki erraldoiaren misterioa argituta. Misterioaz gain, zerua ere apur bat argitu denez, bideari ekin diot, kontu zahar eta berriak nahasten dituen herrialde interesgarri honen barrenak ezagutzen jarraitzeko asmoz.

noticias de deia