Oihana Iguaran, idazlea

Oihana Iguaran: "Askotan gertakaria baino garrantzitsuagoa da gertatu den horrek nola eragiten digun"

'Hormak' lehen eleberria plazaratu du Oihana Iguaranek. Institutuko horma batean agertutako pintada batetik tiraka ondu du gazteen bizipenen bueltako istorioa

09.05.2021 | 09:51
Lehen eleberria argitaratu du Oihana Iguaranek

Plazara kantuz, eta boteprontoan sortutako hitz jario bidez, agertu ohi da Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, Gipuzkoa, 1991) bertsolaria. Oraingoan, ordea, hitzei paperean eta patxadaz ondutako sorkuntza bidez eman die bide. Lehenbizikoz, literaturaren bidea urratzen hasi da Iguaran, Hormak eleberriarekin. Liburuaren abiapuntua, baina, 2018ko Ahalduntze Bertso Eskolan kantatutako gai batek markatu du.

Liburuak kanturako gai bat du ernamuin: "Institutuko horman pintaketa bat agertu zen, non neska baten izena ageri zen, eta atzetik 'puta' iraina". Garaian, zer kantatu zenuen?

- Ez naiz gogoratzen zein pertsonaia tokatu zi-tzaidan, garbitzailearen paperetik edo begiratu behar izan nion. Ikusi nuen pintada batek ematen zigula bidea ezkutuan edo nahiko sotilki gertatzen diren beste mila antzeko seinala-tzeko moduez hitz egiteko. Iruditu zitzaidan oso adibide ona, oso abiapuntu ona hitz egiteko horretaz denaz. Gerora, pertsonaiak irudikatzen hasi nintzen eta aukeratu behar izan nuen, eta pentsatu nuen gazte literaturako egokia izan zitekeela. Ziur aski nik adin horretan asko eskertuko nukeelako horrelako gauzez hitz egingo zuen liburu bat eduki izana.

Zergatik da garrantzitsua gazte literaturan aldeko hautu hori?

- Nik gazte literatura ez dut ulertzen gazteen-tzako bakarrik, edo helduentzako txiki geldi-tzen den literatura bezala; ulertzen dut denei ukitzen gaituzten gaiak direla, baina gazteek hartzeko moduko hizkuntzara eta beraiek har-tzeko moduko adibideetara ekarrita. Hortaz, hasteko nik 30 urte bete ditut, eta niri asko interesatzen zaidan gai batez idatzi dut. Beraz, ulertzen dut nire adineko jendeari ere interesatu dakiokeela, baina akaso, bereziki adin horretan horrelako kasuak ez daude batere urruti. Nerabeei hitz egiteko kokatu dut institutu batean. Gerturatzeko modua hori izan da.

Gazteak dira protagonista liburuan, noski. Baina helduen ahotsak, kezkak, zalantzak ere ageri dira€

- Iruditzen zitzaidan interesgarria zela planteamendu hori nerabezaroan badirudielako bi fronte ezberdinetan bereizita daudela seme alabak eta gurasoak, eta gero askotan zalantza antzekoak konpartitzen ditugu nahiz eta bi posizioetan egon. Askotan gertakaria edo zer gertatu den baino garrantzitsuagoa da gertatu den horrek nola eragiten digun, gertatu den hori nola bizi dugun edo nola sentiarazten gaituen. Askotan berdin du arrazoia zeinek daukan, baizik eta nola mugitzen gaituen. Hor jarri nahi izan dut fokua. Hor dago gakoa elkar zaintzeko eta errespetatzeko, eta uste dut nerabezaroan ariketa handi bat izaten dela hori.

Ikuspuntu ezberdinetan kokatua, eta muinean gertakaria. Pintada: "Lea Puta". Hormak izan daitezke istilu eta bihurtu daitezkeela ispilu. Izan ere, pintaketa ez da pintaketa hutsa€

-Noski, bestela pintaketa batek ez gintuzke hain sakon astinduko, hitz horrek ez baleuka karga sinboliko bat eta horrek denak mugituko ez balitu beste gizarteko egitura batzuk. Azkenean horma txiki pila bat dira gure inguruan eta gure aurrean daudenak, askotan sotilki, eta batez ere bere pausoa mugatzen sumatzen ez dituenak ez ditu ikusi ere egiten horma horiek. Pintaketa hori bazen modu fisiko bat azaleratzeko sinbolikoki eta sotilago presentzia handia daukan indarkeria.

Indarkeria agerian utzi, ezkutuan pasa ez dadin€

- Bai, edo askotan ere txikikeriatzat hartzen dugu. Askotan hitz egiten da matxismo/ mikromatxismo esaten zaie, eta txikia. Eta pentsa-tzen duzu, beno txikia izan daiteke eraso maila, baina oinarrian gauza bera dauka eta gainera eraso txiki horiek babesten dituzte edo hauspotzen dituzte handiago batzuk. Uste dut hori urte askotan ikasten joan garen gauza bat dela eta iruditzen zitzaidan puntu on bat gure bizitzan egunero presente dagoen gauza bat delako eta gazteenak ere hasten direlako oso goiz horrelako gauzez jabetzen. Hitz horiek baliatzen ditugu karga sinbolikoaz konturatu gabe. Jabetu gabe horrek benetan zer eragin dezakeen, eta pertsona baten bizitzan zenbateraino eragin dezakeen astindu bat. Ez zait iruditzen txikikeriak direnik, nik uste dut horrek ematen dizula bidea beste guztirako. Gazte horiek ere egunero ari direla negoziatzen horrelako egoeren aurrean, eta zentzu askotan gu baino nahiko erneago edo gu baino prestatuago daude.

Denok eragiten gaituen gizarte eta egoera baten bizi gara, hormak denon bueltan daude eta denok altxatzen ditugu norbaiten aurrean. Asmoa da ikastea nola bizi horrekin, nola zabaldu pixkanaka, nola bota oztopatzen gaituzten horma horiek. Leziorik eman gabe, eztabaida bat zabaltzea. Niri gustatuko litzaidake irakurtzen duenak tiratzeko hari interesgarri batzuk aurkitzea. Ez hainbeste erantzun perfektu bat, baizik eta galdera interesgarri batzuk.

Horma fisiko batez aritu zara liburuan, baina beste horma asko ere badaude gure artean. Horiei ere heldu diezu.

-Bai, ispiluak dira. Ispilu honek indarkeria eta elkarrekiko harremanetan bazterkeria, eta askotan oharkabe pasatzen diren gai ugari, azaleratzen ditu. Bestetik ere ikusten dut interesgarria dela hitz egitea harremantzeko daukagun moduaz, isiltasunek daukaten kargaz. Hau da, gauza bat esaten dugunean guk esan dugun intentziotik harago, besteak nola hartu dezake? Askotan ez delako zein hitz esan duzun, baizik eta besteak nola jaso duen.

Horma horiek inkomunikazioaren isla ere izan daitezke, nerabe eta helduen arteko murruen isla.

-Bai, hori da lehenengo horma ikusten duguna, nerabeak eta helduak bereizten dituena. Badago negoziazio bat norbere posizioarena, benetako kezkez eta benetan inporta zaizkigun gaiez hitz egiterakoan ikusten da gazteek ze oztopo dituzten: zeini kontatu kezka horiek? Batzuetan ez daukate espazio segururik benetan sentitzen dutena adierazteko. Hor ikusten da batzuek zein presio sentitzen dituzten. Baina, beste alde batetik, hiperkomunikazioa ere badago, batez ere sare sozialen bide. Bueltan dator. Justu komunikazio guztiak patrikan dauzkate, milioika sare dituzte eta komunikatuta daude uneoro, eta, aldi berean, falta zaie norbait ondoan ulertu ahal dituena edo lasai kontatzea daukatenari nola sentitzen diren.

Eta, aldi berean ere, gazte literaturaren aldeko hautua egin duzun. Kasu gutxi egiten zaion talde bat da, gizartean zein literaturan?

-Bai. Askotan gazte hauek hartzen ditugu ume-tzat, eta iruditzen zait gauza askotan helduen bizimodua egiten ari direla. Zentzu askotan helduek dauzkagun gatazkak bizitzen ari dira, eta akats bat da umezarora mugatzea. Bestetik, literatura mailan, bai iruditzen zait askotan bigarren mailako zerbait dela, badirudi helduentzat ez duela balio. Kasu honetan nik ere uste dut hari mordo bat daudela hor zintzilik eta batzuk iritsiko dira hiru harrapatzera, beste batzuek aurkituko dituzte 20€ eta ez du zertan adinen arabera izan.

Egilearen ikuspuntutik, nolakoa izan da idazle posiziotik aritzea?

-Asko gozatu dut. Idaztea asko gustatu zait, eta idazteko ohitura badaukat, nahiz eta eleberri forman lehen aldiz gorpuztu den. Pertsonaia bakoitzeko narratzailea aldatzen joan naizenez eskatu dit ahalegin berezi bat hizkuntza mailan, ahots mailan€ eta hori lantzea barrutik. Eta ez dakit asmatu dudan ala ez. Uste dut erronka handi xamarra jarri nuela, edo igual espektatiba gehiegitxo jarri nizkiola nire lanari. Ziur aski nahi nuen punturaino ez dut lortu eramatea, baina uste dut lortu ditudala gauza batzuk.

Ariketa izan da pertsonaia askorekin. Enpatia ariketa bat ere?

-Bai. Garrantzitsua da hori, eta nerabezaroan helduoi ere falta izaten zaigu ulertzea zein mundutan bizi diren, eta zein intentsitatean bizitzen duten mundu hori. Askotan horrek baldintzatzen du zein erantzun ematen dugun momentuan.

Halere, normalean bertsotan aritzen zara. Oso ariketa ezberdina paperean idaztea€

-Bai, bai. Ideiak eta abiapuntua bertsotan suertea daukagu pertsonaien lanketa egiten dugula. Nahiz eta bat-batean kantatzen duzunez, gero askotan pentsatzen duzu: Baina pertsona horrek nola biziko luke hori benetan? Bertsoak gure egunerokotasunean errealitate ezberdinekin enpatia lantzeko aukera ematen digu. Ezberdintasun nagusia da bertsotan ezin dugula atzera itzuli eta aldatu edo konpondu. Hori alde batean muga da, baina beste alde batean ere muga bihurtu zait idazten noiz bukatzen den. Etengabe ikusiko diozu zer hobetu, eta momentu baten eman behar duzu bukatutzat.

Horma fisikoei buruz ere zuk kokatu duzu pintaketa iraingarri hori. Egia da ere hormek ez dituztela ere irainak bakarrik gordetzen€

-Eta zorionez orain muralak ere. Baina aztertuko bagenitu horma publiko gehienak, eta hor komunetako ateekin ere gertatzen da. Espazio publikoa zeinek marrazten du eta zeinek margotzen du? Zein mezu daude? Eta, batez ere, zeren mezuak daude eta zeini eraikitzen zaizkio hormak mezu horietatik?

noticias de deia