Ander Iruretagoiena, 'Nahiak' telesailaren zuzendaria

"Gure asmoa da politikoki zuzenak ez izatea, estereotipo denekin apurtzeko"

Ahaztuak dauden kolektiboei ahotsa eman nahi die 'Nahiak' telesailak. Apirilean zehar izan dituzte grabaketak Donostian eta Bideon aurkeztuko dute proiektua, proposamen gehiagoren esperoan

23.04.2021 | 13:52
Apirilean grabatu dute 'Nahiak' telesailaren kapitulu pilotoa.

Nahiak telesailaren zuzendaria da Ander Iruretagoiena zarauztarra (1994). Bulgarian jaio zen zarauztarra. Orain arte esku artean izan duen proiekturik anbiziotsuena da Nahiak: "norberaren senari entzuteko eta kasu egiteko telesaila". Gehitu elkartearen laguntza ere badute, eta Tabakaleran aurkeztuko dute, ETBren eta ekoiztetxeen aurrean. Era batera edo bestera, telesailari irtenbidea emango dioten ziurtasuna dauka.

Zerk piztu zuen zure nahia?

-Lankide batek komentatu zidan ideia, eta nahia piztu zidan proiektu potentea zela eta gogoa nuela gizartean ahaztuak dauden kolektiboei ahotsa ematea. Hori da nahirik handiena.

Gizartean ezkutuan dauden nahiak direla esango zenuke?

-Bai, eta uste dut beharrezkoa dela horrelako istorioak kontatzea normalizatzeko.

Ezkutuan mantentze horrek baztertu ere egiten gaitu, agian.

-Bai, baina askotan ezjakintasuna da gehien baztertzen gaituena. Nire ustez, ezezaguna denarekiko beldur gara, akatsak egiteko beldur. Baina egin egin behar dira, aurrera egin nahi badugu. Babes handia dugu mota honetako proiektuak aurrera eramateko baina, era berean, historia 'arriskatuak' kontatzen ari gara. Guzti hori kontuan izanda ere, beharrezkoa da.

Dena den, gidoia idazterakoan kolektibo ezberdinekin kontaktuan jarri eta ikerketa lan bat egin duzuela pentsatzen dut.

-Hala da, bai. Joan den urtean hasi ginen gidoia idazten, eta prozesuan lehendabizi protagonistarekin kontaktatu genuen, Vera Alonsorekin. Gidoia bidali genion, istorioa erreala zen jakin nahi genuen. Azken batean, bera da protagonista eta berak bizi du bere transexualitatea egunerokotasunean, eta gure helburua da istorioa ahalik eta errealena izatea.

Gizarte kritika ere badu 'Nahiak' telesailak.

-Bai, noski. Protagonista da Itsaso, emakume transexuala, eta kontatuko duen historia da 22 urterekin Itsasok nola bizi duen gaztetasuna. Laster unibertsitatea amaituko du, gogoa du bidaiatzeko, mundua ezagutzeko, jendea ezagutzeko, baina arazo batekin egingo du topo. Bere bikoteak esaten dion zerbaitek bizitzarekiko duen perspektiba osoa aldatuko du. Bere identitate pertsonalean eta heldutasunean ere eragina izango du.

Gizarte kritika hori beharrezkoa da?

-Zer litzateke herri bat gizarte kritika gabe? Menpekoa, agian? Beharrezkoa da kritikoak izatea gizarte hobea izateko.

Eta euskal gizartea kritika hori onartzeko eta hausnartzeko prest dagoela uste duzu?

-Egia esateko, ez dakit hausnartzeko prest dagoen, baina beharrezkoak ditugu euskarazko fikziozko lanak non istorio unibertsalak planteatzen diren, ez bakarrik euskaldunentzat. Beraz, horretan ere kritika bat badago. Ni ados nago euskarazko filmekin, gure sinbologia erabiltzen duten pelikulekin, baina euskaldun bezala aurrera egiteko beharrezkoa da unibertsalak diren istorioak kontatzea, munduko edozein tokitara heldu daitezkeenak. Horrela, posible izango da euskara beste lurralde batzuetan entzutea. Beraz, bada euskaldunoi egindako kritika bat, non 'gu' horretatik aldentzen garen. Horrez gain, galdera bat ere planteatzen dugu: euskara zabaltzea posible dela eta euskal produktu onak eta unibertsalak badaudela erakutsi nahi badugu, zergatik ez arriskatu? Beldur gara, baina gure aurreiritzi eta konplexuek baldin-tzatuta gaudelako. Eroso gauden lekuan gera-tzen gara, eta seriean kontatuko den istorioa euskaldunentzat harrigarria izango da, gure produkzioetan horrelakorik inoiz ez delako azaldu. Baina, era berean, hausnarketarako izango da; alegia, sinbologia edo estereotipoetatik harago, euskaldunak izan bagarela. Uste edo estereotipo horiekin apurtu nahi dugu, serie inklusibo batetik.

Hori guzti hori, umore puntuarekin egingo duzue.

-Hala da. Gure asmoa da politikoki zuzenak ez izatea, estereotipo denekin apurtzeko. Eta izan behar dena izango da.

Arazoak ere kontatuko dituzue, beraz. Arazoei irribarrea jartzea garrantzitsua da?

-Gauzak umorearekin lantzea oso garrantzitsua da. Dena seriotasunetik lantzea iruditzen zaigu apur bat serioegia. Seriearen zuzendaritza egiterakoan ere, bada asmoa naturaltasun bat egotea. Askotan kosta egiten zaigu hortik ateratzea, politikoki zuzenak izan nahi dugulako.

Beraz, serieak izango duen ikuspuntuari dagokionez ere berritzailea izango da?

-Bai, bai, dudarik gabe. Ikuspuntu komikoa izango du 'Nahiak'-ek.

Aktoreek ere gizartearen aniztasuna ordezkatuko dute. Protagonisten profila definitzea eta aukeraketa egitea erraza izan da?

-Kostatu zaigu bereziki aktore bat aukeratzea; hain zuzen eszena arriskatuak eta zailak grabatu behar dituelako. Gure proiektuaren asmoa transexualitateari garaiotan duen ikusgarritasuna ematea da.

Gizartean normalizatuta ez dagoen zerbait denez, zailagoa da transexualen pertsonaia antzeztea?

-Bai horixe. Aktoreek bazuten beldur hori, ez dakite-eta jendeak nola hartuko duen telesaila.

Nori dago zuzenduta?

-Publiko gazte zein helduari. Baina batez ere gazteei zuzenduta dago, haientzako ez dagoelako euskarazko produktu interesgarririk. Gero eta zorrotzagoa da gazte jendea, eta ez du edozein produktu onartzen. Guk exijentzia hori nabaritzen dugu. Publikoa oso kritikoa da eta harago heldu nahi dugu. Serio hartzen dugun publikoa da.

Grabazioarekin hasi zarete. Aurrera egin ahala erosoago sentitu dira aktoreak?

-Bai. Grabazioarekin hasi aurretik entseguak egin ditugu. Aktoreak ez dira profesionalak. Horietako batek Down sindromea du eta beste batek nanismoa. Beraz, aktore ez profesionalekin lan egitean zailagoa da naturaltasun hori lortzea. Gustuko dute eta asko ikasi dute, hori bai, nik beraiekin ikasi dudan bezala. Pertsonalki lanketa handi bat izan da, nire aurreiritzi horiekin ere apurtzeko.

Azken batean, telesailak tabu asko apurtuko ditu.

-Asko, bai. Gainera, hori da asmoa. Lehenengo kapitulua aurkezten dugunean ea zer nolako erantzuna duen. Ea ekoiztetxeren batek edo ETBk proiektuarekin bat egiten duen.

Erronka honek irakaspen bat ere badakar, beraz.

-Bai, dudarik ez. Proiektua garatuz gero, gure asmoa bada ikastetxeetan ere lantzea. Iruditzen zaigu landu beharreko gaiak direla.

Telesaila izango da, baina webseriea izaten jaio zen. Zergatik aldaketa hori?

-Orain zalantzarik ez dugu telesaila izan behar dela. Asmoa zen websaila egitea, baina labur geratzen ginen eta taldea ere handituz joan zen. Jorge Gil gidoilariari deitu genion eta ikusi genuen beste indar bat eman ziola gidoiari. Horrela erabaki genuen aurrekontu murritza izan arren produktu on bat egiten saiatu behar ginela. Bideok eta Tabakalerak dirua eman zigutenean Santi Rodriguez produktorearekin kontaktatu eta erabaki genuen seriea izatea. Proiektua anbizio handikoa delako.


Aldaketa horrek hasierako proiektuan eraginik izan du?

-Ez, hasieran Sergio Arca eta biok gidoia idatzi genuenean ere asmo hori genuelako. Bideok ere esan zigun birplanteatu beharko genukeela formatua, beraiek ere ez zutelako websail bezala ikusten.

Proiektu anbiziotsuagoa da orain esku artean duzuena.

-Hala da, eta, diru gutxi eduki arren, ilusio handia daukagu. Diru bilketa kanpaina hasi genuen eta ez genuen lortu gure helburua. Hala ere, hemen jarraitzen dugu, burugogor, gure asmoekin.

Orain arteko proiekturik anbiziotsuena da zuretzat?

-Baditut prestatzen ari naizen beste batzuk ere, baina gaur egun arte hau da garrantzitsuena.

Noizko estreinatuko da telesaila?

-Egia esateko, ez dakigu. Bideon aurkeztuko dugu proiektua, baina estreinaldirik ez dugu egingo jakin arte norbaitek proiektua erosten digun. Aurkezpen itxian ekoiztetxeak eta ETB egongo dira, eta espero dugu hortik zerbait ateratzea. Proposamen batzuk izan ditugu.

noticias de deia